Homosexualitatea beti tabu da

Miarritzeko ostalaritza lizeoko bi ikaslek inkesta bat egin dute homofobiaz, 604 gazteren artean, eta galdezkatu bost ikastetxeetan aurkeztu dituzte emaitzak. Gay eta lesbianei buruzko klixeak, ezjakintasuna eta gazteentzat mintzatzeko guneen beharra azpimarratu dituzte.
Beñat Gachen. Les Bascos elkarteko burua: «31 homofobia kasu aipatuak izan zaizkigu».

 

Miarritzeko Ostalaritza ikastetxeko Aterpetze arduradun izateko ikasketen karietara egin dute inkesta homofobiaz. IÑAKI ETXELEKU

Miarritzeko Ostalaritza ikastetxeko Aterpetze arduradun izateko ikasketen karietara egin dute inkesta homofobiaz. IÑAKI ETXELEKU

Iñaki Etxeleku
Ostalaritza lanbide lizeoko ikasleak dira Margaux Guillot eta Anthony Terral, eta aurten bukatuko dute Aterpetze arduradun izateko BTS edo goi mailako teknikari brebeta. Ostalaritzako gainerako arloez aparte, ikasgaien artean sartzen da aterpetze sozialen atala, eta karia horretara dute galdeketa muntatu. «Egia da usaian ikasleek lan egiten dutela zahar etxe, ospitale ala enbalditu etxeekin, baina Le Refuge bezalako elkarte batekin lehen aldia zitekeen», aitortu du Terralek. Montpellierkoa (Okzitania) izanki, ezagutzen zuen Le Refuge, eta harremana egin du haiekin. Gay edo lesbiana izateagatik etxetik kanpoa izan duten gazteen harrera eta aterpetzea bermatzen duen elkartea da hori. Frantziako hiri nagusi zenbaitetan baditu adarrak.

 

Miarritzeko ikastetxean duten marketin irakasleak gomendatu zien homofobiaz inkesta horren egitea bi ikasleei, nahiz biek ere arazo horretaz axola izan. «Kolegioan nintzelarik, Jean Marie Perieren Casse-toi liburua irakurri nuen: Le Refuge elkartean aterpetuak ziren gazteen lekukotasunak ziren, eta azkarki hunki ninduen jakiteak buraso batzuek beren haurra karrikan uzten ahal zutela sexu joerarengatik» dio Guillotek.

 

Homofobiak belaunaldi eta gizarte eremuak oro hunkitzen baditu, etxetik kanporatzeak 14 eta 25 urte arteko gazteen artean dira gertatzen. «SOS Homophobie egiturak urtero jalgitzen duen txostenean argi da ekintza homofoboak pairatzen dituzten biktimak nagusiki lizeoetan direla», esplikatu du Terralek. Horregatik dituzte hautatu Ipar Euskal Herriko bost ikastetxe, horietan bi kolegio. Angeluko Sainte Anneko, Baionako Paul Berteko, Donibane Garaziko Nafarroako lizeoko, Kanboko Xalbador kolegioko eta, nolaz ez, Miarritzeko ostalaritza ikastetxeko ikasleei helarazi diete galdetegia. Denetarat, 604 ikaslek erantzun dute, eta horretarik atera dituzte ondorioak.

 

Inkestaren proposamena egin dutelarik ikastetxe gehiagorengana jo zuten, baina zenbaitek argiki errefusatu die. Bat edo bestek gordinki ere. «Azkenean errefusa horiek erakutsi digute lan hori ez dela debaldetan. Ikastetxe batzuek aipatzea bera ukatzen badute erran nahi du kontra agertzen direla», dio Guillotek.

 

Gehienetan harrera ona izan dute, eta lanarentzat babesa. Xalbador kolegioan egin duten aurkezpena azpimarratu dute bi ikasleek. Ikasketa kide euskaldun baten laguntzaz joan ziren Kanboko ikastolara. «Interesgarria zen, lehen aldia baitzen sakonki aurkezten ahal genuela gure lana. Homofobiaren egoera aurkeztu diegu, eta gazteak izanagatik biziki interesatuak ziren. Galdera anitz egin dizkigute», zehaztu du Terralek. «Hainbeste galdera bazituzten, non behar izan baitiegu aitortu ez genuela ezagutzarik aski zenbait gaietan ihardesteko. Transexualitateaz, adibidez, erran diegu ez ginela aski formatuak erantzuteko. Zinez interesgarria izan da», gehitu du Guillotek.

 

Oraindik harritzen du
Galdetegiaren emaitzak eskuratu dituztelarik, zenbait gauza ohargarri egin zaizkie inkesta egileei. Lehenbizikoa, lagun baten homosexualitatearen berri hartzeak gazte franko harritzen dituela. Erran behar zuten nola iharduki zezaketen lagun batek jakinarazten balie homosexuala zela. Zinez baikorki onartuko luketenak %28 dira, baina gehienek erantzun dute harridura sentituko luketela.

 

Bizkitartean, ondoko galdera sexu bereko lagunen arteko ezkontzaz zen, eta aise gehiagok onartzen dute. «Erran daiteke, beraz, gazte hauentzat homosexual bat bizi-egitura klasikoago batean sartzen bada ezkontzea eta haurren ukaitea, hots, onartuago izanen dela», xehatu du Terralek. «Ikusiz nolako eztabaida izan zen Denen ezkontza legearekin, ez genituen baitezpada halako erantzunak igurikatzen».

 

Galdeginik zer esplikazio ematen dieten ihardespen horiei, Guillotek uste du erakusten dutela «normaltasun eta egonkortasun baten bila dabilen gizartearen erakuslea dela. Bada ere klixe bat oraino azkarra dena buruetan homosexualari begira: besta egilearena, hiesa». Hots, iraganeko uste horiek hor direla oraino. «Jostatzea maite duen heterosexual bat laudatuko da, baina homosexual bati ez zaio onartzen». Emazteen egoerari konparatzen dute tratamendu ezberdin hori. «Arazoa hor da», dio Terralek, «emazteak ez dira gizonak bezala tratatuak oraino; Pédé hitzak berak gizona emaztearen mailan ezartzea du helburu: erran nahi du emaztea apalago jartzen dela oraino. Arazo hori konpontzen balitz jada, pentsatzekoa da homosexualitatea onartuago litzatekeela».

 

Ezaguna zen nekezia bat baieztatzen du inkestak, bestalde, aita-amei ezin aipatuzkoa gelditzen den gaia dela —%20k aitortu dute burasoek ez luketela onartuko haurrak gay edo lesbiana dela salatzen balie—. Bultzatzaileek aitortzen dute horrek dituela lanaren egitera ekarri. Ohartuak baitziren gazte franko ez zirela menturatzen sexu joeraren salatzera burasoek gaizki har beldur. «Galdera horrek digu baieztatu bazela Ipar Euskal Herrian gazteen entzuteko zerbitzu baten beharra segurik, eta, hoberenean, aterpetze zentro batena».

 

Gizartearen eta erlijioaren zama ikusten du ere zailtasun horren gibelean Terralek. Aita-amentzat gaiaren aipatzeko zailtasuna ere tabu horren adierazle dela. «Bi urtez aipatu digute Denen ezkontza, baina gai horiek ez dira aipatuak izan zinez familietan», darraika Guillotek. Ibili diren ikastetxeetan, gazteek onartzen zuten ez zekitela xuxen nola ihardetsi galdera horri. «Bada beldur bat ere», Terralek dioenez, «ez baita ikusten homosexuala izatea beste sexu joera baten ukaitea baizik ez dela, gainerakoen bizi bera eramanez horren ondoan. Beldur eta ezjakintasun horrek du eragiten ukatzea».

 

Aipatzearen zailtasun hori ikusi dute inkesta egileek ikastetxe bateko bisitan. Galdeketa banatu ondoan ikasle bat jin baita haiengana galdeginez nola egin behar zuen burasoei aipatzeko harremana hautsi gabe. Le Refuge elkarteak duen aholku zerbitzuaren berri eman diote. «Behar bat badela bistakoa da», dio Guillotek, «ikasleena baino lehen burasoen hezkuntza egin behar litzateke. Aldi oro azpimarratu diegu haien bizia zela, ez burasoena, nork bere ikusmoldea eraiki behar zuela. Adin horretan zaila da burasoei buru egitea. Horregatik, gure iduriko hezkunde nazionalak baluke rol bat jokatzeko. Eskolaren barnean ez baita baitezpada burasoekin ados izaterik».

 

Eskolako zerbitzuetan ere bada lan egiteko, SOS Homophobie elkarteak urte guziz biltzen dituen lekukotasun zuzenetan agertzen baita irakasle edo eskoletako langileengandik ekintza homofoboak gertatzen direla.

 

Aterpetxe baten beharra
Miarritzeko ikasketak bururatuko dituzte ikasturte hondar honetan Guillotek eta Terralek, baina gogoko lukete sartzetik goiti beste ikasle batzuek segida har dezaten lan horretan. Inkestaren emaitzetarik, gazteekin banakako solasaldien bidez ikusmoldeen barnatzeko.

 

Amestuko zuten Le Refuge elkartearen Ipar Euskal Herriko adar baten irekitzean parte hartzea, baina, ikasketek beharturik, ezin. Bizkitartean, baikor dira Les Bascos tokiko elkarteak eraman lanarekin eta Txalaparta guneak eskaintzen dituen ahalekin. Laguntza beharretan diren gazteen harrera gune bat irekiko baitu horrek buruil hondarrean egoitzan berean. Ikastetxeei begirako lana hasia du funtsean elkarteak, esku orri bat banatzen baitu lizeoetan ukan dezaten mintzatzeko gunearen berri. Barnealdean ere nahi luke presentzia bermatu. Ekainaren 20ko harrotasun martxari begira soinu dei berezia eginen du Euskal Irratietan. Euskal Herria Zuzenean festibalean ere izanen dira Les Bascosekoak (www.les-bascos.fr; www:le-refuge.org).

 

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude