«Politiquement correct»

ELEKETAN: Gorka Torrek erantzuna Xabi Larralderi.

Hi Xabi, ni eta beste jende andana bat, jendartearen egoerak kezkatzen gaitu eta bertan hainbat aldaketa egin nahi dizkiagu. Baina lehenik argitu behar diagu zein heinetaraino kezkatzen gaituen, edo, beste molde batez adierazteko, jendartearen egoera soziala, ekonomikoa eta kulturala zein heinetaraino larria iruditzen zaigun. Nere ustez egoera oso larria duk, gero eta larriagoa, eta ez zioiagu larritasun horren araberako erantzun kolektibo egokirik ekartzen.

Bigarrenik, jendartearen egoera hori zerk eragiten duen zehaztu behar diagu. Nere iritziz, eragile nagusia merkatua duk. Merkatu jendarteak hondamendira garamatzala nabarmena duk. Merkatu logikak deshumanizatzen dik, harreman sozial gizatiarrak desegiten ditik. Potentzia berdintzaile honek munduaren, haren populuen, haien hizkuntzen eta kulturen aniztasuna murrizten dik, eta gutariko bakoitzaren baitan ekiten dik ere, gure gogoeta eta nahimen guzien atzetik zebilek, hauek bere inperioari lotzeko. Gure izaera moldatzen dik, eritasun psikikoak eta fisikoak eragiten ditik, baita kutsadura ere. Krisi sozial eta ekologiko honek ezin dezakek bere aterabidea merkatuaren baitan aurkitu, honek etengabe hazi behar baitik. Merkantziaren gibelean, egiazko heriotzarako pultsioa gordetzen duk, mundua suntsitzeko joera azkarra.

Ados baldin bagaituk errateko jendartearen egoera oso larria dela, aldaketa sakonak eragin beharko dizkiagu, erradikalak. Erran nahi dik arazoaren erroetan gauzak aldatu behar ditugula, bestenez gureak egin dik, eta gure ondorengoenak ere.

«Nola egoera aldatu?» galderari erantzun behar zioiagu beraz. Nere iritziz, garrantzitsuena aldaketa erradikalak egitea duk, nahiz eta behar bada garai batez jende kopuru txiki baten artean egin. Eta beharrezkoa iruditzen zaidan aldaketa erradikal bat jende kopuru handi batek nerekin egin dezan, ez diat helburua aldatu edo murriztu nahi, «onargarri» edo «politiquement correct» bilakarazi, «deskafeinatu» ziotek hegoaldean, edota baztertu nahi, gehiengoak ez duelakoan horrekin bat egiten. Neretzat argi duk soilik aldaketa «onargarriak» egiten baldin baditiat, merkatuaren logikak irentsiko nauela, aldaketa erradikalak ahanzteraino. Jende batzuek aldaketa erradikal bat nerekin egin dezaten nahi badiat, aldaketa horren beharra ahal bezain argiki adierazteko eta bereziki praktikaren bidez erakusteko ahaleginak egingo dizkiat.

Ez diat gustuko erabiltzen dukan hitz bat, jende «arruntak», nahiz eta makoen artean ezarri. Neretzat ez duk jende «arruntik ». Badirela pentsatzen banu, erran nahiko likek nere burua haienaren gainean ikusiko nukeela, ni, dakitenetariko bat nintaikeela, eta dakitenekin «arruntak » konbentzitu behar nituzkeela, eta horretarako instituzio politikoetan boterea eskuratzen bagenu molde eraginkorragoan konbentzitzen ahalko genituzkeela, baina nola ez genituzkeen sekulan nahi bezain ongi konbentzituko, azkenean ondorioztatuko genikek eraginkorragoa litaikeela «arruntak» agintzea…

Dena den, jendeak «arruntak» kontsideratzen ez baditiagu ere, jendeak konbentzitzeko egin dezakegun ahalegina guztiz arbuiagarria izan daitekek, botere hierarkiko baten logikan oso errex eror gaitezkeelako. Pertsonalki ez diat gustuko jendeak maila ideologiko hutsean konbentzitzea, are gutxiago jende hori ezagutzen ez badiat. Gustuko dudana, hau duk: praktikara eramaten dudan interesgarri iruditzen zaidan ideia bat hurbilekoei ezagutaraztea eta beren baitan ideia horren interesa sentitzen badie, elkarrekin praktikara eramatea.

Jendarte askatua, edo gutxienez dagoena baino hobea, oraindik posible dela uste diat, itxaropena badiat. Baina uste diat ere merkatua ezin dela jendarte gizatiarrago baterantz bilakatu. Ondorioz, basakerian ez sakonkiago erortzeko, merkatutik eta bere oinarrietatik atera behar girela uste diat, hau duk soldatapeko lanetik, truke baliotik, merkantziatik, dirutik, merkatu lehiatik… Ez duk hori oso «politiquement correct», baina hala uste diat.

Gaur egungo kontestu soziopolitikoan aldaketa erradikalak ez direla biziki zabalduko? Beharbada. Tamalez. Baina kontestu politikoa erradikalki alda daitekek, iñork aurreikusi ez zuen momentu batean, iñork aurreikusi tokitik, gure esku ez diren hainbat eragileren gatik, Frantzian 68ko maiatzean gertatu zen bezala. Eta agian, halako testuinguruan, beharrezkoak diren aldaketa erradikalak biziki fite zabalduko dituk. Baina horretarako balitekek aldaketa horiek jada hein batean esperimentatuak izaitea beharrezkoa izaitea, bizirik izaitea, ez beti bezala erreforma antzuetan erortzeko edota aitzineko egoera larrira berehala itzultzeko.

Errandako guziaren ildotik eta hire azken idazkira itzultzeko, azpimarratu nahi nikek oso kritikoa naizela euskararen ofizialtasunaren aldarrikapenarekin eta are gehiago euskoarekin. Baina hori beste idazki batentzat utziko diat. Ah, eta erabiltzen dukan « ezkertiarrak » kontzeptu politikoari dagokionez, zirtzilei behar den bezala horretaz irri karkailak egitea uzten zioteiat.

Santibate on !

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude