«Ageri da kaskartzen ari dela laborari askoren egoera soziala»

Mikel Hiribarren. Laboraria Itsasun

Bi urte hauetan ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna barne duen Laborarien Konfederazioa sindikatuko idazkari nagusia da Hiribarren. Kasik aste guziz Parisen da karguaren betetzeko. Bere gain dituen sailez aritu da ‘Ahoan bilorik gabe’ saioan.

 

Bob Edme

Bob Edme

Iñaki Etxeleku
Laborarien Konfederazioko idazkari nagusi izateaz aparte, gizarte eta lur funtsen saila du bere gain sindikatuaren barnean Mikel Hiribarrenek (Itsasu, 1956).

 

Berriki egin dira MSA laborantzako gizarte asurantza kutxako bozak, parte hartze ttipi-ttipiarekin.
Egia da, ez dira batere onak izan bozkaldi hauen emaitzak. Pentsatzen dut laborari munduan aipatu direla, etxeetan, etxaldeetan. Gaineratekoan, bistan da ez dela deusik agertu. Jendeak ez daki gehiago ere hain segur zertako bozkatzen den eta norentzat. Uste dut, hitz gutiz erran behar balitz, gerla ondoan, 1945etik aitzina sortu, azkartu zela langileentzat asurantza kutxa inportante hori, gizarte asurantza, eta laborarientzat MSA. Zehazki ez dakizkit historia guziak, baina, konprenitu dudanaz, gizarte asurantza ere urte andana batez langileek berek, langileen ordezkariek zuten eramaten, eta azken berrogei urte hauetan, bistan da, berezitu batzuk dira sail horretan sartu, eta langileen ordezkariek hain segur leku guti dute hor. Beraz, denen onetan eta elkartasunaren gune zen kutxa hori, MSAkoa bezala, gelditu da lehenik hunkiak diren horien eskutik aparte.

 

Zer da, ezagutza eskasa?
MSA, gure asurantza kutxa, laborariek askotan ez dakite ere gure abantailetan hazten dugula eta bagenukeela legez horren eramateko dretxoa. Eta horretarako direla boz horiek; beraz, geroaren eta gazteen onetan ere… kutxa horiek iraultza batzuk izan ziren, erdietsi zirenak lehengoen borrokaz. Galdu ditugu horien distira guziak. Boz horiekin, laborantzari gelditzen zaion indar berezi hori ikusten da galtzen ari garela. Beraz, pentsatzen dut atxiki behar dugula. Laborarien Konfederazioak, ELBk bezala, pentsatzen du atxiki behar dugula. Kutxa horren gidaritza erran behar nuke itxurazkoa dela beharbada, baina egiaztatzeko, itxura horiek atxikiz, berriz zerbait irabazten ahal litzateke. Behar da hain segur beste molde batean antolatu bozkaldi hori; beharbada beste momentu batean ere. Bozkaldi horietan, orain arte, gehienbat banakako hautagaitzak dira; beren aldetik kantonamenduka aurkezten diren hautagaiak dira laborariak. Guk uste dugu behar liratekeela, argi-argia, sindikatuen ordezkari bezala agertu hautagaiak. Bistan dena interes gehiago ekarriko luke, gure ustez; hasteko, geroan aldaketa bereziak eskatuko ditugu, ikusiz hemen arrunt ahuldu dela emaitza eta laborarien parte hartzea.

 

Hilabete saria, bizilagunaren estatutua, erretreta xumeak. Zein da laborarien egoera soziala?
Erran dezaket kaskarra izan dela askorentzat egoera orain arte, eta xuxen errateko, azken emaitza batzuk ikusi ditut. Laborarien laguntzen ibiltzen den elkarteko talde batenak, Solidarite Paysanne deitzen den elkartea Frantzia mailan —60 departamendutan baditu ordezkaritzak—, Euskal Herrian Indartu deitzen da elkarte hori. Horien emaitzetan agertzen da %24az goitik 10.000 euro baino gutiago hunkitzen dutela urtean. Agertzen da kasik hainbeste badela langile pobre bezala kontsideratua izan daitekeena. Orokorrean biziki emaitza txarrak dira laborari munduko askorentzat, eta batzuetan etxalde handiak zituztenak ere hasiak dira horienganik hurbiltzen, beste aterabide guziak bilatuak zituztelarik, gertatzen baita norabait joan behar dela aterabidearen xerka; eta elkarte horrek, sostengu bezala, ekonomia aldetik etxaldearen kudeatzen aterabideak oraino segitzeko xerkatzen, eta gizatasun aldetik ere laguntza ekartzeko lan ederra egiten du. Baina gero eta laborari gehiago heldu da elkarte horri buruz. Nola kaskartzen ari den laborari askoren egoera. Ez dut aipatuko beste batzuena, beste puntakoa dena.

 

Erretreten heina ere adierazgarria da.
Uste dut erretreta dela egoerarik txarrena. Gizonezkoetan 800 euro ingurukoa da bana bestekoa; emazteetan uste dut 600ez azpikoa dela. Orokorrean Frantziako jendartean nik uste gizonetan 1.600 eurokoa den, eta emazteetan 1.200 eurokoa, zenbakiak xuxen baldin baditut. Beraz, ikusten da hor biziki neke dela, eta horrek badu ondorio franko gure etxaldeetan ere. Laborari batek erretreta hartzen badu, bistan da, 800 eurorekin ez da joaten ahal apartamentu baten hartzerat ordezko bat uzteko bere etxaldean. Beraz, frankotan segitzen du lanean edo behar du apur horrekin bizi eta ahal badu bere lan tresna ahal bezain ontsa negoziatu bizitzekoa ateratzeko. Beraz, baditu horrek laborantzaren geroari buruz hainbeste ondorio.

 

Bada ere zorra, laborarien bankuekiko menpekotasuna eta horrek sortzen duen mina?
Bistan da azken urte hauetako laborantzaren norabidea arras jasangaitza dela etxalde askorentzat. Zor askotan sartu da, eta anitz engaiatu da azken urte hauetan Frantziako laborantza eta Euskal Herrikoa ere. Ikusten dira gure eskualdeetan hainbeste aterpe eder, handi eta hainbeste tresna handi… horiek norberak badaki zer heinetan baitezpadakoak dituen. Gero, gure ekoizpenak ez dira hain laster emendatzen edo askotan geldian daude hainbeste urte hauetan. Behartzen dute laboraria gero eta lan gehiagora, gero eta kabala gehiago hazterat, gero eta eremu gehiago hartzera eta horrek denak egiten du ere —lehentxeago aipatu dudan elkarteak erraten du— bortzetarik bat «burnout» hegi-hegian daudela laborarietan Frantzia mailan. Erran nahi du zainak jauzteko arriskua badutela. Bistan da, ez da hain katastrofista izan behar, baina zenbakiak hala ematen zuen. Bistan da egoera tinkatzen dela eta hau dena ez dela suertetik heldua. Zorraren sistema hori frankotan… laborariak fiskalitate modu berezi batean dira, réeldeitzen dena; bi fiskalitate modu badira zergaren pagatzeko. Modu batean zerga gutiago pagatzen da, pagatu behar balitz, tresna berriak erosten badira, larriki errateko. Beraz, sistema horrek egin du ere asko nekeetan ezarri dituela hein batetik aitzina.

 

Ikusirik laborantzari ateratzen diozun argazkia, gazte batek ez luke plantatzeko arrazoirik.
Barkatu, beraz, hain ikuspegi iluna eman badut. Sozial arloa aipatzen delarik laborantzan neke da biziki egoera argia erakustea. Erran daiteke gaur egungo laborantza zalapartari horrek, gero eta gehiago hornitu behar horrek, bizibidea ateratzeko ez duela luzarako aterabiderik hain segur. Horrek egiten du gazte asko plantatzen direnean ez direla baitezpada modelo horretan plantatzen. Lehenik, ez badira etxaldeko seme edo alaba, ez dute lurrik edo lan tresna handirik eskuratzen ahal. Beraz, plantatzen dira ahal dutenarekin. Euskal Herrian plantatzen dira batzuetan ardi edo ahuntz multzo batekin hazkuntzan edo baratzegintzan, eremu gutiago behar den sailetan. Plantatzen direnean molde horietan, bistan dena, ez dira sartzen 100.000 zorren pean baitezpada. Gero, etxaldeetako seme edo alaba direnek, horiek behar dute frankotan segida eman etxaldeari den neurrian, eta hori konprenitzekoa da askotan behar dela kuraia, behar dela sinetsi aterabideak badirela. Guk uste dugu aterabideak badirela eta etxaldeak hartu behar direla, baina iduritzen zaigu geroa ez dela bakar batzuen lekua segurtatzeari baina ahal den guziek behar dugula eremu hauetan iraun. Beraz, etxalde horiek noizbait beharko direla ere neurri batean eztitu beren ibil moldean berek atera dezaten mozkin gehiago, hain segur, eta bizi ahal izan daitezen lanpeturik izan gabe goizetik arratseraino.

 

Diru sartze xuhurrek eta lurren prezioek etxaldeen geroak baldintzatzen dituzte, beraz?
Bai, bai, lurraren auziak badu arrazoietarik bat hor. Lurrarentzat Euskal Herrian bada atxikimendua, baina bada ere erretreta xuhurren ondorioa. Gure eskualdean, bertze leku askotan bezala, lurrak baditu sutan kariotzeko beste arrazoi franko ontsa ezagutzen ditugunak: etxegintza, herrigintza bera eta kanpotik jiten den jendearen erosahal inportante hori eta hainbeste gauza. Bai, lurra arazo bat da.

 

Saltzeko nahikeria ere bai.
Laguntzen du ere. Guri da, laborari eta gizarte kideei pentsatzea ondoko urteentzat, nahi badugu laborantza indartsu geldi dadin, lurra egon dadin hein batean eta prezio batean. Kostaldean bereziki, konparazione, lurrak gehiago ikusten dira balio handiko ontasun bat bezala eta balio handia luketena, ez eta lan tresna bat bezala gerokoen janaria eta bizi ahala segurta litzakeena.

 

Hautetsiekin dituen harremanetan, ELBk eraginik badu hirigintza planetan?
ELBren ikuspuntuak indar gehiago izanen du herritarrak ere interesatzen badira geroan zer janen duten, beren janaria nondik jinen zaien eta laborariak non kokatzen dituzten. Pentsatzen dut herritarrek eta laborariek elkarrekin behar dugula, preseski herri inguruetako lur eremu horietan, biziki erne ibili. Gaur egun oraino ikusten da gure herrixkak baitezpada ari direla handitzen, etxeak ari direla beti gehiago nonahi hedatzen. Bai, arrangura handiak badira. ELBk ikuspegi bakar bat du, lurra lan tresna bat dela eta lan tresna denez ez duela gastu handia izan behar laborarientzat nahi baditugu bihar instalatu gure herri eta hirien inguruan laborariak. Eta askotan behar luketela, konparazione, herriek edo herri artean antolatu, preseski herriek lurra beren esku hartzeko eta alokatzeko lan tresna hori, dohainik eta honenbeste urterentzat instalatu nahi ditugun laborarier. Horiek denak azken urte hauetako gogoetak dira berezikiago, eta pentsatzen dut bide onean garela Iparralde honetan bereziki sail honetako gogoetan. Baina segitzea inportanta da. Gero, badugu ere Lurzaindia deitzen den elkarte bat sortua; ELB partaide da, sortzaile ere bai. Pentsatzen dut hori ere lurraren prezioaren sukar horretan inportanta izaten ahal dela pixka bat erremedio bezala. Itxuraz, lehen urteetan emaitza onak agertzen ditu.

 

Saferrak bere lana behar bezala betetzen du?
Pentsatzen dut Saferrak bete baleza bere lana bete-betean ez litzatekeela Lurzaindiaren beharrik izanen; ez hemen eta ez besteetan. Saferrak ez dira baitezpada biziki ernatu lurraren zaintzeko eta lurraren prezioaren zaintzeko. Azken urte honetako legeak kasik indar berri bat eman dio Saferrari, beraz, ikusiko da ondoko urteetan eragin gehiago izanen duen gure lurraren salerospenetan. Normalki tresna ederra bazen hor laborarien esku aspalditik ezarria, eta azken urte hauetan bere helburutik urrundua edo askotan alfertua da.

 

 

 

Partekatu artikulu hau

Lotutako berriak

Irakurri

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude