Jon Anzaren auzian Frantziaren arduraz epaiketa eginen dute egun

2013ko uztailean ikerketa ixtea erabaki zuen Okzitaniako Tolosako instrukzio epaileak, kasuan “disfuntzioak” zeudela onartu arren. Senideek bi helegite ezarri zituzten. Sortuk eta familiaren abokatuak salatu dute”larriak” direla prozeduran dauden “akatsak”, eta “gerra zikinarekin” lotu dute auzia.

 

Jon Anzari Ziburun egindako omenaldia.

Jon Anzari Ziburun egindako omenaldia.

Laster beteko dira sei urte Jon Anzaren desagerpenetik, eta familiak egiaren atzetik jarraitzen du oraindik. 2009ko apirilaren 18anikusi zuten azkenekoz senideek Anza, Baionatik Tolosaranzko (Okzitania) tren bat hartzera zihoala. 2010eko martxoaren 11n jakin zen ofizialki hilda zegoela, eta gorpua Tolosako Purpan erietxeko gorputegian zegoela.
Ikerketa anitz egin izan dira geroztik, baina artxibatuta dago gaur egun auzia. Eta Maritxu Paulus Basurko abokatuak azaldu duenez, “disfuntzio” ugari daude prozeduran. Hain zuzen, Anza 2009ko apirilaren 30etik zegoen Tolosako erietxean, eta maiatzaren 11n hil zen bertan. Hamar hilabete beranduagora arte, ordea, familiak ez zuen jakin gorpua han zegoenik.Tarte horretan agertzen dira, abokatuaren arabera, disfuntzio “garrantzitsuenak”.

 

Alde batetik, Baionako prokuradoreak Baiona eta Tolosa bitarteko ospitale guziak ikertzeko galdegin zuen, idatziz. Tolosako erietxera, ordea, ez zuen igorri eskaera: polizia bati eman zion galdetzeko ardura. Erietxearen arabera, ez zuen inork deitu Anzaren gorpua bertan ote zegoen jakiteko. Beste alde batetik, Anza oraindik bizirik zegoela, erietxeak Tolosako prokuradoreari galdegin zion inkesta bat egitea Anza identifika zezan. Prokuradoreak fax bat bidali zion poliziari, baina bertze idatzizko eskaerarik ez. “Polizia etxeak dio ez duela fax horren aztarnarik”, azaldu du Paulus Basurkok. Halako bertze “disfuntzio” anitz daudela salatuko dute egun, Pariseko Auzitegian.

 

“Gerra zikina”
Jean François Lefort Sortuko kideak salatu duenez, Anzari gertatutakoa ez da gertaera bakana: “2008 eta 2009 urteetan Hego Euskal Herrian hainbat preso ohik jasan zituzten bahiketak, eta 2008ko abenduan Pagolan Jose Mari Mujika iheslaria bahitu zuten”. Poliziaren inplikazioa agerian gelditu zen kasu horietan, eta Anzari gertaturikoa ere testuinguru berean kokatu behar da, Leforten ustez. Lehenagoko kasuak ere aipatu ditu. “Frantziak aspaldiko istorio bat du gerra zikinarekin. Jon kasu bat da, baina ez da bakarra. GAL ezagutu dugu, eta gogoratzen gara zer izan den Frantziaren eta poliziaren parte hartzea”.

 

Asteazkeneko epaiketa “egiaren bidean urrats bat” izatea espero dute, eta “akatsen” gibelean “borondate politiko” bat egon dela azaleratzea. Epaiketaren egunean berean, bertzalde, zortzi orduko elkarretaratzea eginen dute Donostiako Bulebarrean, 12:00etatik 20:00etara.

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude