Geroa eta oraina, laborarien esku

Euskal Herriko Esne Kooperatiba osatzen duten 103 familiek finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abiatu berri dute, kooperatibak dituen proiektuak garatzen laguntzeko; 100.000 euro lortu nahi dituzte.

 

Besteak beste, Interneteko salmenta hasi eta Alduden denda bat ireki nahi du kooperatibak. BIXOKO KOMUNIKAZIO AGENTZIA

Besteak beste, Interneteko salmenta hasi eta Alduden denda bat ireki nahi du kooperatibak. BIXOKO KOMUNIKAZIO AGENTZIA

Eneko Etxegarai
Finantzaketa kolektiboko kanpaina bat jarri dute abian Euskal Herriko Esne Kooperatiba osatzen duten 103 familiek, kooperatibak dituen proiektuak garatzen laguntzeko. Arrakastatsua izaten ari da: 100.000 eurotan jarri dute helburua, eta, hogei egunetan, 81.000 euro bildu dituzte. Uztailaren 31n abiatu zuten kanpaina. «Ontsa abiatua da: egunean, 50 pertsonak 6.000-7.000 euro artean ematen dizkigute», azaldu du Nicolas Cachenaut laborari, kooperatibako kide eta diruzainak (Gamarte). Irailaren 28ra arte du lagundu nahi duenak.

 

Batuko duten diruak proiektua garatzen lagunduko du. Askotariko egitasmoak dituzte kideek: Interneteko salmenta hasi; produktu berriak sortu; Donibane Garazin irekitako dendaz gain Alduden beste bat ireki; produktu biologikoak garatu, eta manex ardi arrazaren esnearekin soilik egin gasna bat ekoitzi.

 

Oraingoan ere, kooperatibaren egitasmoa aurrera ateratzeko, beren baitarik hasi dira laborariak. Euskal Herriko Esne Kooperatiba bi banku handik finantzatu zuten bere garaian, baina salmentak emeki hasi direla azaldu du Cachenautek. «Halako tresna bat martxan jartzeak denbora hartzen du: tresneria egokitu behar da, produktuak ezagutarazi, dastarazi, gero erosleek pentsaketak egin behar dituzte», gaineratu du laborariak.

 

«Nahiz eta uda honetan gauzak hobeki diren, salmentak emeki abiatu direnez, ezin izan dugu hirugarren banku hori atzeman, eta, horretarako, finantzaketa kolektiboko kanpaina jarri dugu martxan», argitu du Cachenautek. Dirua biltzeko plataforma kudeatzen duen enpresa Pariskoa da, eta lehen aldia du tamaina horretako proiektu bat eramaten. «Guk esplikatu diegularik gure egoera, hau da, 100 familiatik gora ginela eta 25 langile inguru, berehala erran digute ibili behar zuela».

 

Desmartxa nola igaro den azaldu du kooperatibako kideak: «Telefonoz aritu gara lanean, konfiantza osoz, eta behin gure instalazioak ikustera etorri ziren». Hortik aitzina, «esplikatu digute komunikazioa nola egin behar genuen; mezu elektroniko batzuk bidali ditugu, baina ez da aurrelanketa asko izan. Diru bilketa abiatu dugu, eta martxatu da».

 

Ikasturte hasierarako, beste diruztatze kanpaina bat jarriko dute abian. Bigarren hori kapital kanpaina bat izango da, enpresei edo inbertsore handiei zuzendua, nahiz eta norbanakoak ere parte hartzen ahalko duen. Irailaren 1ean hasiko da. «Ekarri kapitala bost urtez blokeatua izanen da», zehaztu du Cachenautek. Seigarren urtetik goiti, aurreratutako kapitala interesekin itzuliko zaie inbertsoreei, lau urtez jarraian. «Bost urtez blokeatu behar da, desfiskalizatzea bilatzen ahal dutelako batzuek», azaldu du.

 

Kapitalean dirua ematen duenak hitza izango du erabakigune kolektiboan, baina laborariak dira gehiengoa atxikiko dutenak. Bi finantzaketa kanpainen artean milioi bat euro biltzea du helburu Euskal Herriko Esne Kooperatibak. «Helburua 2016an dugu: errentagarritasuna lortu nahi dugu ordurako», azaldu du Cachenautek, baina, horretarako, oraindik partaide komertzialak aurkitu behar dituzte.

 

Aspaldiko borroka
Enpresarien saretik atera eta haien oraina zein geroa beraien eskutan hartzea ez da gauza berria Aldudeko ibarrean. 1970ean sortu zen Euskal Herriko Esne Kooperatiba. Hogei urte berantago, 400 laborarien tresna bilakatu zen. 1991n, esnearen krisian, lehen lerroan aritu ziren krisiaren kontra. Hala nola garai hartako industriak esne litroaren beherakada iragarri zuen, eta, ondorioz, kooperatiba desegitea proposatua izan zen.

 

Horrekin batera, kideak esnetegi handietan integratzeko proposamena egin zen. Baina kooperatibako 70 ekoizleen integrazioaren aurka agertu zen industria, manifestazio eta protesten liderrak zirelakoan. Azken horiek berrantolatzen hasi ziren, eta Euskal Herriko Esne Kooperatiba berreskuratzea lortu zuten.

 

2011n, kalapitak izan ziren berriro ere, industriak bederatzi milioi esne litro ekarri nahi izan zituenean Frantziatik, Nafarroatik eta Espainiatik, kooperatibako 4.000 litrok hartzailerik ez zutenean. Ondorioz, esne hori industriaren egoitza aitzinean isuri zuten laborariek.

 

Horrez gain, interprofesionalen bileran, enpresariek kooperatibaren esnea ez hartzeko agindua eman zieten beste esnetegiei; hala ere, laborariak kooperatibatik ateraz gero, guziei banan banan esnea hartzeko adostasuna adierazi zuten. Azken puntu horri baldintza bat jarri zioten, gainera: laborari guziek atera behar zuten kooperatibatik, bestela ez zioten inori ere hartuko esnerik. Orduan, Jean Luc Etxart laborariak salatu zuen kooperatiba desagerrarazteko helburua zutela. Gaurko egun, 103 etxaldek osatzen dute Euskal Herriko Esne Kooperatiba, eta guztira 25 pertsonek lan egiten dute, dendan eta gasnategian.

 

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude