Antzerkiaren pindarra gaur Irisarrin

‘A’ments’antzerkia emanen dute irisartarrek gaur 21:30ean. Herriko aspaldiko antzerki ohiturari segida bat emateaz gain, antzerkiaren plazeraren bidez euskara gozatzekoa ere ematen die proiektuak.

 

Nora Arbelbide Baiona

 

‘A’ments’ antzerkiko errepikan hartu irudia. SYLVAIN SENCRISTO

‘A’ments’ antzerkiko errepikan hartu irudia. SYLVAIN SENCRISTO

Aspalditik baziren herrian zenbait gazte antzerkia egin nahi zutenak, Garaziko lizeoan, Antton Lukuren tailerrean, antzerkiaren gustu hori indartu zitzaielarik. Eta duela bi urte, herrian antolatu toberek falta zuten pindarra eman zien nolabait. Toberaren emateko taldea osatua zutela, talde horrekin berarekin joan ziren Maialen Torrerengana, taula zuzendari izan zedin eskatzera. Bazekiten esperientzia zuela Torrek, toberan lagundu izanaz gain, Hiru Punttu, Chimeres eta Theatre du Rivage taldeetan eta clown gisa ariturik ere. Aspaldiko tirria du antzerkiarena Torrek. Gainera, herriko Har’Eman kultur elkarteko lehendakari da. Eta elkartea euskara eta herriko bizi kulturalaren alde ari baita, proiektuak horrekin bat egiten zuen.

 

Laster onartu zuen eskaera Torrek: «Herritarren arteko giroa lotzeko, antzerkia bikaina da. Dinamika kultural bat ere berpizteko balio izan du». Taldea beste antzerki batzuen ikustera joateko baliatu dute; kasik urte eta erdiko lana eskatu die proiektuak. Belaunaldi orotarik da elkartzen antzerki taldean: 50 urtetik gora dituen herriko okinetik lizeoan oraindik ikasle direnetaraino.

 

A’ments antzerkia dute emaitza. Irisarriko maiatzaren 28ko lehen emanalditik landa beste batzuk ere emateko xedea badute, baina larrazkenean. Bi jokalari esperantzetan dira, eta udako dute haurra.

 

Testuarentzat, izkiriatzaile baten bila ere aritu behar izan zuten, zailtasunak izan baitzituzten. Baina azkenean Beñat Lazkanok onartu zien proposamena. 2012ko Itsasuko tobera idatzia zuen Lazkanok. Irisarrira jin eta taldeko guzien ideiak biltzetik abiatu zuen idazketa lana. Testua idatzirik, taldeari askatasun osoa eman zien ondotik nahi zituzten aldaketa guztien egiteko.

 

Istorioaren abiapuntua Irisarriko etxalde batean kokatu dute. Etxalde horretako familia zorretan da, eta, besteak beste, Compostelako beilariei ganberak alokatzen dizkie sos pixka baten sarrarazteko. Abiapuntu horretaz, bestalde, ez du gehiagorik salatu nahi izan Torrek.

 

Zehaztu nahi izan du, halere, ametsak leku berezia duela. Hortik antzerkiaren izenburua, funtsean. Jokalari bakoitzaren ametsak irudikatzen dituzte taula gainean, antzerki barneko antzerki batzuk eginez. Ametsarena, gainera, inprobisazioak lantzeko abiapuntu biziki interesgarria da, Torreren iritziz. Egoera bakoitz zer aments mota egin daitekeen jokalariek berek asmatu eta antzezteko aitzakia baita, talde giroa garatzeko eta antzerkia gozatzeko bideak irekiz, eta, bide batez, «euskara gozatzeko».

 

Euskara eguneroko hizkuntza ez den heinean, korapilo horren desblokeatzeko balio duela pentsatzen du Torrek. Antzerkian, taula gain eta taula gain bazterretan ere, euskara baitu hizkuntza bakarra taldeak: «Zinez. Guztientzat izan da begi bistakoa. Taldearen bizi osoa egin da euskara hutsez. Ageri da hizkuntzen nahasteko usaia dutela, baina hor, errepiketan eta, nehor ez da frantsesez hasten». Eta horrek badu bere erranahi berezia Irisarrin berean: «Euskararekin harreman bikoitza dute Irisarrin, beste herri zenbaitetan bezala. Irisarri herri euskalduna da, baina herritarrek deskonplexatubehar dute beren burua, euskara erabil dezaten, kanpotik jiten diren euskaldunak ere problemarik gabe herriko bizian onartuz. Eta, batez ere, hor da galdera: gazteak nola lotu euskarari? ».

 

Belaunaldi gazte eta ez hain gazteen artean biziki guti entzuten baita euskara, damutzen da Torre: «Baina ni zinez konbentzitua naiz plazera hartzen delarik hizkuntza batean, horrek baduela izugarriko eragina gero, hizkuntza horren erabilpenean eta iraupenean». Taldekoen artean arrunt argi ikusten du hori Torrek: «Taldekoekin euskaraz baizik ez naiz aritzen ahal. Haien artean ere, iruditzen zait oraindik gehiago euskaraz mintzatzeko usaia hartua dutela antzerkiaren bidez».

 

A’ments antzerkiaz gain, Har’Eman elkarteak antolatu antzerki gaualdian, herriko gaztetxoek Pantzo Hirigarairen Sei liliak antzezlana emanen dute. Jean Pierre Indaburuk segurtatu du taula zuzendaritza.

 

Segida geroan, hortaz. Eta hori aspaldiko hari bati tiraka. Ohitura barnatua baitute antzerkiarena Irisarrin. Hain zuzen, horri begira zuten muntatu duela bi urteko tobera. 1937an izan zuten herriko azken tobera, memoria bat baino gehiago markatu zituena herriko mugetatik kanpo ere. Toberarik ez da izan geroztik berriki arte, baina duela hogeita hamar bat urte Irisarri antzerki herria zen. Antzerki gela ere ukana du, parrokiarena. Orain, taula gaina zenean gela bat antolatu dute murru batekin hetsi dutena. Katixima egiteko erabiltzen dute.

 

ANTZERKI GAUALDIA

Zer.Irisarriko gazteek emanik,‘Sei Lili’.Eta helduek,‘A’ments’.

Noiz.Maiatzaren 28an,Salbatore bezperan, 19:00etatik goiti zintzur bustitze eta taloak.

20:00etan lehen antzerkia,

21:30ean bigarrena.

Non.Airoski gelan.

Sartzea.6 eurotan.

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude