Barreiaturikoa biltzeko

Bilketa.eus sortu dute, euskal funtsen Interneteko ataria. Ipar Euskal Herrian zein Frantzian sakabanaturiko dokumentuak sareratu dituzte.

ipar Euskal Herriko HITZA

ipar Euskal Herriko HITZA

Maddi Ane Txoperena Iribarren
Euskaraz edo Euskal Herriari buruz eginak. Testu, eskuizkribu, audio, irudi zein ikus-entzunezkoak. Eta orain arte Frantziako zein Ipar Euskal Herriko liburutegi, artxibategi eta etxe zokoetan barreiaturik egon direnak. Dokumentu horiek guziak biltzeko lanetan murgildu dira Ipar Euskal Herriko hainbat erakunde azken urteotan, eta, fisikoki ez bada ere, sarean katalogatu eta elkartu dituzte atzemaniko guziak, Interneteko Bilketa.eus atarian. Erreferentzia zehatzak idatzi dituzte dokumentu guziei buruz —tartean, fisikoki non topa daitekeen bakoitza—, eta horietako batzuk, gainera, osoki jarri dituzte sarean eskuragarri, digitalizatu baitituzte. Orotara 110.000 erreferentzia baino gehiago zerrendatu dituzte dagoeneko webgune berrian: 71.000 liburu, 28.000 artikulu, 5.000 disko, 1.500 film eta ehunka dokumentu digitalizatu. Sare hori zabaltzen segitu nahiko lukete hemendik aitzina, eta, ahal bada, Hego Euskal Herriko dokumentuetara ere hedatu.

 

Biltzea ez da izan, ordea, atzo Baionan aurkeztu zuten webgunearen helburu bakarra, Marie-Andree Ouret proiektuaren bultzatzaileak azaldu duenez. Izan ere, dokumentu horiek edonorentzat eskuragarri izatea da Bilketa.eus atariaren helburua: «Euskaraz eta Euskal Herriaz den dokumentazio horretaz informazioa biltzea eta zabaltzea da xedea, eta bilaketa tresna indartsu baten bidez ikertu ahal izatea». Sareko bilatzaileak aukera ematen du, adibidez, autore, garai, dokumentu mota, hizkuntza edota gordeta dauden lekuen araberako arakatzeak egiteko. Dokumentu zaharrenetatik berrienetaraino aurki daitezke bertan, gainera. Konparazio baterako, hor daude Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae-ri buruzko erreferentziak zein BERRIA egunkarian argitaraturiko artikuluei buruzkoak.

 

Funtsaren zati batzuei balioa emateko gisan, bertzalde, Interneteko atariaren azalean atal bereziak sortu dituzte, eta horietan erakutsiko dituzte, bertzeak bertze, funtsera berriki baturiko dokumentuak. Piarres Lafitteren liburutegi pribatuari buruzko informazioa aurki daiteke, erraterako, edota artxiboei buruz antolaturiko hitzaldi edo erakusketen berri izan. Euskaraz eta frantsesez bisitatu daiteke atariko gune oro.

 

Pastoralaz, erakusketa
Zuberoako pastoralei buruz erakusketa birtual bat osatu dute Bilketa.eus atariaren barnean, espresuki sorturiko atal batean. Jean Louis Davantek eta Beñat Oihartzabalek idatziriko azalpen ugari daude bertan, baina baita pastoral zaharretako kaierak, argazkiak eta Euskal Kultur Erakundeak jasotako lekukotasun anitz ere, ikus-entzunezko formatuan. Georges Herelle etnografoaren lan oparoa ere ikusgai dago, bertzeak bertze. Pastoralei buruz anitz ikertu zuen 1848an Frantzian sorturiko ikerlari horrek, eta, kasurako, argazki, marrazki eta azalpen andana bat utzi zuen idatzirik Zuberoako herri antzerki horiei buruz. Herellek ez zekien euskaraz, ordea, eta Leopold Irigarai zuberotarra izan zuen haren ikerketan lagun. Batak bertzeari igorritako gutunak gordeak ditu Baionako Euskal Erakustokiak eta hiri bereko herri liburutegiak, eta horiek ere ezarri dituzte sarean. 1899tik 1928ra arteko eskutitzak daude.

 

Pastoralari buruzkoa, baina, ez da katalogo osoan aurki daitekeenaren lagin bat baino. Ataria, oro har, euskarazko hezkuntzan ari direnentzat baliagarri izatea nahiko lukete, daramaten lan nekearen euskarri. Eta, bereziki, funtsa urterik urte berritu eta zabaltzeko itxaropenez.

 

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude