Uztaritzeko erabakia gibelera bota du Paueko auzitegiak

Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial egiteko erabakia gibelera bota du Paueko administrazio auzitegiak; gaur goizean jakin du Uztaritzeko Herriko Etxeak. Aldiz, hamabost bat egun itxoin beharko dute erabakiaren arrazoien jasotzeko.

 

Uztaritzeko Herriko Etxea. Bob Edme.

Uztaritzeko Herriko Etxea. Bob Edme.

Hilaren 13an iragan zen Uztaritzeko Herriko Etxearen aurkako epaiketa, frantsesa baztertzea leporatuta. Argudio hori behin eta berriro entzun zen auzi denboran Paueko Administrazio Auzitegian, baina, funtsean, ez da deus berririk izan herriko etxearen defentsarentzat. «Ez dugu sorpresarik izan», erran zuen orduan Maite Haran Uztaritzeko axuant eta hizkuntz arduradunak. Hain justu, epaiketaren errepikapena izan zen urtarrilaren 13an: abenduaren 16an egin zuten lehen aldiz, eta, prozedura akats bategatik gibelatuta, berriro egin zuten.

 

Florence Reau defentsako abokatuak azaldu zuenez, espero zuten txostengileak erabakiaren aurkako iritzia erakustea: «48 ordu lehenago idatziz adierazitako bera eskatu du, hau da, herriko etxearen erabakia gibelera botatzea». Gehiago harritu zuen abenduan gertatutakoak. Izan ere, epaiketa lehen aldiz egin zutelarik, txostena herriko etxearen aldekoa zen, baina ahoz irakurtzean alderantzizkoa erran zuen magistratuak. «Prozedura mailan hori ezinezkoa da: horregatik egin da berriz».

 

Haranek ere uste zuen halakoa izanen zela txostengilearen jokabidea, baina ez, ordea, epailearena. «Behin eta berriz aritu da erraten frantsesa baztertuko dugula, baina ez da egia. Ez dugu sekula erran frantsesa desagerraraziko dugunik; bakarrik euskara frantsesaren hein berean ezarriko dugula». Praktikan jada egiten dutela oroitu zuen, gainera: «Galdetu digute euskara ofizial eginez gero dokumentu guziak euskarara itzuli beharko ote genituen, baina hori egiten dugu jadanik». Bertze herri batzuetan eta herri elkargoan ere hala lan egiten dutela adierazi zuen axuantak, eta bide beretik mintzatu zen Reau abokatua ere: «Nahi dugun bakarra da praktikan eta egunero egiten duguna ofizialki egin ahal izatea».

 

Konstituzioaren barnean

Frantziako hizkuntza frantsesa dela dio konstituzioaren bigarren artikuluak, baina bada bertze hizkuntzei lekua ematen dienik ere; erraterako, testu bereko 75.1 atala. Honela dio: «Eskualdeko hizkuntzak Frantziako ondarearen parte dira». Reauk salatu zuenez, ordea, magistratuak ez zuen argudio hori aintzat hartu txostena osatzerakoan.

 

Azkenaldian Frantzian eta nazioartean hamaika aldiz aipatu den adierazpen askatasunari ere egin zion keinua abokatuak epaiketan: «Konstituzioak bat egin beharko luke adierazpen eta komunikazio askatasunarekin, eta dagoen errealitatea kontuan hartu». Hain zuzen, Uztaritzeko herritarren nahia da, haren ustez, euskara hizkuntza ofiziala izatea. «Euskaraz ikasi eta irakasteko aukera dugu, irrati eta telebistak ere baditugu euskaraz, administrazioko dokumentu ugari bi eletan dira… Herritarrei aukera eman nahi diegu haien ama hizkuntza ofizialki erabiltzeko».

 

Auzitegiaren deliberoa ezein izanik ere hartutako erabakia ez dela alferrikakoa berretsi zuen Haranek: «Ez da porrota, zeren eta pentsatzen baikenuen erantzuna ezezkoa izan zitekeela». Bertze udalerri batzuk urrats bera egitera deitu zuten: «Beharbada aitzindariak garelako erran digute ezetz, baina lortuko dugu».

 

 

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude