«Alde anitzetako borrokak sortu behar direla uste dut»

2009tik Nizan (Okzitania) bizi da Pinar Selek idazle turkiarra. Bere kontrako jazarpen judiziala tarteko, 2013tik iheslari politiko estatutua du. Hitzaldia eskainiko du gaur ostiralean, Baionan, Euskal Erakustokian, 18:00etan.

Ekhi Erremundegi

Berrogeita lau urterekin atxiloketa, tortura, presondegia eta erbestea ezagutu ditu Pinar Selek Istanbulgo idazleak, Turkiako epaitegiek haren kontra daramaten jazarpen judizialaren ondorioz.

Emakume borrokalaritzat du bere burua, borrokaren apologia egiten du beti funtsean. «Gaztetarik ulertu nuen askatasunaren alde borrokatu behar dela». Aita giza eskubideen aldeko abokatua, aitatxi ezkerreko militante historikoa, familiaren eraginaz hala dio: «Gizonak ez ezik nire ama ere biziki militantea zen».

1980an estatu kolpea izan zen Turkian, eta herri mugimenduentzat bihurgune bat izan zen. Urte bakarrean milioi bat pertsona sartu zuten kartzelan, tartean bere aita. Bere haurtzaroa bitan zatitua izan zela kontatzen du Selekek: estatu kolpea aitzin eta ondoren. «Estatu kolpea aitzin gure etxea elkargune bat zen. Jende anitz egoten zen gurean lotan, elkarrizketan, bestan… elkar aditze alai bat bazen». Estatu kolpearen ondotik, aita kartzelan sartu zutenean, beren etxean egoten ziren lagun guziak hilak, presondegiratuak edo ihesean gertatu ziren. «Biziki garai zailak ziren, eta nire amak ardura handia hartu zuen».

Presondegien inguruan sortu zen elkartasuna zela medio, etxea elkargune bilakatu zen berriz, eta jendea bertan biltzen hasi zen. «Astero joaten ginen presondegira bisitan; ez soilik nire aita ikustera, intelektual eta militante guziak preso zirelako». Presondegiak 100-150 pertsona biltzen zituzten logelaka antolatuak zirela oroit da Selek. Preso guziak elkarrekin egoten ziren, eta eskola modura kontsideratzen zuten, nolabait. «Bisitak ere elkarrizketa politikorako momentu bilakatzen ziren. Niretzat xantza bat da sare horien parte izana».

Orduan ezkerreko sareetan mobilizazio anitz bazela dio, eta boterearengandik intimidazio handia. «Nire aita ezkerreko alderdi batean zen, gaur egungo Parti de Gauche alderdiarekin pareka genezakeena. Ez zen ezker konbentzionala, aski erradikala baizik». Ahizpa gaztearekin testuinguru horretan hazi ziren. «Galderak egiten hasi ginen, eta kontzientzia bat piztu zitzaigun. Feminista eta libertarioa bilakatu nintzen. Gogoetatzen hasi ginen, nola izan libre gizarte honetan». Eztabaida anitz izan zuten, bereziki aitzineko belaunaldiekin. Askatasuna, berdintasuna, justizia… ideal bera defendatzen zuten, baina pauso bat urrunago joan nahi. «Gure belaunaldiak ulertu zuen horra arte ezkerrak ikusten ez zituenak begiratu behar genituela».

Borroka franko

Biziki gaztetarik hasi zen Selek etxegabeekin lanean, karrikako tailerrak antolatuz. «Soziologia ikasten hasi nintzenean ohartu nintzen gizartean nagusitasun harreman anitz badela eta borrokak trenkadaz zatituak zirela. Nik borroka guzietan parte hartu nahi nuen, sareen artean loturak sortu». Prostituta, transexual, homosexual eta etxegabeekin konpainia bat sortu zuten, musika, antzerki eta abarren bidez karrikakoen eta baztertuen ahotsa entzunarazteko.

Era berean, kurduei buruzko ikerketak ere abiatu zituen, ahozko historiaren proiektu baten barnean, elkarrizketa andana eginez mugimendu kurduko jendeari. «Gerla garaiak ziren, eta turkiar boterea biziki nazionalista eta militarista zen, kasik faxista. Ez zen posible Kurdistani buruz mintzatzea; alta, nik esplikatu nahi nuen zergatik hartu zituzten armak».

Atxilotu eta torturatu zuten. «Elkarrizketatu nituen militante kurduen izenak nahi zituzten. Baina ez zen hori bakarrik. Ni ez naiz kurdua. Ezkerreko intelektual familia batekoa nintzen, eta era berean ingurune anitzetako jendearekin harremana nuen. Adibide gisa erabili nahi izan ninduten, besteak uzkurtzeko». Bitarte horretan, PKKren kontrako eraso bat prestatzen ari ziren alderdi horretako buru Abdullah Ocalan Turkiara eramateko asmoarekin. Seleken ustez, horregatik ez zuten nahi Kurdistango aferak aipatuak izan zitezen. Terrorismoa laguntzea leporatu eta presondegiratu zuten. «Presondegian nintzen garaian gazte kurdu bat atxilotu zuten, eta torturapean, atentatu bat egiteko agindu niola erranarazi zioten. Atentatua berez ez zen izan, gas leherketa batek eragindako istripua baizik, baina Ocalan Turkiara ekarri aitzin komeni zitzaien PKKren kontrako jarrera nazionalista indartzea ».

Gazteak gibel egin zuen torturak salatuz, baina bere kontrako epaiketak aitzina segitu zuen, eta sostengu handia sortu zen idazlearen inguruan. «Ez soilik ezkerreko intelektualak, ez soilik feministak… transexualak, karrikako haurrak, denak hasi ziren presondegiaren aitzinean elkarretaratzeak egiten». Elkartasunaren aniztasunak aferari oihartzun handia eman eta sinbolo bilakatu zen. Gazte kurduaren lekukotasunarekin batera, adituek erran zuten ez zela bonbarik izan, eta bi urte eta erdira aske utzi zuten.

Presondegitik ateratzean bakearen aldeko emakumeen martxa erraldoi bat antolatu zuen, eta hortik aitzina mugimendu antimilitaristan engaiatu zen. «Bortizkeriaren kontrakoa naiz, nahiz eta kurduekin bat egin». Armadaren kontrako borroketan parte hartu eta mugimendu feminista eta LGBTrekin batera ere jardun zuen. «Borroka ezberdinak batzea lortu genuen, eta gaur egun, oraindik, ingurune ezberdinetakoak elkarrekin ari dira lanean Turkian».

Aske gelditu bazen ere, bere kontrako jazarpen judizialak ez du etenik izan gaur arte. 2006an, bere abokatuen lanaren ondotik, errugabetu zuten, baina kasazio auzitegiak dei egin zuen. Geroztik lau aldiz errugabetu dute, azkena 2014ko abenduan. «Justiziaren sinbolo nintzen lehen, eta erresistentziaren sinbolo egun». 2009tik Frantzian bizi da, eta iheslari politiko estatutua ere eskuratu du: «2013 arte saihesten saiatu naiz, baina auzitegiak bizi guziko zigorrera kondenatu ninduen, eta babesa eskatu behar izan nuen».

Orain Frantzian jarraitzen du borrokan: «Pentsatzen baitut herrien mugak ez ditugula guk markatu. Ez da garrantzitsua muga baten alde batean edo bestean zaren ». Mugimendu feministan eta antimilitaristan parte hartzen du, eta baita ekologia sozialean ere. «Alde anitzetako borrokak sortu behar direla uste dut». Tokiko eta nazioarteko borroken segitzen saiatzen da, Turkiako Amargi aldizkari feministan idatziz eta Notre Dame Des Landesko aireportuaren kontrako mobilizazioetan parte hartuz. Aspertzeko denborarik ez duela erran eta irri egiten du, «gauza anitz ditut egiteko»!

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude