«Zergatik fite aritu? Oreka atzeman behar da bizi ahal izateko»

Ellande Alfaro. Pilota egilea

Pilotari handi bat baino pilota egile hobeagorik posible ote da? Eskutik enpresa ireki berria du Ellande Alfarok; oro eskuz egin nahi du, bere «printzipio guziekin» eta bere erritmoan, makina pare bati esker.

 

Joanes Etxebarria

Joanes Etxebarria

Ainize Madariaga
Eskuekin pilota jotzeko usaia zuen, baina biziak eman dion paradaz baliatu da, eta bere esku hartu du pilotak eskuz egitearen lekukoa. Hala, Ellande Alfarok (Angelu, 1974) Eskutik enpresa sortu berria du; esku finez eginiko eskulana da, balio handikoa.

 

Pilota punpatik hartu duzu.
Langabezian gertatu eta eskulanetan berriz hasi nahi nuen, betidanik maite izan baitut. Etxetik hurbil, ahal dela bizikletaz joateko. Argi nuen ene kontu ari izan nahi nuela. Lehen, pilotak egiteko ateleriak antolatzen nituen haurrentzat. Bertzalde, pilota egile bakarra zegoen: Punpa. Baina jende franko kexu da, ez baitu baitezpada lan ona egiten… Hala, ikusten nuen hor bazela tokia eta bidea, enetzat ongi heldu zela, pilota ontsa ezagutzen baitut. Eta entseatu behar nuela. Baina ez nuen dena berehala atzeman!

 

Pilotari aditua, baina egiten ez ikasia.
Pilota egiten ikasteko behar nuen zekien norbait. Peira Horaden [Okzitania] bada pilota egile bat, baina ikastaldi baten egiteko fite ezetza ukan nuen, ez bainintzen ohartua bazela hor nolanahika pasatzen ez zen jakitate bat. Bakoitzak bere zera atxikitzen du. Bere lana nahi du segurtatu, ez baita zabaltzen ahal den merkatua. Lehiarik gabe ahal badu, hobe. Jakitateak ere babesten ditu. Makinak jin zirelarik, kopuru handiak egiten hasi ziren, eta pilota egile guti baratzen da orain.
Lekukoa zure esku dago orain.
Eta gero jakin nuen bazela bertze bat erretretan sartu berria: Lukugarai. Lehenbizian nahi ez bazuen ere, onartu zuen. Osoki eskuz ari zen. Iaz hasi nintzen ikasten.

 

Pilota batek zer du tripetan?
Lehenik, goma biltzen da; elastiko bat da, pilota hastapenean ezartzen dena. Eskuzko pilotentzat, eskuz egiten da. Ttaka-ttaka- ttaka. Bertzeentzat ezpelezko kanika, eta inguruan, elastikoa. Aldiz, trinketeko pilotak, botea goiti izateko eta bere ezaugarriak ukaiteko, dena gomaz egiten dira. Ttak, ttak, hara… Pentsa, hola eginez behar da ailegatu 25 gramotaraino. Eskuz eginez beharko nituzkeen hogei bat minutu, eta leher egiten dut, behar baita tiratu elastikotasun guzia, beti erronda atxikiz. Lan luzea eta nekeza da. Pilota batentzat jadaneko oren erdi bat pasatzen badut… Peira Horadekoak dit egiten makinan, segundo batzuetan, eta lana kasik hobea. Ez dut oraino makinarik, zaila baita horren ukaitea, ez da traktorea bezala: joan eta erosi. Hauek bereziki eginak dira horrendako. Eginarazi edo ediren behar dira.

 

Makinak jendearen esku, ala jendea makinaren peko?
Makinarik gabe ari nahi izan nuen, baina lan baldintzak ez dira onak; hamabi oren lan egunero, aste osoan, Lukugarai aritzen zen bezala, eta doi-doia bizitzeko. Dena eskuz egin ene erritmo eta gustuan, pilotak ikaragarri kario salduko nituzkeen, ezin salduz. Pilotariek nahi dituzte pilota onak eta ahal bezain merkeak; eskuz eginak ez du baliorik hartzen. Berdin zaie makinaz ala eskuz eginak diren. Batzuek erraten didate: «Eskuz egina bada, jendeak gehiago pagatuko dik!». Ez, pilota elkarteak dira, boluntarioak. Ez dira aberats batzuk altzari bat eskuz egina baita pagatuko dutenak 4.000 euro. Hala, hortaz bizitzeko makina doi bat beharrezkoa da.

 

Zuretzat eskulanak badu balioa.
Enetako eskuzko lana gaur arte ekarria izan dena da; baina azken denboran balioa galdu duena, buru lanaren kontrara, hura bai jende inportantea. Enetzat eskulana magikoa da. Oraingo eguneko makineriarekin esku lana baztertzen da, eta Txina eta Vietnamerat eramaten dute. Beraz, hemen atxiki dezagun, ahal den neurrian. Zergatik ez gure erritmoan aritu? Zergatik fite? Oreka behar da atzeman bizi ahal izateko. Urte bat eta erdiko epea ematen diot ene buruari.

 

Nola helduko zara?
Ideia da eskuzko pilotak eskuz egitea. Joko garbiko pilotak egitean artilea ahal bezain gogor tiratu behar da, eta nekeza da; horiek makinarekin aiseago egiten dira, eta neke gutiago. Aldiz, eskuzkoetan ez da hain gogorra, oreka da atzeman behar, ez dute hainbertze nekatzen, fiteago ere egiten ahal dira. Mementoan, gisa guziez, denak eskuz egiten ditut. Dena den, makina izanda ere, bada eskulan franko. Maite dut eskuz egitea, atxiki nahi dut Lukugaraik pasatu eskulanaren ondasun hori, gero ere, bertze bati pasatzeko.

 

Goma bai, baina pilota pikarrai.
Artilea! Hor da, fuit! Bigarren urratsa luzea eta gogorra da, baina pilotaren arabera. Finitzean kategoria bakoitzak badu pisu zehatza: larruak, gomak eta artileak. Ondotik, dena makina hortan tinkatzen dut. 95 gramoko pilota ateratzeko behar dut 5-7 gramo larru, 70 bat gramo artile. Bi itzuli eman eskuekin eta makinan pasatuz, bi segundoz brruuuu! Hori nihaurek dut egiten, zeren eta hemen pilota egile bakoitzak ematen baitio tentsioa, urratsak… Bakoitzak baitu bere egiteko manera. Ttak! Hola tinkatzen da, barneko airea kenduz. Epa! Hor tinkatua da, ongi egina, dena atxikiko du gorputz bat bezala. Bata bertzearen gainean pausatua den haria lotzen da, denak bat eginen du. 200 metro luzeko artilea pilota batean biltzen dut. Artilearen elastikotasunaren kontra kotoizko haria josten diot gainetik. Taka-taka-taka, pixka bat estali arte, ongi atxiki dezan.

 

Eta larruzko palto dirdiratsua.
Ahuntz larrua hemen pikatzen da. Pilota bakoitzak badu bere larru mota, xisterako lodia eta azkarra, esku-huskakoa goxoa eta finagoa, eta haurrentzako pilotak oraino goxoago eta finagoak, zesta- puntakoak oraino bertze bat… Larrua bustitzen dugu forma hartzeko, ongi tiratzeko, ahal bezainbat tinkatzeko josten dugularik. Hunkitzean, jostura goiti heldu da. Hori ez da on, punpa egitean haria mozten ahal baitzaio. Makina horrek hortarako balio du, hemen sartu, horrek egiten du beheiti indarra, eta horrekin itzulikatu. Hemen bildua dut gizon batek erakusketetan ibiltzen zuena, galdatu niolarik, bera kontent, ikusiz baliatu behar nuela.

 

Zein da pilotaren bizi esperantza?
Arazo handia da pilotena, bizi den gauza baita; artilea, larrua eta goma. Hotz egiten badu, goma gogortzen da; larruak hezetasuna hartzen badu ere bai. Orduan behar du hein bat berotasunean egon. Pilotak baditu bizpahiru eta lau bizi. Berria lehen mailako pilotarientzat doa, partida oroz pilota berria baitute, eskuz ari direnentzat. Gero, pilota hori jokatu eta, oraino ona bada, beharbada ondoko partidan baliatuko dute. Bigarren mailako eta hirugarren mailako pilotariengana doa. Eta gero, berdin berotzeko baliatuko dena. Eta gero, fini pilota!

 

 

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude