Haurrekin, beti gazte

Hirugarren urtea du Izturitzeko zahar etxeak haur eta zahar egoiliarren arteko arte ateleriak plantan ematen dituela astean behin. Horien diruztatzeko, Frantziako fundazioaren lehiaketan izena eman du, publikoak haren alde bozkatuko duen esperantzarekin.

Adinean aitzina joanak diren egoiliarrak ditu Pausa Lekua zahar etxeak. Gorputzeko ahalez orotarik bada ere, gauza frankoren egiteko gai direla erakusten dute astean behin astearte arratsaldez egiten dituzten ateleriek. Iazko ikasturtean, 24 egoiliarrek segitu dituzte, aldizka, hamabi laguneko taldeak eginez.

Herriko eskola publikoko haurrak heldu zaizkie, bien artean urte andana luzea duten bi belaunaldiek elkarrekin eraman ditzaten ariketak. Denetarik egiten dute: musika eta kantua, kozina eta dastaketaren lantzea, arte plastikoak, eltzegintza, antzerkia, zirkua. Bakoitzarentzat, kanpotik heldu den ofizioko artista bat heldu da atelerien eramaterat.

Zahar etxeko arduradunek berek hala diote: «Elkarretaratze horiek bi belaunaldien arteko loturak eta harremanak sortzen dituzte, eta adinekoen bakartasuna eztitzen dute». Baina arratsalde horiek pikoan eman dituen egiturarentzat urrunago doa, horri esker erakusten baita edozein adinetan gauzak sor daitezkeela eskuz edota buruz. Egin eta erakutsi.

Egoitzan sartzearekin berarekin berehala agertzen dira paretetan, ate saihetsetan, gela kantoietan haur eta zaharrek elkarrekin egin lanak: tinduak, kartoizko totem bat dena kolore… Egoiliar bakoitzaren ganberako ateetan ere agertzen da memento horien oroigarria. Pertsonaren izenaren ondoan zintzilikaturik baitira haurrekin hartu argazkiak. Kantu bilketa bat ere egin dute, eta liburuxka batean argitaratu iaz. Tailerrean landu kantuez gain, egoiliarrek ezagutzen dituzten aspaldiko kantu zenbait ere biltzen ditu liburuxkak.

Kantu atelerian. PAUSA LEKUA

Kantu atelerian. PAUSA LEKUA

Talde baten lana
Biziak ekarri osagarri arrangura eta ezintasunengatik, ez dezakete denek parte hartu, baina parte hartzen ahal dutenek ez dute dudarik.

Bi urte hauetan hasia du esperientzia Pausa Lekuak. Ez da, haatik, berehala hain sinple izan. Usaiak hor ziren, eta kudeaketa mailan lan zerbait eskatu du. Horretarako, zahar etxeko langileek azpimarratu dute talde osoaren lana dela; langile taldearen engaiamendutik dela kausitzea.

Haurrak. Haurrek ekarri bizitasuna dute aipatzen oroz gainetik Hitza-k solaskide izan dituen egoiliarrek: Georgette Coutchot (85 urte) izturiztarra, Irma Etxemendi (90 urte) eta Maddi Artaiet (85 urte) hazpandarrak.

Eskolatik jin herriko ttipiak aipatzen dituztelarik, begitarteak arraitzen zaizkie hirurei. «Haurrak heldu direlarik!..», dio bihotza beroturik Etxemendik, «erneak dira. Izpiritu badute!». Molde berean Coutchotek, haurrek dakizkiten gauzek harriturik bezala: «Ttontto guti duzu. Ttipi-ttipitik badakizkite denak!».

Denboran, Hazparneko zapatagintza fabriketan lanean ari izan ziren Coutchot eta Etxemendi; Artaiet, berriz, joste lanetan etxez etxe. Badute, beraz, eskuzko lanen berri hirurek, baina zahar etxean eginarazten zaizkien eskulanez zer dioten galdegiten zaielarik, umiltasunez ihardesten dute. «Erraten diguten hartan ari gara. Haiek egiten dutenean entseatzen gara», dio Coutchotek. «Denbora pasatzen dugu horrela. Artean, kalakan ere ari gaituzu». Artaietek saihetsetik irrigoxo batekin: «Ez dakizugu tindatzen, ez dizugu ikasi».

Pausa Lekua zahar etxeaAldi horretan antzerki tailerraren eguna zuten, eta Coutchotek esplikatu du zer egiten duten halakoetan: «Guignol hura, kluna!», eta aitzineko aldiko saioa gogoan, dena arraileria: «Haurrak baino piesago ezarriak gintuen!» (animatzaileaz mintzo). Artaietek zehaztu du ariketan egiten dutena: «Grimasak! Batean irriz, bestean kexu, bestean kontent».

Hizkuntzak ere badu munta. Lehenbiziko urtean, murgiltze ideian ari izanak dira zahar etxeko arduradunak, egoiliar euskaldunekin, osoki euskaraz egiteko. Baina ondoko urtean, euskararik ez dakiten beste egoiliarren galdeari erantzunez, orain «elebidunak» dira ateleriak.

Hiru solaskideei iduritzen zaie heldu diren haur gehienek mintzo dutela ontsa euskara, etxetik eta eskolatik ikasirik ageri zaiela. «Gu baino hobeki mintzo dira», dio Hazparne aldeko euskalkia ezin hobeki erabiltzen duen Etxemendik. Funtsean, mahai ingurukoak euskalki berekoak dira.

Dirua eskas
Haurrak, eskolaz kanpoko jarduera tenoreen karietara, badoaz zahar etxeko tailerretarat. Izturitzeko Herriko Etxeak ordaintzen du tenore horien sarirako parte bat beste herrietan bezala. Bizkitartean, ez da aski kanpotik jin artista profesionalen pagatzeko, eta dirua beste nonbait bilatu behar dute zahar etxeko langileek.

Lehen urtean Frantziako fundazioak eman zien zerbait; Kanboko Rotary klubak ere bai, eta, euskarazko jardunak zirenez, Euskararen Erakunde Publikotik eta Euskal Kultur Erakundetik hunki zuten laguntza bat. Horiei gehi Departamendu Kontseiluko laguntza. Baina urte batetik bestera berriz egin behar dira laguntza galdeak, eta ez dira bermatuak.

Horregatik, aurten, esperantza handiak dituzte Frantziako fundazioak egiten duen lehiaketan. 6.000 euroko laguntza da jokoan, baina, hara, Frantzia guzitik 50 hautagaitza badira. Publikoaren saria denez, fundazioak sosa emanen dio jendeak gehien bozkatuko duen proiektuari.

Baina lehia gogorra da, hautagaitza orotarik baita, besteak beste, ikerlarien mundutik datozenak eta boz kopuruan gora joaten direnak. Horregatik, badu zenbait aste ari direla Pausa Lekukoak mezu elektronikoen lau haizeetara zabaltzen, jendeak haien xedearen alde bozka dezan Interneten bidez, urriaren 11n hetsiko dutelarik bozkatzeko epea. Mementoan, iduri luke lehenbiziko postuan dela, baina bost eginahalak egiten ditu tokiaren atxikitzeko. Proiektuaren berri zabaltzen duen bideo bat ere ikus daiteke Youtube sarean, Pausa Lekuaren izenean.

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude