Bizitegi kolektiboek beste bizitzeko molde baten bidea zilatu nahi dute

Urte hastapenean indarrean sartu den Alur legeak onartzen ditu lehentze bizilagun kooperatibak. Halakorik ez da ezagun mementoan Ipar Euskal Herrian, baina Hemen elkarteak gogoeta hasia du. Irakurri ere «Zahar etxeek ikara ematen digute», Xantal Torreri egin elkarrizketa.

 

Villeurbanne hirian (Rhone-Alpeak) egin den bizileku partekatu bat. MARINE MORAIN / ARBOR&SENS

Villeurbanne hirian (Rhone-Alpeak) egin den bizileku partekatu bat. MARINE MORAIN / ARBOR&SENS

Iñaki Etxeleku
Bizitegi partekatu, bizitegi parte hartzaile, bizitegi kolektibo, kooperazio bizitegi. Izen orotarik baliatzen da, guti edo aski xede berdintsua duenaren errateko, hots, jende talde batek elkarrekin pentsatu, eraiki edo antolatu bizitegi multzo bat berendako. Bedera bizitegi izanez, baina eremu eta leku partekatuekin.

 

Aturri-Kostaldea Hiriguneak abenduan bozkatu zuen diru laguntza bat Terra Arte izeneko bizitegi parte hartzaile proiektuarentzat, kasik 200.000 eurokoa. Denetarat 6,6 milioi euro kostako duen eraikuntza obra da, 46 bizitegiren egiteko (15 T2; 18 T3; 9 T4; 4 T5 izarikoak). Toki partekatuetarako, bilkura gela bat, xitxuketa ateleria eta oihal ikuztegia hautatu dituzte jabe bilakatuko direnek. Halere, bizitegi partekatua deitzen denaz besterik da hau. COL (Etxebizitzarako Langile Batzordea) arranda emaile sozialak baitu bultzatu, Baionako herriko etxearekin eskuz esku. Hiriak frankotan aitzinean ematen duen Seque auzo berrian plantatu du. Auzo ekologiko gisa saltzen duena. 2012an hasi ziren biltzen proiektu eramaileen deiari erantzun zioten balizko biztanleak, zer gisako bizitegiak eta eremuak nahi zituzten pentsatzeko, urratsez urrats, arkitekto baten laguntzarekin bizilekuaren marrazteko. 2015. urte honetan sartu behar lukete beren bizitegian.

 

Besterik dira, beraz, orain arte bizitegi partekatu gisa zutik eman diren eta bidean diren lagunen arteko etxebizitzak. Afera ez da oraingoa. Badira ikusmolde horren jatorria XIX. mendean kokatzen dutenak, Charles Fourier filosofo frantsesaren Phalanstere famatuen ideiarekin. Bizkitartean, izan da esperientzia orotarik munduan zehar eta Europan berean: 1970eko hamarkadan hazi ziren anitz lekutan lagun talde bizitokiak. Kolektiboak zuen munta orduan, baita ere, 68ko maiatzaren biharamunetan Frantziako Estatuan, «lur eremurat itzultzeak» edo naturarekin berriz harremanetan sartzeak. Belaunaldi bereko lagun talde anitzek entseatu zuten etxe edo funts baten atzematea, elkarrekiko bizi eremu baten antolatzeko. Emaitza eta arrakasta orotarik izan da. Urteekin, bistakoa da bakoitzak bere aparteko bizitegiaren ukaitearen garrantzia denen artean partekatu barne eta eremuez gain.

 

Badu aspaldi jada zenbait erresumatan azkarki garatuak direla bizitegi partekatuak, Suitzan, Quebecen, Danimarkan, Norvegian eta Alemanian konparazione. Herrialde horiek aitzinatu duten forma juridikoa, gainera, biztanle arteko kooperatiba da, Frantziako Estatuan berriki arte ezagutua ez zena legez. Cecile Duflot etxebizitza ministro ohiak eraman Alur legeak (Etxebizitza eta hirigintza berritu hel erraza) ekarri du aldaketa —iragan martxoan bozkatu eta parte handiz urtarril honetan indarrean sartu denak—, kooperatiba horiek haizu utziz eta arautuz. Horra arte dena poxelu baitzen hala jokatu nahi zirenentzat. Elkarte munduak lan berezia egin du gobernuak onar zezan lege aldaketa.

 

Bizilagun kooperatibak
Habicoop elkartea (www.habicoop. fr) hamar urte hauetan ari da bizilagun kooperatiben sustatzen. Etxebizitza munduko espekulazio eta prezio goregien parean, bizitegi sozialen eskasa eta, ondorioz, xumeenentzat baten eskuratzeko ezintasuna ikusirik sortu zen elkartea, gizarte nahasketa batera berriz heltzeko asmoarekin, bestalde.

 

Hala dio bere aurkezpenean: helburua da «etxebizitza sozialetan talde jabegoaren erdiesten laguntzea, diru iturri xuhurreko familia eta nekezian bizi diren jendeentzat ». Hori, kooperatibak muntatuz jabe izanen direnen artean. Irizpidetzat dauka ere kooperatiben arteko sare baten egitea, ez daitezen bakar batzuen aparteko xedeak geldi.

 

Ez du erran nahi orain arte ez zirela etxebizitzak taldean erosten edo eraikitzen, baina SCI edo elkarte egituren bidez. Gertatzen dena da, barne arazoak sortzen direlarik, proiektua bera jartzen dela kordoka eta oroz gain ez duela espekulazioa ekiditen. Kooperatibak, haatik, bermatzen du ez dela zernahi egiten prezioekin, ez dela norbait aberasten besteen bizkar eta egiturak berak aitzina segitzen duela, ondotik sartu nahi lukeenarentzat ere. Kooperatibaren partzuerra bizitegiaren jabe da, baina aldi berean parteak baditu kooperatiban. Partzuer batek joan nahi badu egun batez, egin dezake batere enegurik gabe, kapitalean sartu zuen partea berreskuratuz hein berean, eta uzten duen bizitegia hatsarreko ber prezioan gelditzen da segida hartu nahi duenarentzat.

 

Anitz asmo eta gogo dira proiektu hauen gibelean: bakartasunari, bakarrik zahartzeari buru egitea, trukea eta elkarlana bultzatzea beste bizimolde bati buruz joanez, eremu, lan eta tresnerien partekatzea, ingurumena zaintzen duten eraikitzeko moldeen erabiltzea eta, bistan dena, bizitegi merkeago baten erdiestea. Ez bada beti hala gertatzen ere, zenbait eraikuntza proiektutan auzolanez ari dira jabe gaiak lanean, ekai ekologikoak izanez lehentasun. Auzolan horrek segitzen du ondotik xitxuketa lanentzat, denen arteko baratzearen lantzeko eta abar.

 

Eta hemen zer?
Ipar Euskal Herrian ez da ezagutzen oraindik gisa hartako bizilagun kooperatibarik. Ez du horrek erran nahi ez dela lagun talderik elkarrekiko bizileku bati buruz pentsaketa ari ez denik.

 

Hemen elkarteak, bere aldetik, lantalde bat sortua du zenbait hilabete hauetan, gaiaren serioski lantzeko. PACT-HD eta EPFL egiturekin sartuak dira harremanetan, besteak beste zaharberritzekoak liratekeen etxe handien begiztatzeko. Anitzetan, gertatzen dira ahal gutiko jendeak halako etxeetan eta PACT bezalako elkarteak proposatzen die zaharberritze obren bere gain hartzea, alokatze kontratu berezi batekin, bere egoitza atxiki dezan, baina bizitegi berritu merkeak sortuz. Hemenek gogoko luke, bestalde, molde kooperatiboan bizitzeko gogoa luketen lagun taldeen berri izatea, halako xedeen zabaltzeko gisan (hemen@hemen-herrikoa. org).

 

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude