Ubuntu: jendarte berria martxan

Eleketan: Xabi Larraldek erantzuna Gorka Torreri.

Hire azken gogoetarekin ados nauk Gorka: teknologia ez duk neutroa. Are guttiago kapitalismoan; tresneriaren inguruan (kapitala) itzulikatzen baita bere dinamika. Alabaina, hazkundeak eta akumulazioak tresneri kantitate gehiago osatzea eskatzen dute: inbertsioa deitzen dena. Inbertsioa bera, motz-motzean, balio ekonomiko zuzena ekartzen ez duen urrats bat bezala kontsideratu behar da. Aitzinapen ekonomiko bat eskatzen du (lan-tresnaren eraikuntzan), gero, berreskuratu behar dena (amortizazioa), ondotik, etekinak lortu ahal izateko. Kapitalaren amortizazio baldintzek kapitalismoaren zikloak ezaugarritzen dituzte (ikus I. Wallerstein, Le capitalisme a-t-il un avenir? La dé- couverte, 2014). Halaber, honen arabera esplikatzen du K. Polanyk merkatuaren sorrera: tresneri industrialaren amortizazio epearen laburtzeak ekoizpen eta salmenta jario iraunkorrak eskatzen ditu. Horretarako, alde batetik, batzuk salmentan espezializatu behar dute, eta bestetik, lehengaien eta esku-lanaren hornikuntza etengabea eta flexiblea bermatu behar da. Azpimarratu dezagun berehala, liberalen «merkatu librea» ez dela existitzen. Haien iritziz, merkatuan lehia gordin eta librea bermatuz-gero, ekoizle askoren arteko «oreka» «eraginkor» bat finkatu daiteke. Ekoizpen industrialaren ezaugarriengatik liberalek berek dakite merkatu «librea» fikzio bat dela. Izan ere, azpiegitura inbertsio batzuen erabilpen kostuak «finkoak» dira: ekoizpen kantitateei ez dira zuzenki lotuak. Adibidez, egoitza baten argi-indar sistemaren kostua ez da hainbeste aldatuko langile bat edo lauzpabost lanean badira. «Eskala ekonomia» horien ondorioa da kantitate handiak ekoizten ahal dituena ttipiei nagusituko zaiela beti, inbertsio finkoak amortizatzeko gaitasun handiagoa duelako. Egungo tresneri industrialaren errealitatean kokatuz, ekonomialarien «liberalismoa» J.J. Rousseauk ematen zion zentzuaren arabera ulertu behar da: indartsua eta ahularen arteko harremanetan libertateak zapaltzen du. Beraz tresneria ez da neutroa, kapitalismoaren ibilmoldea ezaugarritzen du. Bainan tresneria emantzipatzailea izan daiteke, baldin eta, I. Illitchen (ikus, La convivialité, Seuil, 1973) azterketaren haritik, burujabetza irizpide bat bermatzen badu; alegia, pertsonen menpekotasuna eragiteko ordez, haien autonomia garatzen badu. Horri begira, informatika eta komunikazio teknologien bilakaerak oso hurbiletik segitu behar dizkiagu Gorka. Azken aldian Ubuntu logiziela aipatzen nian, azpimarratuz ondasun komuna dela: denena duk eta aldi berean nehorena. Hego-Afrikan Ubuntu kontzeptu herritarra duk, aniztasuna eta idekidura adierazten duena. Bere garaian, N. Mandelak erabili zuen ber-adiskidetzearen pedagogia egiteko. Filosofia honekin eraikia den logiziel idekien eremua -open source mundua- ekoizpen moldeak «kutsatzen» hasi duk (ikus J. Rifkin, La nouvelle société du coût marginal zéro, Les liens qui libèrent, 2014). Eraldaketa honen ardatza 3D inprimagailuen teknologia duk. 3D inprimagailuak logiziel baten agindupean dabiltzan ekoizpen tresna automatizatuak dituk. 3D inprimagailuekin ondasunak ekoizten dira, tartean, autoen karrozeriak (Urbee auto modeloa). Azken urteetan, DIY (=Do It Yourself = burujabea izan !) mugimenduak ekoizpen sistema ideki (open manufacturing kontzeptua) batetara pasatzeko zirrikitua ideki du RepRap ekimenarekin (ikus : www.reprap.org). Ekimen honen bultzadaz, aldagai guziak (bereziki logiziela) idekiak dituzten 3D inprimagailuak eraiki dituzte. Inprimagailu horiek merkeak dira, eta ingeniari komunitate zabal batek eraikuntzan parte-hartu duenez, teknikoki oso ongi garatuak.

Horrez gain, RepRap inprimagailuek beste inprimagailuak fabrikatzeko gaitasuna dute. Logiziela librea, tresneri merkea eta bere burua erreproduzitzeko gai! Ezaugarri hauekin RepRap ekimenak kapitalismoaren logika hausten duen ekoizpen sistema alternatiboa irudikarazten diguk. Alde batetik, doakotasun printzipiotik hurbilduz, inbertsioen amortizazioaren problematika ezabatzen dik, eta merkatuaren logika kolokan jartzen. Bestetik, jakinduria industriala eta ondasun konplexuen ekoizteko ahalmena demokratizatuz, eskala-ekonomiak eta masa produkzioaren beharra desaktibatzen ditik. «Ubuntu» Gorka: oraindik itxaropentsuak egoteko arrazoinak dizkiagu!

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude