Ikerketak eta oroitzapenak

Sarako Idazleen Biltzarrak 32. aldia izanen du astelehenean. 113 autore dira joatekoak. Berritasunen artean, gerla, hilak, iraganeko istorioak eta ondarea aipagai.

 

Sarako Idazleen Biltzarra, iaz. Sylvain SENCRISTO.

Sarako Idazleen Biltzarra, iaz. Sylvain SENCRISTO.

Nora Arbelbide
Sarako Idazleen Biltzarra azken berrikuntzen aurkezteko aukera izaten da zenbait argitaletxerentzat. Baina ezin, halere, erran argitalpen berrien joko horretan erabat sartzen denik ekitaldia. Ezta 32. aldi honetan ere. Pazko astelehenez Sarako kiroldegian iraganen den eguneko liburuxka ofizialeko argitalpen berrien zerrenda eskuzabala lekuko. Betidanik, eta aurten ere bai, autore anitz agertuko dira Sarara beren betiko liburuekin. Liburua beti gelditzen baita liburu.

 

Biltzarraren antolatzaileei —Sarako turismo bulegoari, Herriko Etxeari eta Euskal Kultur Erakundeari— beren presentzia baieztatu dietenen artean, 113 autore, 26 elkarte eta 22 argitaletxe dira. Jakinez gehiengoak segitzen duela frantsesezko argitalpenak ekartzen biltzarrera.

 

Egitarau aldetik, egun osoan idazleak hor izanen dira beren liburuen izenpetzeko. Haurrentzako bi tailer proposatuko dituzte. Aurrena, Delphine Goienetxek Galtzerdi marradunak (ZTK) liburuaren berri emango du, 15:00etan, eta, ondotik, Paxkal Bourgoin Dutea (Ikas) trilogiaz mintzatuko da. Biltzarrak ez du sari banaketarik aurten, bi urtean behin baititu banatzen. Dena den, erakusketak bai, jarriko dituzte. Horien artean dago I. Mundu Gerrari buruzko bat. Zuberoako Ikerzaleak elkartearen eta Baionako Euskal Museoaren artean prestatu dute, hain zuzen, Zer gelditzen da Gerla Handiaz? mostra. Gai horretaz interesatzen denak Patri Urkizuk prestatu 1914-1918 lekukoak liburua (Maiatz) aurkitzen ahalko du bertan. Euskaldunek 1914ko gerlaz idatzi 60 euskarazko testu hautatu ditu. Dela kronika, gutun, poesia edo bertso. Eneko Bidegainek Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria (Elkar) aurkeztekoa du, frantses bertsioa argitaratu dutela.

 

Hilen itzuleraz
Gerlaz bestalde, berritasunen jokoan doi bat sartuz, labetik atera berri diren beste lanen artean, Anuntxi Aranaren Hilak gure artean: a gerpenak eta jai eskeak (Elkar) antropologia lana dago. Industrializazioaren aitzineko gizartearen sinesteak aurkitu daitezke liburuan, baita gaur egun gelditzen diren zenbait ere, bai Euskal Herrian, baita munduan ere. Antz handiak aurkitzen dira, azkenean, sinesteetan. Besteak beste, hila berriz itzuliko delako beldurra. Egun batzuetan, ordea, konbokatzen da. Dela Omiasainduz edo inauteri garaietan. Maskaturik agertzen diren horiek hilak ere ordezkatzen dituztela gogorarazten du ikerlariak. Eskean aritzen dira. Baina eman ere egiten dute. Lurraren emankortasuna, adibidez.

 

Euskaltzaindiak, bestalde, aspaldiko bi idazlan zahar ditu berriz agertzen. Bata, Mongongo Dassanzaren albaitaritzako idazlana (1692-1892). Txomin Peillenek berreskuratu egin du Donibane Lohizuneko kimikariak 1690 inguruan abereak sendatzeko idatzi baina gero galduta egon den liburua. Bigarrena, Henri Duhauk du prestatua. Pierre Dourisboure apez misiolari beskoiztarrak idatzi Bahnar deitu Salbaiak (1870), Jean Elizalde Zerbitzari-k euskarara itzuli zuena 1936an.

 

Bi eleberri
Nobelen sailean, Mikel Dalbret zizelkari, margolari eta argazkilariak bere lehen nobela Hainbat zorte edo usapalen hegaldi nahigabetua (Elkar) landu du Maialen Hegi-Luku itzultzailearekin. Bere bizitzan gertatutakoak istorio asmatu batzuekin josten ditu hor. Bigarrena Pierre Mestroten Oroit hadi (Maiatz) polizia nobela da. Aitzineko nobeletako Etxehori kapitainaren inkesta berri bat dakar. Maiatzekin beti, ipuin bilduma batekin dator Joseba Aurkenerena Barandiaran. Kaskarin baten kontakizunak liburuan, aita zenak kontatzen zizkionak bildu ditu, Donostiako «umore berezian».

 

Hatsaren Poesiakoak ere Saran izanen dira, nahiz aurtengo bilduma hilaren 12an aurkezteko duten ofizialki, Senperen. Ez da oraindik segurra argitalpena aski goiz iritsiko denik Sarara. Baina aitzineko urteetakoak hor izanen dituzte. Maiatzek bere aldizkariaren 60. zenbakia aurkeztekoa du, eta bertan bada poesia ugari.

 

Ondarearen sailean, Regard sur le patrimoine maritime basque / Euskal itsas ondareaz behakoa (Kilika) ekarriko du Sarara Itsas Begia elkarteak. 1865 eta 1940 arteko euskal itsas bazterreko irudiekin. Maisons de Sare / Sarako etxeak (Koegui) liburuan, Dominique Duplantierrek marraztu etxeak eta Odile Contaminen testuak bildu dituzte.

 

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude