Besta giro

ELEKETAN: Katixa Dolharek erantzuna Bea Salaberriri

Bai, Bea, mementua da indarren bateratzea euskararen ofizialtasuna eta lurralde antolaketa berezi baten aldarrikatzeko, eta nik ere espero dut heldu zaigun hauteskunde garaiak elkar solas emankorrak sorraraziko dituela, bata eta besteen arteko errespetuan.

Funtsean, elkar hizketa eta elkar ezagutza horiek dirateke gure arazo gehienen aterabideak. Alderdi, enpresa, elkarte eta presuna bakoitzak bere interes bereziak dauzka eta presio sozialak egitura eta jendeak auzokoa lehertuz aitzinatzera behartzen gaitu, etengabe eta arlo guzietan bat bestearen kontra gatazkan edo gerlan bagina bezala, azken finean urduritasuna, beldurra, mesfidantza eta gaixtakeria haziz, menpeko gaituen sistema neo-liberalaren probetxuko.

Horregatik miresten ditut parekoa etsaitzat hartu beharko luketena begirunez eta jendetasunez tratatzen dituzten izpiritu argiak. Ikusten ditut ene inguruan betiko muga sozio-historikoak gainditzeko prest direnak, ongizate kolektiboa eta zintzotasunaren izenean, beren kide edo hierarkiaren kopeta ilunez axolatu gabe, hauteskunde aro izanik ere. Bihotz eta gogo zabaleko gizon- emazte horiek, Kasko Urdinak iduri, jendeen arteko harremanak sendotzen eta baketzen dituzte beren inguruan, eta haiei esker dira eraikitzen, hemen, gure herria azkar iraunarazten dituzten zutabeak (hizkuntza, kultura, egitura sozio-ekonomiko- politikoak).

Zuk ere ezagutzen dituzkezu holako bidegilerik zure aldean, gain gainetik elkar solasean eta zuzentasunean sinesten dutenak, ideologia eta korporatismo guzietatik at, hots berenean eta haienganik igurika zitekeen jokamoldetan itsuki eta elkorki tematzen ez direnak, eta alderantziz zer gerta ere libroki mintzo direnak.

Ez naiz segur usaiako hauteskunde kanpaina ofizialetan agerian direnik holakoak, gehienetan itzaleko lan isil baina baliosetan ari baitira. Halere, zuk bezala ez dut dudatzen batasun handia, gutitan ikusia, agertuko dela urriaren 24ko manifestaldiaren karietara.

Hori baino lehen, Alternatiba etorriko zaigu Donibane Garazira. Bazterren harrotzeko mugimendu horren kemen baikorrak oraino harritzen nau, eta pozez betetzen. Irakurri ote duzu Alternatiba zaitezte liburuxka ? Manera argiz azaltzen digu nola gure buruaren jabe izateak –gure saleros hautuak kontrolatuz– uros bihur gaitzakeen. Iaz zure bankuarenganik jasan ele zuriak aipatzen zenizkidan; preseski, liburuxka hura irakurtzen nuen unean hitzordu bat galdegin zigun gure banku «kontseilariak» : eraikitzen ari garen etxeari buruzko gure konduko diru mugimenduak osoki bankuaren gain uzteko aholkua eman nahi zigun, batez ere, gure onerako, gure sosaren kudeaketarengatik «lasai» bizi gaiten. «Ez milesker, nahiago dugu gure irabazien hara-noratak guhaurek kontrolatu eta uros izan», genion erantzun –baina ez naiz segur ulertu gintuenez, hain zitzaion ebidente gu bezalako funtzionarioentzat asistatua izatea ametsa zela.

Gustatzen zaitana aitzinikusiak diren manifestazio erraldoi eta Alternatiba bezalako itxaropen uhinetan da jendearen elkartasun baikorra ikustea, eta aldarrikapenak, serios baino seriosagoak izanikan ere, besta giroan plazaratzea. Nolako musika, halako dantza, dio erran zaharrak: sinetsi nahi dut azken buru buztan musikariak gu izanen garela, eta dantzariak orain arte hormatuta dauden ttattardunak.

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude