Euskahaldunek bedatse kolorez marraztuko dute Euskal Herria

Heldu den ortzegunean abiatuko da 19. Korrika, Urepeletik. Ipar Euskal Herria igande arte lasterkatuko du. Ibilbidean zehar trumilka animazio antolatu dituzte asteburu guzian.
Urepeletik Bilborat abia dadin Korrika, Aldude ibarrak prest du partitzea.

 

Urepeletik abiatuko da KorrikaAinize Madariaga
19. Korrikak lehen urratsa Urepelen egiten hastetik, bakanak izanen zaizkio isiltasun uneak. Heldu den ortzegunetik, Bilbok batzarri eginen dion arte, martxoaren 29an.

 

Baina aurretik, martxoaren 19an bertan, Baigorrik hartuko du, KLIK txarangarekin eta 22:00etatik goiti kontzertuekin; Aguxtin Alkhat, Zezenaren taldea eta DJ, Plaza Xoko gelan, gau eskolak antolaturik. Gainera, biharamunean, Amodioaren ziega, Lauka teatro konpainiaren antzerkia ikusgai izanen da leku berean, arratseko zortzietan.

 

Irulegiko mahastietan gaindi, Donibane Garaziko arkupeetatik iragan eta, arratsaldeko seiak eta erdietatik goiti, txorizo usaina hedatuko da gau eskolan berean, frijitu, bixkotxa, ostatua eta musikariek lagundurik.

 

Erromatarren galtzadak gidaturik, Larzabaleko Larrezabal gelan, 19:30etik goiti, taloak, ostatua, karaokea eta musika prest egonen dira korrikalarien errezibitzeko, Oztibarreko gau eskola sortu berritik ez urrun. Amikuzeko gau eskolak, Oztibarreko ikastolak eta Manex Erdozaintzi Etxart kolegioak eskuz esku antolaturik.

 

Oxkaxeko lepoak eman izerdiak xukatzeko, ortzegunean, arratsaldeko seietatik aitzina, Zinka ostatua zabalduko du Zuberoako gau eskolak, zopa, musika, jatekoa eta edatekoak mahai gainean ukanez. Hortik hurbil, Idauzen, biharamunean, maskaradak ere antolatuak dituzte Korrika kari, 10:30ean eta 15:30ean.

 

Amikuzerat gaueko ordu ttipietan sartuko da, baina ekitaldi nagusia, Korrika besta, bihar ospatuko dute egun argiz, Aiziritzen, arratsaldeko lauretatik goiti, haur eta helduen gozamenerako.

 

18.  Korrika Baionan.  / Gaizka Iroz

18. Korrika Baionan. / Gaizka Iroz

Bizi gaitu eta bizi bedi Lapurdira sartuko da goizaldean, gaueko gosea ekarririk. Horregatik, Hazparnen gosaltzeko parada izanen du nahi duenak, Xuriatean, ortziralean, goizeko bostetatik goiti.

 

Ezpeletan ere askaria prest izanen da, Pottoka ostatuan, 08:45etik goiti, bai eta Kanboko gaztetxean ere 07:45etik aitzina, Itsasuko gau eskolaren sukaldeak eskainirik.

 

Ainhoatik hartuko du Korrikak kontrabandisten bideetariko bat, Otsondoko lepoan barrena, Nafarroa Garaiak «euskara lauda» dezan, kantuak dioen bezala.

 

Baina, luze gabe, Lapurdik berreskuratuko du berriz ere Urruñan lekukoa, larunbat arratsaldean. Saran, 18:30etik goiti, izanen dira poteo eta kontzertuak. Xareta gibelean utzirik, Uztaritzeko gau eskolak Ttirritta ostatuan batzarri eginen dio Korrikari, Korrika gaua ospatuz, pintxoak tarteko. Lapurdiko hiriburu zenetik eta Hiriburutik pasatuz, oraingo eguneko hiriburura jauzi eginen du. Aldi honetan, egitaraua zabala da, animazioak franko baitira goizetik arrats. Hasteko, 10:30ean, Baionako hiri barneko mediatekaren eskutik, Hau dela, hori dela ikusgarria emanen du Eleka konpainiak, izena eman duten 7 urtetik goitikoei. Bertzalde, AEK eta Baionako gau eskolak Jean Dauger zelaian herrien arteko errugbi partida antolatua du, Euskal Herriaren eta Breizeren artekoa, larunbatean, arratsaldeko lauretan, eta ondotik erromeria. Gauaren bururatzeko, gau eskolaren egoitza, Kalostrapea, Korrika gauak hartuko du, Nat eta Watsonen musikaren laguntzaz.

 

Itsasora buruz, sobera urrundu gabe, Miarritzeko Atabalak azkar entzunen dira, 21:00etatik goiti, Anestesia, The Rodeo Idiot Engine taldeek emanen baitituzte kontzertuak.

 

Arbona 02:30ean zeharkatuko badu ere, gau eskolak Arantzola zabalduko du, aitzineko Korriken argazki eta bideo erakusketek apaindurik. Arratseko zortzietatik goiti, Peio Etxekopar eta Asisko Urmenetaren Beste aldekoak emanalditik has eta kabaret gauean, aperitifa tartean, luzatu nahi duenarentzat, Moby Dick taldeak joko du.

 

Korrika badator!
Preseski, Melvillen nobelaren gisan, balea arrantzaleengana segituko du Donibane Lohizuneko gau eskola bilduz. Haatik, Ziburuko Baltsan elkartean ospatuko dute Korrika gaua, kantu afariari, Begiraleak elkarteko dantzariei, aperitifari, Kukuxtu txarangari eta poteoari esker, arratseko zazpietatik goiti.

 

Ipar Euskal Herria Hendaian utziko du Korrikak, bi urterako. Azken agurra Saia ostatuan egiten ahalko da, goizeko lauretatik goiti irekia izanen baita.

 

Bilbora, ganoraz Dagoeneko, Ipar Euskal Herriko kilometro guziak salduak dira, bi salbu, Getarian. Beraz, lekuko eramaile gehiagorentzat ez da kasik lekurik gelditzen. «Kilometroen salmenta bete-betean gara. Bada zinezko nahikeria Korrikan parte hartzeko. Duela bi urtetik hona, ikusten dut jendea oraino eta gehiago heldu dela guregana, ez eta gu beregana. Espontaneoki AEKrat hurbiltzen da; enetzat seinale on bat da», dio irria ezpainetan Amaia Fontang korrika arduradunak.

 

Haren betebeharra Korrika Kulturala eta komunikazioa dira. Lehena «kasik» bukatua du, eta, orain, abiatze eguna du gogoan. Hala eta guziz ere, tartean data «garrantzitsuak» oraino baratzen dira antolatzeko, biharko egitasmoa bezalakoak; Surf Rider fundaziorekin hondarkin bilketa antolatua baitute Miarritzeko Milady hondartzan, arratsaldeko hiruretan.

 

Bilbora autobusez abiatzeko, deitu 05 59 25 76 09 zenbakira.

Hedabide guziak bat eginik euskararen alde

Bada berri «historikoa». Urepelen ez da Korrika baizik abiatuko, euskarazko hedabide «guzien» elkarlanak ere lehentze eginen baitu lehen urratsa: emankizun bateratua.

 

«Aurten, zinez euskahaldun mezua ongi ilustratzen duen esperientzia polit eta ederra bada, lehen aldikoz euskal hedabideak elkarrekin ariko baitira, Hego eta Iparraldekoak», jakinarazi du Amaia Fontang Korrika arduradunak. Hala, BERRIA eta Hitza, Kanaldude, Herria eta Kazeta.eus elkarlanean ariko dira, lehen aldikotz, Hamaika telebista eta Euskal Irrati Telebistarekin (EITB), Tokikomekin eta Argia astekariarekin.

 

Baina asmoa ez da atzo goizekoa. Salatu du AEK aritu dela «hedabideen arteko zubi lanetan» laguntzaile eta «aspalditik» bazela asmo hori. Ahantzi gabe, «hemen» jadanik badela euskal hedabideen arteko elkarlana, baina «aspalditik» bazen «urrunago» joateko asmoa, «nazio mailakoa», gehitu du. Ororen errateko, EITBk «ontzat hartu» du Kanaldudek egin proposamena. Elkartu dira, emankizuna ahal bezain «polita» izan dadin. Hondarrean, martxoaren 19an, Kanaldudek, Hamaika telebistak eta EITBk 16:00etarik 17:15 arte emitituko dute «ber denboran». Beste hedabideetan ere entzun eta ikusten ahalko da Urepeleko zuzeneko saioa. «Esperientzia polita izanen da», dio Fontangek.

 

Errepikatu du Euskahaldun leloa ilustratzen duela, «zinez», denek bat egin baitute euskararen alde, bakoitzak «bere energia» emanez. Funtsean, «hori du» erran nahia.

 

Hemendik at, hala du helburua: abiatze eguneko hedabideen antolaketa. Hedabideen lekua prestatzen ari da abiatze egunerako; prentsa bulegoa, berriketarientzako kreditazioak, argazkilarien lekua, argazkien ongi hartzeko. Argi du euskal hedabideekin «behar den bezala» koordinatu behar dela «emankizun polita» eman dezaten, «bakoitzaren beharren arabera». Garrantzitsua zaio haien «zerbitzuko» egotea, oihartzuna ahal bezain zabala izan dadin.

 

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude