Bikotekideak eragin zuen ustez Ahurtiko «auto istripua»

Emakumearen autoa bidetik atera arte jo zuen gizonak atzetik, bere ibilgailuarekin. Hilurren zegoen andrea autoan eraman zuen Gixunera

Argitu egin da duela astebete eskas Gixunen (Lapurdi) atzemandako emaztearen hilketa: BERRIAk jakin duenez, hain zuzen, Lehuntzeko (Lapurdi) 30 urteko andrea hil zuen «auto istripua» bikotekideak eragin zuen, ustez. Zendutakoa nor den ere ezaguna da orain: Axelle Forgeron zuen izena emazteak. Gaur eginen diote hileta, Baionan.

BERRIAren iturrien arabera, eztabaida bat izan ondotik etxetik autoz alde egin zuen Forgeronek, eta gibeletik segitu zuen bikotekideak. Errepidean zirela, gizonak kolpeak eman zizkion emaztearen autoari, gibeletik. Ondorioz, andrearen ibilgailua errepidetik atera zen, eta zuhaitz bat jo zuen. Autopsiaren arabera, «istripu» horretan hartutako kolpeengatik hil zen Forgeron. Ahurtin gertatu zen hori (Lapurdi). Istripua izan zuen auto bat aurkitu zuen bertan Poliziak, baina ez zegoen inor barnean.

Biziki kolpatua zegoen emaztea, eta autoan sartu zuen gizonak. Gero, Gixunerantz segitu zuen bere autoan. Han «istripua» izan zuten berriro —ikertzeke dago bigarren hori nahita eragindakoa izan zen ala ez—. Larrialdi zerbitzuek bigarren auto horren ondoan topatu zuten Forgeron, ibilgailuaren kanpoaldean. Baionako erietxera eraman zuten, baina bertan hil zen, berehala.

Epailearen ikerketak gertatua frogatuko balu, «armarekin eragindako borondatezko bortizkeria» egotziko liokete 26 urteko gizonezkoari, autoa armatzat hartzen baitu legeak halakoetan. Bikotekide izatea, ordea, ez litzateke larrigarri bat baino, Frantziako legeak ez baitu berez zigortzen genero bortizkeria.

Gixuneko kasua baieztatuta, aurten indarkeria matxistaren ondorioz Euskal Herrian hildako laugarren emakumea da Axelle Forgeron. Apirilaren 2an zabaldu zen 2015eko zerrenda beltza: Gasteizen, Maria Ana Prunar hil zuen haren bikotekideak, labankadaz, gizonak berak ertzainei jakinarazi zienez. Abuztuaren 8an, berriz, errepide bazter batean hilik agertu zen Leire Rodriguez, Bilboko Abusu auzoan; hasieran auto batek harrapatuta hil zela zabaldu arren, haren senar ohia ikertzen hasi ziren. Bere buruaz beste egiten saiatu zen gizona: Poliziak uste du etxean hil zuela andrea.

Forgeronen hilketaren egun berean izan zen Almudena Matarranzena: joan den igandean. Erandion (Bizkaia), bikotekidearen etxean agertu zen haren gorpua, eta astelehenean atxilotu zuten gizona.

Partekatu artikulu hau

Lotutako berriak

Irakurri

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude