Hildako bat eta kalte handiak eragin dituzte uholdeek

Behe Nafarroa, Xiberoa eta Lapurdiko hainbat herritan uholdeak dira atzo gauetik. Prefekturak egoerari aurre egiteko operazio bat jarri du martxan goizeko 8:15etatik arratsaldeko 15:00ak arte

 

 

Azkarate herriko pilotalekua gaur goizean. / Ihintza Daguerre

Azkarate herriko pilotalekua gaur goizean. / Ihintza Daguerre

Ipar Euskal Herrian uholdeak dira bart gauetik. Prefekturak jakitera eman duenez, Arhantsusin, 84 urteko gizon bat hil da. Prefekturak egoerari aurre egiteko operazio bat jarri du martxan goizeko 08:15etik 15:00 arte. Ur maila asko igoz gero, teilatuetara igotzea gomendatu dute.

 

Uholdeek kalte ainitz eragiten ari dira. Sud Ouest-ek jakitera eman duenez, Donapaleun, goizeko 9:45etan, suhiltzaileek beren etxeetan blokatuak ziren bizilagunak ateratzen laguntzen ari ziren.

 

Donibane Garazi herri osoa, ur azpian dago eta herriko sarrera eta irteerak blokatuak dira. Baigorrin, euriak bidea hautsi du eta ur maila igotzen ari da zentroan eta irteeretan. Bankan, euriak eragindako lokatzak etxeak gainditzen ditu. Maulen, ur bidean kokatuak diren etxeak ur azpian dira. Donapaleun urak metro bateko altuera hartu du eta korrontearen ondorioz, autoak irauliak edota eramanak dira.

 

Urdiñarben, istripu txiki bat gertatu da. Antza, oraindik gaua zela, pertsona batek autoa hartu du eta euri maila altua zenez, korronteak eraman du. Gidaria ez da zauritua izan. Horrez gain, hainbat auto gidari blokatuak egon dira beraien autoetan. Hori dela eta, autoak ez hartzea gomendatzen dute.

 

Jatsu eta Uztaritze arteko bidea moztua da, urak gaina hartu du eta bide horretan kokatua den errugbi zelaia ur pean dago.

 

Ezterenzubiko auzapeza den Jean Louis Poydessus, euskal irratian adierazi duenez, “denak igerian dira egun”. Eskola urpean dago, bideak trabatuak eta antza auzapeza bera ere etxean blokatua da ezin atera.

 

Izpuran herritarrek adierazi dutenez, gaurko euriteak sortutako uholdeak, “sekula” ikusi ez duten gertakari bat da. Ur gainditzea goizeko 7etatik hasi dira eta “biziki fite” igo da eta urak Kabala batzuk eraman ditu. Orain aldiz, egoera “apalduz” doala adierazi dute. Mahastietan ere kaltea izan dira, lurra liatu baita.

Gabi Etxandi laborariak adierazi duenez, Kabalak eraman dizkio urak eta ez daki oraindik hil diren edo ez. “Izigarri beldurgarria izan da, ez dut sekulan ikusi ura hain gora eta hain fite” gaineratu du.

 

Baionan 16:00 arte egongo da indarrean alerta. Errobi ibaia bizi-bizi eta beterik doa.

Hona hemen Nora arbelbide kazetariaren txioa:

N. Arbelbide txioa

 

Uharte Garazin ere helikopteroz salbatu behar izan dute jendea. / Beñat Arbelbide

Donibane Garazin ere helikopteroz salbatu behar izan dute jendea. / Beñat Arbelbide

Horiek ez dira urak eragin dituen kalte bakarrak. Izan ere Itsasu eta Kanboko, geltokia ur azpian dira. Behe Kanbon, suhiltzaileak, jendea etxeetatik barkuz ateratzen ari dira. Beste batzuk ordea, teilatuetara igo behar izan dute. Xan Beyrie Kanbotarrak, euskal irratietan adierazi duenez, Kanbo Behera ur azpian da eta “egoera okertzen doala” gaineratu du. Altsun omen, pertsona bat helikopteroz atera dute autotik.

Ura, 2009ko azaroan izandako uholdeetan baino altuagoa da. Uholde handiak izan ziren eta Ipar Euskal Herriko kostaldea larrialdi egoera batean egon zen.

 

Gezurra badirudi ere, urak, Irisarrin ziren 120 belar bola eraman ditu. Donaixtin adibidez, euriak laborari baten artalde “guzia” eramana izan dio.

 

Suhiltzaileak lanean

Prefeturak bidalitako abisuaren arabera, 200 suhiltzaile daude lanean ostiral goiz honetan eta Landesetako eta Pirineo Garaietako suhiltzaileak ere joan behar izan dira laguntza ematera. Horrez gain, 100 militarren laguntza ere behar izan dute meditako eta uretako brigadekin batera. 40 bat lagun atera dituzte euren etxeetatik, kanoaz edo helikopteroz.

 

Ministeritzak, ur handitzeen inguruko informazio eskaintzen duen webgunean zehaztu duenez, Errobietako ur mailak, 2003ko otsailan izan zirenak baino altuagoak dira.

 

Arazoak elektrizitatearekin

Eguraldiak elektrizitatea eta telefono lineak moztu ditu leku ainitzetan. Gure Irratian eta Xiberoko Botzak adibidez, ezin emititu dabiltza eta Irulegiko irratitik emititzen ari dira soilik eta uholdeen inguruko informazioa pasatzen ari dira.

 

Euria etengabe erortzen ari denez, baliteke uholdeak handitzen joatea. Alerta laranja ezarri dute agintariek. Prefeturak iragarri duenez, datozen orduetan ur metatzea 30 eta 60mm artekoa izanen da. Mendi inguruan aldiz 100 eta 120mm artekoa.

 

Bide moztuak

Baigorri eta Azkarate lotzen dituen RD 948a moztua da.

RD 933a Larzabalen.

Ortzaize eta Baigorri lotzen dituen RD 918 bidea.

Pagolan RD 362 bidea moztua da.

Sohütan RD 860 bidea moztua da.

Ospitalepean RD 859 bidea moztua da.

Biduze ibaiak RD 123 eta RD 261 bideak lanjeran jartzen ditu.

Iholdi eta Donapaleu lotzen dituen bidea hetsia da.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude