«Taula gainean naizelarik berpizten naiz»

Maialen Fauthoux. Antzerkilaria

 

Alejo Moreno Sainz

Alejo Moreno Sainz

Ainize Madariaga
Hazparneko Andereak hitzordua onetsi eta taula-bizia kontatu du. Gaur, Lazkaon ariko da, Gipuzkoan; bihar, bere sorterrian, Miarritzen, ikastolaren berrogei urteen karietara; eta etzi, Izturitzen. Egiten duena egiten du, deliberatu baita egin behar duela, baina, egin ondoan, Maialen Fauthoux (Miarritze, 1978) ttottotzen da egindakoa ontsa prezatzeko.

 

Zu ere Antton Lukuk ziztatu zaitu.
Donibane Garaziko lizeorat terminala errepikatzera joan nintzelarik nuen antzerkiarekin eta Antton Lukurekin topo egin. Errepikatzeaz, nonbait, kontent naiz, ekarri baitzidan antzerkiaren ezagutzea, geroztik sekula utzi ez dudana. Bordelen, antzerki lizentzia ikasi nuen.

 

Esku ukaldi batez hasi zinen antzerkian.
Helene Fouchek, lizeoko dokumentalistak, erraten zigun «ez dituzue asteazken arratsaldeak hola pasako deus egin gabe! Bada antzerkia, zoazte!» eta guk, «bai, bai… joanen gara…», baina ez ginen sekula abian. Behin, eskutik hartu gintuen, eta eraman egin gintuen, Anaiz Funosas eta biok. Lizentzia elkarrekin pasa dugu geroztik, eta Hotel du fronton [Hiru Punttu, 2000] piezan ere elkarrekin aritu ginen.

 

Antzerkia, lan orduez kanpo?
Berez, espainol irakaslea izan nahi nuen, baina, antzerkia agertu zitzaidalarik, antzerkilari izan nahi nuen. Ez naiz sekula ausartu arlo horretan lanaren xerkatzen, ikusirik ene lana jada banuela. Gainera, segitzekotan, euskaraz nahi nuen, eta uste dut horrendako Hegoaldera joan behar dela. Izan ere, ez naiz inoiz gelditu antzerkian aritzetik, baina amateur gisa; Hiru Punttu taldean, Maite Dugulako Miarritzeko elkartean, lagun batekin muntatu piezan, edo berrienik, Iduzkilore elkartearen baitan muntatu Hazparneko Anderea antzezlanean. Berez, Uda Leku elkarteko langilea naiz, 16 urte ditudanez geroztik! Fidela naiz! Orain, Miarritzeko bilguneko zuzendaria naiz; haurrak eguna pasatzeko heldu dira, bakantzetan eta asteazken arratsaldetan.

 

Miarriztar euskalduna zara.
Aita-amak miarriztarrak ditut, aita batere euskal mundukoa ez. Ama, aldiz, borrokan hasi zen ni baino hamahiru urte zaharragoa den ahizparen eskola pribatuan euskara sar zezaten. Hala hasi zen euskaraz. Enekin beti euskaraz mintzatu da, nahiz uste duen mailarik ez duen. Lau anai-arreba gara, eta elkarren artean euskaraz ari gara.

 

Zer magia du Lukuk?
Lizeoan Lukuk proposatzen ditu espazioa erabiltzeko eta inprobisatzeko jokoak. Joko horien arabera, rolak banatzen ditu, eta berantago testua idatzi eta ematen du, nahiz segur aski aspalditik gaia buruan duen.
Lehen kolpean testua leitzean ez da beti dena ulertzen, baina dena esplikatzen du. Hala ere, ez dakit zenbat aldiz antzerkia eman-eta; «A! Baina hori da?», kur-kur-kur! Beti gauza berriak ulertzen ditut! Ene ustez, antzerkian ez da dena zertan ulertu. Zerbait sentitzen edo ulertzen badugu, bikain, gero bertze norbaitek bertze zerbait harrapatuko du eta sentituko, bikain. Ez da larria dena ez badugu konprenitzen; hola dut bizitzen antzerkia. Lantzen hastean, sekulako xantza izan dugu, idazlea gure artean egotea, lizeoan eta Hiru Punttu taldean. Aldi honetan, Monzonen Hazparneko Anderea-ren kasuan ez dugu; alta, batzuetan gauza batzuk galdeginen nizkioke. Egia da beti harritzen naizela lizeoko ikasleen hain maila ona ikustean. Anttonek beti hori lortzen du; harritzen zara zuhaur nola ari zaren eta zein urrun abian zaren.

 

Urrunera, nora?
Hazparneko Andereak erran behar du: «Bene, bene, bene bu promene d’une façon esquisse comme le font les marquis», eta ari nintzen, ez nuela sekula lortuko kaka horren erraten! Hondarrean, landuz, naturalki jiten da, eromenarekin nahasirik.

 

Nornahi ote da antzezle ekarle?
Pentsatzen dut denak gai garela aktore izateko, nahi izanez gero. Etxepare lizeoan antzerki tailerra abiatu dugu, eta sentitzen da batzuek badutela bertzeek baino erraztasun edo jite gehiago, baina, landuz gero, denek egin lezakete. Enbeia behar da horretarako.

 

Eta antzerkiak zer dakarkizu?
Taula gainean naizelarik berpizten naiz; kontent naiz antzerkia ezagutu baitut, zeren eta uste dut bera gabe triste nintzatekeela. Justuki horren aipatzen ari ginen Maider [Beheran] eta biok, eta erraten zuen gure bizia koloreztatzen digula. Talde lana da, eta azkarra da bizitzen duguna, nahiz egunerokoan ez garen baitezpada harremanetan. Kolore anitz eta arnasa ematen dizkio biziari. Berriz oxigenatzen nau taula gainean ibiltzeak, nahiz gero lehertua naizen!

 

Zer duzu gehienik maite?
Antzerkia ematen bukatu eta, aldi guziez kadira batean jartzen naiz, eta «uaa! Ze ona!». Ez dakit zer den kirolaria izatea, baina pentsatzen dut gauza bertsua litzatekeela maratoi bat lasterkatu eta ondoko sentsazioa. Beti hartzen dute tarte bat jarri eta gozatzeko momentu hori, presioa askatu delarik. Zainak libratzen ditut. Jendearengana joatean, aldiz, jenatua naiz. Bitxia da, zeren eta taula gainean pitoarena egiteak ez dit batere inporta; aldiz, ni, Maialen Fauthoux, jendearekin mintzatzeak jenatzen nau. Antzerkian aritu eta bertze zerbait naiz; lokartzeko zailtasunak ditut, adibidez.

 

Nola ikusten duzu taula petik?
Biziki publiko txarra naiz, ez bainaiz anitz antzerkiaren ikustera joan eta joaten. Nahiz maite dudan, baina ez dut denborarik hartzen.

 

Eta taula pekoak nolakoak dira?
Hazparneko Anderea ematean, tokiaren arabera, Orexan [Gipuzkoa] adibidez, publikoak ez du ber lekuetan irri egiten. Egia da ez dugula sekula ber maneran ematen, antzerkia ez baita zinema.

 

Zuzendaritza lanean ari zara?
Ez dut ber plazera hartzen. Biziki egoista naiz antzerkian! Egun batez uste dut egin beharko nukeela transmisioagatik. Lizeoan egiten dudan lana ikusten dut, eta garrantzitsua zait gazteei ematea euskal antzerkian aritzeko eni eman zidaten ber parada.

 

Zaletasun gehiagorik baduzu?
Marrazten dut, eta kantuz aritzea izugarri maite dut. Haatik, taula gainean ezin dut, biluzik sentitzen bainaiz. Guk taldearekin aritu nintzen behin, eta zinez gaizki pasa nuen. Beharbada, gehiago landu beharko nukeen.

 

Zerekin berpiztuko zara orain?
Iduzkilore taldean bertze antzezlan bat prestatu nahi dugu; bertzalde, Arantxa Irigoien eta biok ari ginen ez ote dugun hirugarren lana ere emanen, ama istorio. Aisitagoa da binaka aritzea, antzerki laburragoa baita, ororen buru; ez da batere ber zama.

 

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude