Hondarreko hondarkinak

Ipar Euskal Herriko hondarkinen bilketa herri elkargoei dagokie; tratamendua, berriz, bi sindikaturen gain da. ‘Grenelle legeari’ jarraiki, zuberotarrek sortu hondarkin kopuruaren arabera pagatuko dute.
Irakurri ere: Hazketaren geroa kordokan?

 

Capture d’écran 2015-05-29 à 02.29.16Ainize Madariaga
Jakina ote da hondarkinak norat abian diren? Noren gain ote da beren kudeaketa, bilketa eta tratamendua? 1975az geroztik, Frantziako Estatuko herriak legez behartuak dira etxeko hondarkinen bildu eta tratatzeko. Hala, zerbitzu publiko horren kostua mugatzeko, herriak herri elkargotan edo bertze herri arteko lankidetzarako establimendu publiko batean (EPCI) bildu ziren.

 

2002az geroztik, herriak behartuak dira lurperatu aitzin hondarkinei balioa emateko. Gogoetek bultzaturik, urte berean, Bil Ta Garbi sindikatua sortu zuten, kasik Ipar Euskal Herri osoko etxeko hondarkinak eta idurikoak tratatzeko, hogei hautetsiz osaturik. Baina ez da bakarra, Bizi Garbia sindikatuak ere bere eremuan lan bera egiten baitu. Herri elkargoek hondakinen bilketaren eskumena atxiki dute. Ororen buru, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako 296.434 biztanleen etxe hondarkinak kudeatzen dituzte aipatu bi sindikatuek, baina elkargo bakoitzak du bilketarako eskumena.

 

Nola da posible bilketa sistema desberdinak izatea? «Eskualdeak biziki desberdinak baitira, herri eta hiriei ezin zaie aterabide bera eman. Gune historikoan ezin iraulki kamioiak pasatu, ezin ere etxe guzietako bortetan kontainer bat ezarri, toki eskasez», argitu du Celine Delacroix departamenduko kontseilu orokorreko hondarkinen kargudunak.

 

Funtsean, bi bilketa sistema nagusi dira: hondarkinendako edukiontzi bilgunea, batetik, eta etxez etxeko bilketa, bertzetik. Bi sistemak zenbait ñabardurak desberdin ditzakete, eman dezagun, kukuso elektronikoa duten ala ez, ontziak lurperatuak ote diren… Gainera, hondarkindegiak ere hor daude. Duela hogei urtetik honat hobekuntza handiak ikusten ditu Delacroixek: «Kolektibitateek berritzaileak diren gauzak egin ahal izan dituzte nahikeria politikoa den lekuetan, kukusoak, lurperaturiko ontzi batzuk… Zuberoan egin duten bezala, kasik aitzindariak dira».

 

Zuberoako Herri Elkargoak zortzi herritan du eginen etxez etxeko bilketa; gainerakoan, argazkian ageri bi edukiontzietan bilduko du, oro pizatuz. HERRI ALKARGOA

Zuberoako Herri Elkargoak zortzi herritan du eginen etxez etxeko bilketa; gainerakoan, argazkian ageri bi edukiontzietan bilduko du, oro pizatuz. HERRI ALKARGOA

Zuberoa aitzindari
«Helburua duzu xuxenago paga araztea orain baino, jendeak egiten duenaren arabera. Baina jendeak puru, egin dezan gutiago zikin, eta birziklatu haboro. Oraingo sisteman, nahi duenak egiten dizu bereizketa; halarik ere, zeinek ez duen egiten, berdin orok pagatzen dizugu zergetan. Kanbiamendu handia duzu, auzapezek hautatu dizute sistema berri baten ezartzea», azaldu du Mixel Irazabal Zuberoako Herri Elkargoko hondarkinen bilketa arduradunak.

 

Izan ere, 2009an bozkatu legeak dio 2015erako plantan ezarri behar dela hondarkinen zenbaketa; etxe bakoitzak sortu zabor kopuruaren segimendua, hots.

 

Funtsean, sortu hondarkinaren arabera ordainduko dira zergak, «ura bezala», dio Irazabalek. Izan ere, urtearen kursian sortu hondarkin nahasiaren pisuak du manatuko zergaren heina. Pisatzea oraindanik plantan ezartzen ari dira; fakturazioa, berriz, 2017rako eginik izanen da.

 

Haatik, nola neurtu norberak sortu zikina? Biztanle orok bere pasa txartela ukanen du. Birziklatzen ez diren hondarkinak; hondarrak, aurtikitzeko beharrezkoa izanen zaiona, ontzia zabaldu ahal izateko. Hala, hondar hondarkinen poltsa eskuetan eta kukusoa lagun, zikin ontzia ireki eta aurtiki ahal izanen da.

 

Zuberoan, bi sistemak
Arestian aipatu bi bilketa sistemak baliatzen dituzte Zuberoan, hondarkin nahasiendako edukiontziak eta etxez etxekoa. «Etxez etxe iragatea guk zortzi herritan baizik eginen dizugu, beste orotan hondarkin nahasiendako kontainer handiak ezarriko dizkizugu. Bi sistema horien barnean herri elkargoek hauta dezakete, edo guk bezala bietarik egin», azaldu du Irazabalek. Hala, Maule, Garindaine, Sohüta, Bildoze, Espeize-Undüreine, Sarrikotapea, Lixoze (Okzitania) eta Atharratzen, «etxekal bi kontainer erroten gainean ezarriko dizkizugu, bat nahasiendako, eta beste bat birziklatzen direnendako, eta aste oroz bilduko dizkizugu». Zortzi herriotan ez bertze guzietan, hondarkinendako edukiontzi bilguneak plantan ezartzen ari dira, herritarrei «galdeginez» gune batzuetarat joatea, betiere, kukuso edo pasa txartela baliatuz baizik hondar hondarkinendako.

 

Grenelle 1 legeak galdegiten duenak hondarkin mota guzietarako balio du, birziklagarria dena nola ez denarendako. Zuberoan, hondarkin nahasiendako baizik plantan ezarriko dute. Baina Delacroixek dio bertze eskualde zenbaitek orotan ezarria dutela kukuso sistema.

 

Zuberoak egiten duena aitzinamendu gisa ikusten du.«Hastapenean inbertsio biziki handia da; beraz, nahikeria politiko handia beharrezko da. Baina, gero, kontuak ateratzen dira, tonatzeen emaitzetan, jendeak kasu egiten baitu. Ororen buru, biztanlearen gastua apaltzen da».

 

Zuberoan, ez dira gehiago etxez etxe joanen birziklatzen diren hondarkinen xerka; uztailetik aitzina, 36 herrietako biztanleak 100 puntuetarat joan beharko dira, hondarkin bakoitza bere ontzian ezarriz; berina, hondarrak eta birziklagarria. Orain arteko errefusendako 900 guneak ilkiko dituzte. Irazabalek argi du: «Ontziak gosta dira, baina nahiago dugu hondarkin gutiago bildu!».

 

 

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude