Elkarrizketa sozialerako mahaia sortu dute Ipar Euskal Herrian

Garapen Kontseiluaren babesarekin, lan munduko gaiak elkarrekin erabakitzen saiatuko dira sindikatuak, patronalak eta gizarte eragileak.

 

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Sindikatu eta patronal elkarteek aurkeztu zuten elkarrizketa soziala atzo Baionan. / BOB EDME

Sindikatu eta patronal elkarteek aurkeztu zuten elkarrizketa soziala atzo Baionan. / BOB EDME

“Garapen Kontseiluak bertakoei dagozkien gaiak bertan kudea daitezen nahi du, biharko Euskal Herri soziala eraikitzeko bidean». Hala laburbildu du Jean-Baptiste Etxeto Garapen Kontseiluko lehendakariak Ipar Euskal Herriko elkarrizketa sozialerako mahaiaren sorrera. Hain zuzen, egitura horrek bultzaturik sortu dute Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko dozenaka eragile sozial, sindikatu eta patronal elkartek Ipar Euskal Herriko elkarrizketa sozialerako mahaia. Lan munduari dagozkien gaiak Paristik «inposatu» beharrean elkarlanean erabakitzea da sorturiko tresna berriaren helburua. Horretarako, neurri sorta bat adostu eta elkarrekin garatzeko konpromisoa hartu dute. Bortz ardatzi emanen diete lehentasuna.

 

François Romon animatzaileak lagundurik, bi urtez aritu dira eztabaidatzen atzo Baionan elkarturiko sindikatu eta patronaletako kideak. Horien artean ziren, erraterako, CFDT, CFE-CGC, CFTC eta LAB sindikatuetako kideak —CGTk, UNSAk eta FSUk ere helarazi dute babesa— eta Medef, CGPME eta UPA patronaletako arduradunak. Azaldu dutenez, lehenik lurraldearen diagnostiko bateratu bat egin dute elkarrekin, behar nagusiak non dauden aztertzeko. Tresna zehatzak proposatzea izan da hurrengo urratsa, eta hemendik aitzinakoa horiek abian ezartzea. Horretarako, Garapen Kontseilua izanen dute bidelagun. Izan ere, elkarrizketa sozialerako mahaia bera haren barneko tresna gisa egituratuko dute hasieran. Finantzatzea ere, beraz, haren esku izanen da —2015erako 120.000 euro emanen ditu—. 2020. urterako, ordea, mahaiak bere bide propioa hartzea litzateke helburua.

 

Elkarlana, txikien indarra

Elkarrekin lan egitearen arrazoietariko bat Ipar Euskal Herriaren errealitateari lotuta dago erabat, enpresa txikiak baitira nagusi lurraldean. Elkarrizketa sozialean sorturiko tresnen bidez enpresa handiek dituzten baliabideak txikiek ere ukaitea da helburua. Horretarako, sarean lan egitera bultzatuko dituzte enpresak. Etxetoren hitzetan, nagusien, langileen eta lurralde osoaren mesederako izanen da elkarlan hori.

 

 

ARDATZ NAGUSIAK
Hauek izanen dira mahai sozialaren lehentasunezko alorrak:

1. Osasuna eta bizi kalitatea: Lan munduko osagarria eta bizi-kalitatea aztertzeko tresnak jarriko dituzte abian, erraterako Lan Baldintzen Behatokia.

2.Aurreikuspena. Lurraldeko baliabideak aztertu, enpresa alorreko aldaketak aurreikusi eta, horren arabera, prestakuntza planak sortuko dituzte.

3.Giza baliabideak. Bereziki enpresa txikiei begira, giza baliabideen alorreko lana elkarrekin eginen dute. Horretarako, Obra Sozial eta Kulturalerako Batzordea sortuko dute.

4.Gazteria. Eskolen eta enpresen arteko zubiak eginen dituzte, gazteak lan mundura sartzea errazteko.

5.Espazio komunak. Lanerako espazio partekatuak sortuko dituzte, batik bat barnealdeko eskualdeetan.

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude