Etxeaz eta etxekoez idatziak

62 idazleren testu, poesia eta bertsoak elkartu ditu Daniel Landartek ‘Etxea eta Etxekoak’ liburuan

Etxea ezin aipatu etxekoak aipatu gabe. Hori begi bistakoa egin zaio, laster, Daniel Landarti. Etxea etxekoek dutela egiten. Eta horra nola hasieran etxeaz izan behar zuen liburua Etxea eta etxekoak euskal literaturan (Euskaltzaleen Biltzarra) bilakatu den. Non 62 autoreen idazkiak elkartzen baititu. Testu zati guztiak Daniel Landartek berak ditu hautatuak. Artean, bere bi testu ere sartu ditu. Aihen Ahula liburuko pasarte bat, baita Hil biziak antzerkiko zati bat. Gaineratekoak poesia, bertso edo prosa zatiak dira denak. XIX. mendean hasi du bilketa, dela Piarres Topet Etxahun edo Joan Batista Elizanbururenarekin. Baina gehienak XX. mendean idatziak. Badira ere espresuki libururako idatziak. Horien artean Marikita Tanburin, Peio Jorajuria, Piarres Aintziart eta Koldo Ameztoi idazleenak.

Eskualde guztietatik bildu ditu testuak, baina lehentasuna Ipar Euskal Herriko idazleei eman nahi izan diela zehaztu du Landartek. Orotara, 45 testu ditu horkoak. Hego Euskal Herrikoek beren testuen zabaltzeko aukera anitz dituztela argudiaturik. Mami aldetik, gehienak oroitzapen pasarteak dira. «Kezkak, buruhausteak, beldurrak» ere agertu nahi izan ditu Landartek. Etxea, lehengo euskal etxe mitifikatu hori, ez duela, hain zuzen «mito» gisa aurkeztu nahi izan. «Baziren izugarriko borrokak lehenago ere». Piarres Topet Etxahun-en kopla zati bat ekarri zuen gogora horren azaltzeko: «Jinkuak maradika beza Gaztelondo Topeti». Edo, Eñaut Etxamendik idazten dituelarik: «Ama zendu zelarik, gure etxea gelditu zen harri erhauntsia ukan mahastia bezala». Jean Etxeparek aitari zion beldurraz idatzi zuena izan zuen adibide: «Aitari ez zen menturatzen so egitera hainbestetaraino aitaren beldur zen».

Baina badira etxeaz eta etxekoez begi maitagarriz begiratzen dietenak ere, eta horiek ere agertu nahi izan ditu. Xabier Amurizak aitaz egin bertso sorta, adibidez. Edo Emile Larrek eskola ondoko etxeaz idatzi duena: «bigarren etxe bat bezala» zuena. Deskripzio andana bat ere aurki daitezke. Kokalekuaz, edo etxe barnaren itxuraz ere. Piarres Aintziartek, adibidez, ezkaratza zer erran biziki ongi irudikatzen duela deritzo Landartek. Jean Baptiste Orpustanek, berriz, amatxiren ganbera. Irakasleei pentsatuz, liburuari alde pedagogiko bat ematen ahalegindu dela zehaztu du Landartek. Hor agertzen diren idazleen irakurtzeko gogoa ematea luke: «Liburu hori publiko zabalarentzat egina da. Denek irakurtzeko erraza, atsegina. Idazleak alfabetikoki agertzen dira».

Sinonimo eta azalpenak

Testuei sinonimoak ere ezarri dizkie: «Hori ere baitzen betiko kezka. Ezarri ala ez? Ez nuen hainbeste pentsatu horri. Eta, azkenean, andana handia agertzen da. Zati batzuetan ez bakarrik sinonimoa, hitz batzuen erran nahia ere esplikatu behar izan dugu». Txomin Agirreren testuan, adibidez: «Anitz hitz ahantziak baititugu». Liburu horren apailatzeko ideia bera, Euskal Kultur Erakundean lanean iragan 20 urteetatik jalgi zaiola partez esplikatu du Landartek. Maiz haien ondareko biltzarretan etxea aipatzen zutela gogoan du. Etxearen erran nahia, etxearen garrantzia: «Jainkoak daki zenbat biltzar egin ditugun gai hori aipatuz».

Liburuaren bigarren abiapuntua hark berak 1978an idatzi Aihen ahula oroitzapen liburua izan du: «Aihen Ahula-n xeheki haur denborako etxe ondoko berriak kontatzen nituela, gogora jin zait ikusi behar nuela beste idazleek nola aipatzen zuten gai hori». Horrela hasi zen etxean berean zituen liburu batzuk berriz irakurtzen. Kontseiluak ere galdegin zizkion Jon Casenave idazle eta unibertsitateko irakasleari. Liburuaren aurkezpen ofiziala azaroaren 5ean eginen dute Uztaritzeko liburutegian 18:30ean. Ondotik, ikastetxeetan ibiltzea espero du.

Share This Article

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude