Mutil bati eta bi neskari eraso egin diete Baionako bestetan

Baionako prokuradoreak azaldu duenez, kasu guziak ikertzen ari dira. PAF mugimendu feministak, Baionako Gazte Asanbladak eta Aitzina gazte antolakundeak protestara deitu dute. 17:30ean eginen dute elkarretaratzea, Laborarien Xokoan.

Bestetako lehen gauean gertaturikoak dira hiru erasoak. Samuel Vuelta Simon prokuradoreak BERRIAri baieztatu dionez, 18 urteko mutil batek salatu du asteazken gauean bortxatu egin zutela, Baiona Ttipian. Bertze gizon batek egin zion erasoa: mehatxu eginez felazio bat egitera behartu zuen. Mutilak segidan salatu zuen gertaturikoa, eta ikerketa bat abian da erasotzailea topatzeko.

Bertze bi erasoak ere ikertzen ari dira. Asteazken gauean gertatu ziren horiek ere. Errobi ibaian aurkitu zuten emakume batena da lehenengoa. BERRIAk jakin ahal izan duenez, errobi bazterrean zegoela, gizon talde bat harengana hurbildu, eta erasotua izatearen beldurragatik ibaira egin zuen jauzi. Bertze emakumea lurrean aurkitu zuten, kalean. Galtza eta kamiseta urratuak zituen, besoetan markak, eta esperma zeukan gorputz gainean. Bi kasu horietan ere zehazki zer gertatu zen ikertzen ari dira. Emakumeek ez dute salaketarik jarri, oraingoz.

Elkarretaratzea, gaur

PAF mugimendu feministak, Baionako Gazte Asanbladak eta Aitzina gazte antolakundeak elkarretaratzera deitu dute gaur arratsaldean. 17:30ean eginen dute protesta, Xaho Pelletier kaiko Laborarien Xokoan. Kamiseta beltza janzteko deia ere luzatu dute, protesta modura.

Partekatu artikulu hau

Lotutako berriak

Irakurri

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude