Baküna Show, tradizioa inarrosten

Joan den asteburuan, ostirale eta larunbat (neskenegün) iluntzean estreinatu zuten Baküna Show dantza ikusgarria. Tradizioa abiapuntu, beste dantzetako kodeak elikagai, gogoeta bat plazaratu dute dute 14 dantzari xiberotarrek taulada gainean. Sartzeak aitzinetik agortuak zirenez, gutienez erran daiteke kuriositatea piztu duela Baküna Show ikuskizunak. Xiberoko Botza irratiak ikusleen oharrak bildu ditu asteburuan.

Jantzien sortzailea: Juana Etxeberri

Musikaren sortzailea: Andde Carrere

Zer da xiberotar izatea mundu globalizatu batean? Galdera horrek eta beste batzuek gidaturik, Baküna Show dantza ikuskizuna 14 dantzarien arteko elkarlanaren ondorio da. Sorkuntzaren akuilu izan direnen artean, Johañe Etxebest ligiarrak argi ikusten du oreka baten xerka ari dela: “badugu gure tradizioa, herrikoia, alde batetik, eta saihetsezina zaigun mundu kontsumitzaile eta globalizatu hori bestetik”. Herri desberdinetatik, dantza eskola desberdinetatik eta sentsibilitate desberdinetatik bildu jendearen arteko lanaren fruitua da ikuskizuna.

 

Dantza sorkuntzaren zati handiena dantzariek berek egin badute ere, Edu Muruamendiaraz koreografoaren laguntza ukan dute dantzak taularatzeko. Jantzietan berriz, Juana Etxeberri Kakots artista talde xiberotarreko sortzailearengana jo dute, eta musikak asmatzeko berriz, Andde Carrere baxenafartarrarengana.

 

Estreina egunean eta biharamunean ere jende anitz sartzerik gabe gelditu zirenez, hurrengo emanaldietan ere arrakasta kausitu behar lukete xiberotar gazteek. Hazparnen izanen dira azaroaren 22an, urtarrilaren 24an Angelun eta otsaila bukaeran Donapaulen. Donostiko San Telmo museoan ere eskaini beharra dute ikuskizuna.

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude