«Gure Sor Lekua filmari buruzko film bat ari naiz prestatzen»

Josu Martinez. Zinemagilea eta EHUko ikerlaria.

 

1956an Hazparnen estreinatu zen ‘Gure Sor Lekua’ euskarazko lehen filma. Galdutzat emana zen filma hura Parisen atzeman zuen 2012an, hainbat bilaketa egin ondotik, Josu Martinez zinemagile eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariak. Orduz geroztik filma aztertzen aritu da bere tesia egiteko, eta orain filmari buruzko filma ere prestatzen ari da. Irakurri ere «No! Hori Sarako plaza dun eta!».

 

HITZA

HITZA

Nolaz 2012. urtean baizik ez da agertu euskaraz egin den lehen filma? Nola atzeman zenuen?
Afera ez da 2012 urtean agertu dela filma hori. Filma hortxe zegoen, bizirik zenbait jenderen oroitzapenetan, eta eskura, bilatzeko lana hartzeko prest zenarentzat. Afera da, orain arte euskal zinemaren historiaz egin diren liburuetan (80ko hamarkadatik aurrera hegoaldeko historiadore erdaldunek idatziak, gehien-gehienak) kasik ez zela aipatua, eta hari buruzko aipamen urriak, akatsez beteak zirela; tartean, euskaraz zela ere esaten ez zelarik.

Nik egin nuen gauza bakarra, ordurarte inork bilatu ez zuen lekuan bilatzea izan zen: hots, Iparraldeko garaiko prentsan (eta bereziki, euskarazkoan) eta garaiko kulturako eta Hazparneko lekukoen aztarnei segitzea. Gero, bide luzea etorri zen filma aurkitu arte, baina funtsean, lehen pausua, euskarazko eta euskal kulturako iturriak kontuan hartzea izan zen; esan bezala, orain arte inork egina ez zuena; harrigarria badirudi ere.

 

Zer garrantzia du filma honek euskal zinemagintzarentzat ?
Handia, dudarik gabe. Hasteko, orain arte euskarazko lehen filmatzat hartzen ziren lanak (Gotzon Elortzaren film laburrak) baino lehenago estreinatu baitzen; eta beraz, euskarazko film zaharrenaren aurrean aurkitzen baikara. Bigarren, diasporako euskaldunei espreski zuzendutako lana baita; eta hor ere, nolabait, badelako aitzindari, Euskal Herritik urrun dauden euskaldunak “haien sor lekuarekin” konektatzeko ikus-entzunezko komunikabide bat erabiltzen duen heinean… Euskal Telebistak Canal Vasco sortu baino 50 urte lehenago. Hirugarrenik, esango nuke filma gisa ere, balio handiko lana dela Madré-rena; izan ere, lan amateur bat zen arren (Madré-ren proiektu pertsonal bat, modu idealista batean gauzatua) ordu eta erdiz, koloretan, zazpi probintzietako irudi bikainak erakusten ditu (tartean, hegazkinetik hartuak ere); ageri da, armadako kamerak baliatuz burutu zuela. Bukatzeko esango nuke, Ipar Euskal Herria euskal zinemagintzaren atlasean leku garrantzitsuan ber-kokatzen duela; eta historiako aro ezberdinetan eman den konstante bat konfirmatzen digula: hots, kulturaren elementu berriak, Iparraldetik sartu direla hainbatetan euskarara. Bagenekien orain arte, literatura (Etxepare), kantagintza berria (Labeguerie), rock-a (Niko Etxart eta Errobi), edo eta telebista (Barnetche) Iparraldean mintzatu zirela lehen aldiz euskaraz. Orain badakigu, zinemarekin ere hala gertatu zela.

 

Hazparnen aurkeztu zen lehen aldiz. Bereziki laputarrei zuzendua zelako?
Ez nuke hori esango. Diasporako euskaldunei zuzendutako filma da. Sor lekutik urrun direnek, pantailan beren herria ikustean, beren herrimina arintzeko pentsatua (berak ere, Madré Jeneralak bizitza osoa Euskal Herritik kanpo eman zuenez, bazekielako zer zen herrimina sentitzea, seguru aski). Hazparnen aurkeztu zen lehen aldiz, egilearen herria huraxe zelako. Baina ondoren, Baionan, Azkainen, Beskoitzen, Uztaritzen eta beste toki zenbaitetan eman zen. Eta Euskal Herritik kanpora, euskaldun kolonientzat, Parisen, Dakarren, San Franciscon, Chinon, New Yorken…

 

Euskaraz egin zela diozu. Baina irudiak atzeman zenituen, soinua gabe. Ziur euskaraz egin zela?
Bai. Filma euskaraz zela diote garaiko prentsako berri eta artikuluek; garaian zineman ikusi zuen zenbait jendek ere hala baieztatu zidan, eta André Madré-ren alargunak ere bai. Komentarioa (off ahotsa) Jean Elizalde, Zerbitzari, Gerezietako erretore euskaltzain idazleak idatzi zuen. Alta, nik aurkitu nuena, ez da garaian proiektatzeko erabiltzen zen kopia (harek, soinua eta irudia, biak eduki behar ditu itsasita, halabeharrez) baizik eta, prebio bat; nolabait, azken aurrekoa. Irudi guztiak jadanik montatuak daude, baina soinu banda itsastea falta duena. Beraz, zinemetan proiektatzen zen kopia galduta dago oraindik; baina ez da dudarik existitzen dela…. edo bederen, garaian esistitu zela.

 

Filma aztertu zenuen zure doktoretza tesian. Zein dira lan horren puntu nagusiak, laburrean?
Tesia, orain arte ezezaguna zen obra eta autore bati egiten zaion hurbilketa da; eta zentzu horretan, Gure Sor Lekua-ren eta André Madré-ren inguruko azterketa historiko, soziologiko eta filmikoa egiten ditut. Baina horrekin batera, beste gauza asko ere lantzen ditut; filma agertzeko kontestu soziala (nolakoa zen garai hartako Iparraldeko gizartea), euskal zinematografian Gure Sor Lekua-ren haurridetzat har litezkeen beste zenbait dokumentalen azterketa etabar.

 

Soinuaren atzetik ibiliko zara orain?
Bai, baina beste intentsitate batekin. Gainera, orain, beste lan batekin nabil buru belarri. Filmari buruzko film bat ari naiz prestatzen. Gure Sor Lekua-ren bilaketa detektibesko honen inguruko dokumental jostari bat. Espero dut, udazkenean estreinatu ahal izatea.

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude