Zirtzilek ihauteri gaua beren

Joaldunak atera dira Ituren eta Zubietan, maskaradak Zuberoan. Baxenabarre eta Lapurdin ere hasi dira ihauteriak, kaskarotak eta santibatekariak abiatuak baitira etxez etxe.

 

Garaziko santibatekariak joan den urtean, ostatuz ostatu eskean ibiltzen zirela. BOB EDME

Garaziko santibatekariak joan den urtean, ostatuz ostatu eskean ibiltzen zirela. BOB EDME

Iñaki Etxeleku
Santibate, Kaskarotak, Santa Ageda, Karatotxak. Izen desberdinak erritu bertsuaren errateko, hots, ihauteriak, zirtzilen etxez etxeko eskea. Hasiak dira jada zenbait lekutan eta jitekoak gehienak ondoko egunetan.

 

«Santibate lehen ihauteria da, neguko ihauteria, udaberrikoari, libertimenduari oposatzen baita. Edo gaueko ihauteria, maskena edo karatotxena, bolantenaren itzala. Jokoa etxez etxe joatea da gauaz. Bide iniziatikoa da». Hala esplikatzen du Antton Lukuk Garaziko ihauteri ohitura hori Libertitzeaz liburuan (Pamiela, 2014). Herriak eta garaiak aldatu dira gizartearekin batean, usaiak galdu eta berriz sortu lekuka, baina ematen du joanago eta herri gehiagotan arra abiatu dela afera.

 

Baxenabarren berean, garaztarrek, Lukuren inguruan berpiztu Santibatek ume berriak egin ditu. Donapaleu izan zen lehena Donibane Garaziri jarraiki zitzaiona. Iaz, Irisarriko gazteek hasi zuten, eta, aurten, Hergaraiko ibarreko herriek, hots, Ahatsa, Lekunberri Mendibe eta Behorlegik. Ostatuz ostatu edo etxe ezagunetan ibiliz, molde bertsua dute denek. Begitartea piltzar zerbaitek estalirik edo maskaturik ibilki dira zirtzilak, beltzak, eske kantua emanez etxe alartzeetan, zerriki partea galdeginez. «Gerrena» hor dute, «abar punta aniztuna» urde pusken biltzeko. Soinua ozen da, irriak, bertsoak, besta alo!

 

Amikuzen, joan den asteburuan ibili ziren santibatekariak ostatuetan. Libertimendua, berriz, otsailaren 8an eginen dute. Donibane Garazin, otsailaren 7an dute hitzordua santibatekariek ostatuen itzuliaren egiteko eta tripota jaten bururatzeko gauaren minean. Libertimendu eguna otsailaren 15ean izanen dute. Lekunberrin bihar biltzekoak dira denak, plazako ostatuan kantuz eta dantzan aritzeko.

 

Santa Agedak ere arrakasta bildua du Lapurdin. Anitz lekutan egiten da, gaur egun, Bidasoaz haraindi azkar egiten den ohitura: Arbona, Arrangoitze, Hazparne, Miarritze eta beste leku batzuetan oraino. Hor ere eske kantua, bertsolariak, soinua eta zenbait lekutan dantzak. «Zorion etxe hontako denoi/ Oles egitera gatoz/ Aterik ate ohitura zaharra/ aurten berritzeko asmoz», dio Santa Agedako eske kantuak. Garazikoak hala dio: «Santibatek andere/ Aurten bezala gero’re/ Santibatek igortzen gaitu xingarketa gu ere».

 

Baina lapurtarrek kaskarotak izena diote atxiki usaia zaharrari. Uztaritzen, Ezpeletan eta Itsasun arras famatuak dira. Azken bi horietan funtsean, etxez etxe ibiltzearena atxiki dute. Herriak gotor badira ere, eginahalak eginen dituzte zirtzilek aterik jo gabe ez uzteko. Auzo guzietan ibiltzen direnez, asteburu bat baino gehiago behar dute denen egiteko. Ezpeletan hiru asteburuz ari izanak dira jada urtarril osoan, eta aste hondar hau dute azkena.

 

Itsasun, heldu den astetik lekora, hiru asteburuz ibiliko dira otsailean. Duela bizpahiru hamarkada berriz abiatu zuen aitzineko belaunaldiak, eta, egun, Ataitze dantza taldeak du eramaten. Hor ere zirtzilak dira aitzindari. «Ketariak palto gorria du soinean, galtza zuriak, eta begitartea agerian, sosa horrek hartzen duenez jendeak maite baitu nor den ikustea», esplikatu du Gillen Hiribarren kaskarotak. «Agur etxeko andrea/ begia duzu xarmanta/ zureganik nahi ginuke/ xingar edo lukinka», kantatzen diote etxeko jabeari. Jabeak baia eman eta sartuko dira etxe barnerat; bertsolariak ariko dira kopla ontzen, eta dantzariak dantzan.

 

Dantzen partetik badituzte beren usaiak itsasuarrek. «Ihauterietako dantzak ematen ditugu: Talo, Marmutx, dantza jauziak. Baita ere gure usaiako errepertorioa: sokadantza, kadrilak, gabota», zehaztu du Hiribarrenek. Baina bereziki makil dantzak, horietarik bat emanez sartzen baitira etxeetan. Ahurtiko makila, Ezpeletako makila ala Hiru Xito makil dantza kantatua.

 

Jabeak ketariari eman edo ez eman, araberako koplentzat, Santibatekoen bila joan dira itsasuarrak. «Eman duzu nobleki» kantatzeko eskertzeko, eman badu. Ez badu eman, Santibatekoari franko eite duen kopla dute lapurtarrek: «Goazen goazen hemendik/ hemen ez dugu xingarrik/ etxe huntako gazi kutxan/ sagiak umiak egin(di)tik».

 

Zanpantzarren erretzea
Delako «gaueko eta eguneko ihauteriekin», iduri luke biez bat egiten dela. Dantzariak beren arropa zurietan ibiltzen baitira eske gau horietan zirtzilekin batean.

 

Etxean sartu ondoan, maskak kentzen dituzte, Hiribarrenek dioenez. Elkar ezagutzeko molde bat bezala ikusten du. «Lekuko jendeak begi onez hartzen du. Xahar batzuek aipatzen dute, goaitatzen. Guk ere interesa badugu herriaren ezagutzeko, herriko mugak zein diren, herrian nor bizi den. Azkenean eskola bat da herriaren hobeki ezagutzeko». Horrek bat egiten du Lukuk aipatu «bide iniziatikoarekin».

 

Kaskaroten lehen gauan, zanpantzarren auzipetzeko eta erretzeko ohitura dute Itsasun. Otsailaren 7an izanen da aurten, Gibelarten. Gau horretan bizar dantza ematen dute; «hatsaren sinesmena agertzen da dantza horretan, nola hatsarekin berpizten ziren jendeak lehengo sinesmenetan ». Hor da ere hartzaren berpiztea eskarniatzen.

 

Kaskarotak badira ere Luhuson, Zuraiden eta lehen aldikotz aurten Makean. Zanpantzarren erretzea egiten zuten oraino duela zenbait urte Bankan. Banka ezaguna da karatotxentzat. Segitzen dute herriko gazteek etxeetan ibiltzen ihauteri kari. Bizkitartean, erranahi aldetik gauzak aldatu dira. Janaria ematen badute oraino jendek, gazteek elkarrekin jan dezaten; haatik, ez da gehiago eske kanturik, ez da zirtzil maskarik ere iduriz, «ehiztariz eta Zorro-z», bakoitza nahi duen bezala janzten da. Zanpantzarren auzia ere utzia dute.

 

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude