«Harremana dut gehienik maite; hori da ene lan tresna»

Beñat Hargindegi. Donapaleuko drogeriazaina

Beñat Hargindegiren (Donapaleu, 1962) drogeria laminen harpearen parekoa da: nehork ez daki xuxen zer baden, baina behar duen altxor hori atzemanen du. Apaltasunez bada ere, sekulako presentzia du: karrika nagusiko espaloia saskiz apaindua bada, orok dakite drogeria zabalik dela. Nornahik bere doikoa atzemanen du, baita solasa ere.

 

Ainize Madariaga

Beñat Hargindegi

GEXI URMENETA-DE MADARIAGA

 

Sortu zenetik, zer aldatu da?
Aita-amek, 1947an abiatu zutelarik, xeheka saltzen zituzten produktu guziak, trementina esentzia, petrolioa… Ez zen paketatzerik orain bezala. Aita tindularia genuenez, berak zuen berea fabrikatzen: xuri xehatua opakutasunaren lortzeko, liho olioa estekatzailea dena, hauts koloragarriak eta gai kimikoak: azido kloridrikoa, amoniakoa… Oro ontziz aldatu eta botiletan sartzen zuen.

 

Kimikari baten lana!
Ontziz aldatzea zen lan gaitzena, produktuen maneiua. 1947an, jendeak ez zekien oso ongi zer zen drogeria batean saltzen… Orain bezala, funtsean! Gainera, gero eta gutiago garenez, jendeak galdetzen dio bere buruari zer deabru saltzen dugun barnean! Lanbidea aldatu da tinduen fabrikazio industriala agertu denez geroztik; dena prestik, produktu kimikoak botiletan sarturik…

 

Eta zer deabru duzu saltzen?
Drogeriazainaren lana da mantentze ekoizpenez gain gauza andana ere ukaitea, kandelak adibidez. Definizio administratiboaren arabera, mantentze produktuak, tindu eta bernizak xehean saltzen ditu. Praktikan, ordea, sailak gehitzen dizkiogu: saskigintza, tela ziratu, tapizak, kuxinak, lurrinak, argazkiei laukiak ere egiten hasia naiz… Gure lanaren parte ere bada sukaldeko tresnen eskaintzea. Kinkail saltegiak, berriz —jende frankok biak nahasten baititu—, erremintak biltzen ditu, nik ez bezala: iltzeak, buloiak…

 

Lehiari nola egiten diozu buru?
Aita-amek ezagutu zituzten 70eko urteetako hipermerkatuak, Lurberri kooperatiba eta xintxuketa denda handien etorrera, Baionan hasi baina Donapaleuraino heldu zirelarik. Hala, merkatu partea ttipitu da, bistan dena.

 

Zerk zaitu Hargindegi egiten?
Kalitate eta aholkularitza bila jiten da jendea. Xantza dugu bezero fidelak ukaitea; aholkularitza eta harreman lan handia da. Herri ttipietan, horri esker salbatzen gara. Prezioen aldetik, erosten ongi jakinez gero prezio onak kausi daitezke; barne eta kanporako tinduak eta ezkoa, adibidez, etxe frankotan baita oraino zurezko taularik. Denda handiek ezin eman dutena: kontseilua.

 

Tokikoa hobesten duzu?
Ene ofizioan zaila da, baina ahal dudan guzietan egiten dut. Tinduak adibidez, Urnietan ekoiztuak dira; biziki kalitate handikoak dira, eta prezio onekoak.

 

Freskorik ez, baina sasoikoak.
Bai, adibidez, «Urzotegietako berdea» tindua, ihizirako… Preseski, sasoikoa ere bada tomate kontserbatzeko azido salizilikoa, hartzi ez dadin botiletan. Usu, xerka jiten direnek eskatzen didate «tomateentzako pozoia, otoi»; aldiz, sagu eta arratoiak hiltzekoari «erremedioa, otoi»!

 

Kimikak ez du beti kutsatzen…
Saltokian gai kimiko franko denez, entseatzen naiz hutsen ordaintzen produktu ez-kutsatzaileak proposatuz; Marseillako xaboia, sodio hidrogenokarbonatoa, buztina, xaboi beltza… Etxeko mantentze lan guziak horiekin egin daitezke, batere kutsatu gabe eta berdin ongi garbituz.

 

Eurorik gabe erosten ahal dizut.
Amikuzeko euskoaren truke etxean zara! Zazpi-zortzi saltzailek dugu onartu. Hobe gehiago bagina, baina jinen da! Euskal diruaren ideia maitatu nuen; eskualdean identitate azkarra dugu, eta lekuko denden bizkortzeko balio du. Ongi dabil, eta kartaz ordaintzen ahalko da.

 

Erakusleihokoa ele bitan duzu.
Euskara ulertzen dut, baina ez mintzo zinez damu naiz. Aita-amek ez zidaten erakatsi, 1960ko hamarraldian ez baitzen modan. Ez dut estakururik jakinez badirela helduendako kurtsoak, baina eguneroko biziak gainditua naiz.

 

Hargindegi Amikuzeko erreferentzia dea?
Ez naiz behar den lekutik ari horri ihardesteko! Kur-kur-kur. Ene apaltasunak sufrituko du, baina uste dut badela fama seriostasunari eta kalitateari dagokionez, betidanik horren begiratzen entseatzen bainaiz. Saskigintzan ere bakarra naiz.

 

Obrarik egin ote duzu?
Denda oro har berdin gelditu da, baina duela lau urte handitu egin nuen. Bertzalde, berriki tindua egiteko makina ekarri dut. Abantaila handia da, nahi den kolorea erdiesten ahal baita.

 

Koadroak ere ematen dituzu.
Biziki laket dudan lana da, lankide batek erakatsi zidana. Ehun bat bageta mota dut, emeki-emeki emendatzen dudana. Amikuzeko bakarra naiz horretan ari.

 

Desiratu ofizioan ari zara?
Baxoa-eta hautatu behar zenez, hola jin zen naturalki, baina orain ohartzen naiz zinez laket dudala. Jendearekilako harremana dut gehienik maite; hori da ene lan tresna. Saltokia ukatekotan, hori maitatu egin behar da. Askatasun doi bat badut, nahiz hertsadurak ere badiren; bakantzak hartuz gero, ez baitira ordainduak.

 

Isiltasuna ofizioaren parte da.
Bai, beharrezkoa da, elkarrizketa eta harremanaren bila baitator jendea; erran nezake psikologo lanak ere egiten ditudala, sekretuak kontatzen baitizkidate!

 

Denda beti musikatua duzu.
Bai, musika maite dut, txarangan. Txistuarekin eskolan hasirik, euskal dantza talde batean ere parte hartzen nuen, baina nahiago nuen musika jo. Berantago, txarangan sartu nintzen, eta bonbardino baxua jotzen dut. Elkar ezagutzei esker segitu nuen jotzen. Dena belarrira ikasi dut, praktikatuz eta lagunekin.

 

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude