2014-ko Herriko hauteskundeetako tresna kutxa

2014-ko Herriko hauteskundeetako tresna kutxa

Aldaketa klimatikoaren kontra eragiteko, eta, trantsizio ekologiko eta energetikoaren alde arizaiteko !

 

Zenbat uholde, udamin, idorte edo udako sute azken urteetan? Euskal Herrian anitz, Munduan zehar sobera. Bai, hor dugu, hainbat urtez geroztik aipatzen diguten aldaketa klimatikoa. Gero eta gehiago ohartzen gira. Gainera, KAGAT/GIEC edo klima aldaketari buruzko gobernu-arteko aditu taldearen arabera, gertakizun horiek uzkailketa klimatikoaren hastapena osatzen dute baizik, ez baditugu gure usaiak berehala aldatzen.

Bioaniztasunak sufritzen du eta desagertzen da; zailtasunak izanen ditugu ur edangarri edo janari sanoaren eskuratzeko. Horregatik, munduan zehar ondorio ikaragarriak izan daitezke: gaur ezagutzen ditugu zorigaitzez petrolio edo uranioaren gatik gerlak; bihar uraren gatik gerlak izan daitezke.

Eraso sozial eta ekologiko horiek aipatu eta, ez genuke ahantzi behar errealitate ekonomikoa. Denek dakiten bezala, energia fosilak desagertzen direlako, gaur baino askoz karioago izanen dugu energia, bai mugitzeko, baita ere etxebizitzaren berotzeko adibidez.

Hori dena kontutan hartuz geroz, baitezpadakoa da trantsizio energetikoa eta ekologikoari pentsatzea. Eta, zorionez, aterabideak existitzen dira !!

Zientifoek, 2050/2060 urteetan ezin gibelatuzko uzkailketa klimatikoaren heina ez gainditzeko, nazioarte mailako helburuak finkatu dituzte: Frantziarentzat, 1990 urteko mailarekin alderatua, berotegi efektuko gasen isurtzeak 2020erako %40ez ttipitzea, eta 2050erako %95 murriztea. Frantziako helburuak dira horiek, bainan aldaketa klimatikoaren aurka eta trantsizio energetikoaren aldeko borrokan, tokiko ekintzak abiatu behar dira ere.

Tokiko ekintzak behar dira abiatu? 2020erako helburuak nolaz menperatu? Dakizuen bezala, heldu den urtean, herriko etxeetako hauteskundeak iraganen dira. Horrek erran nahi du datorren urte hortan, herritarrek hautatuko dituztela beren 2020a arteko ordezkariak. Eta ulertu duzue, 6 urte horiek bereziki erabakigarriak izanen dira bai energiaren mailan, baita ere ekologiaren mailan.

Hortako, Bizi!-k Martxoaren 18 honetan prentsari aurkeztu dio tresna kutxa bat herriko etxeentzat eta herri elkargoentzat. 100 orrialdeko dokumentu hortan (hemen eskuragarri dena: www.bizimugi.eu/eu/bopa-eu) ekintza proposamen zehatz batzu bildu ditugu. Bestalde, kontutan hartu ditugu gaurko arauak eta egungo herriko etxeen eta herri elkargoen egoera finantzarioa.

2014-ko hautagaiek aurkituko dituzte 50 ekintza fitxa, 12 arlotan banatuak : hirigintza (urbanismoa), mugikortasuna (garraioak), energia, eraikuntza, ura, laborantza, oihanak, zaborrak (hondarkinak), berdeguneak eta arriskuen kudeatzea (udamina, uholdeak, idortea eta bioaniztanunaren desagertzearen aurkako neurriak).

Borroka hori denen afera da. Ez du kolore politikorik. Gure nahia dokumentu hori masiboki zabaltzea da, 2014-ko ehunka hautagaientzat, baita ere bozkazaleentzat, erreferentzia bat izan dadin egiazki. Jakin ezazue 3 eusko-tan edo 3 €-tan salgai izanen dela…

Irakurketa on deneri !!!

Partekatu artikulu hau

Lotutako berriak

Irakurri

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude