«Beste proposamenen egiten saiatzen gara»

François Maton. Atabaleko zuzendaria

 

IÑAKI ETXELEKU

IÑAKI ETXELEKU

Iñaki Etxeleku
Tribus festibalaren erdian kausitu du ‘Hitza’-k Miarritzeko musika gelako zuzendaria. Beste elkarte eta musika egiturekin lan egiteak munta du harentzat, eta horren erakusle da egun bukatuko den jaialdia. Musika munduko egitura eta zaleek aho batez goraipatzen dute Atabaleko zuzendariaren lana. François Matonek berak (Bokale, 1980) umiltasunez erraten du ez dela bakarrik egitarauaren egiteko, eta aholkuak eskatzen dizkiola osatu duen batzordeari.

 

Zein dituzu irizpideak musika taldeen hautatzeko?
Oraingo Musiken Gela gisa ekarriak gara. Eskema horretako egitura gisa, partez guhaurren diru sartzeekin ari gara, partez laguntza publikoekin. Laguntza publiko horiekin, printzipioz, enpresa pribatuek egiten dutenaren aparteko gauza bat egin behar dugu, publikoari gauza ezberdinak proposatuz, bai edukian, bai prezioetan. Atabalera etorri nintzelarik, helburu hauek nituen egitaraua finkatzeko: tokiko eragileekin lan egitea berriz azkarki, elkarteekin musika taldeekin bezainbat; aurkikuntzen proposatzea, jalgitzen diren talde berriak, talde independenteak. Helburua da dirurik ez galtzea, jakinez ez dugula irabazten kontzertuekin, ahal bezain merke jarri nahi baititugu. Gero, egoera ez da beti erraza. Taldeen sariak azkarki goratu dira; dugun 700 laguneko gela neurria egokia zen duela hamar urte, baina egun doi bat bastarta da, talde arrakastatsuek eskatu baldintza teknikoak 1.200 lekutako gelei begirakoak baitira. Ez gara lehia horretan, beste zerbaiten proposatzen entseatzen gara.

 

Aditu publikoa/publiko zabalagoa bereizketa hauts daitekeen ustea da?
Betiko eztabaida da. Ene ustez, ez dugu jendea behartzen ahal arras puntako gauzen entzutera lehen alditik. Hezkuntza artistiko bat egin daiteke, kontuan hartuz jendea kontzertu batera joan daitekeela ere momentu on baten iragateko, burua sobera berotu gabe. Berri Txarrak eginen dugu, tokian tokiko publiko zabalarentzat; Tiken Jah Fakolyk ere gela bete dezake. Baina, aldi berean, Tribus festibala egiten dugu taldeen ezagutarazteko; Isaac Delusion eta Baden Baden, hain ezagunak ez diren Frantziako inde taldeak; edo Hint taldea, arras noise estilokoa dena. Hirigune batean gara, eta ahal bezainbat jenderengana heldu behar dugu, nahiz arras argi dudan ez dela gela betetzen ahal aldiro eta sustatzen ditugun estetikak ez direla bortxaz publiko zabal bati begirakoak. Irratian guti entzuten diren estetikak dira askotan. Zaila da gehiengoari berrikuntzen ezagutaraztea, eta ulertzen dut, baina azken hiru urteetan, gauza bereziak ekarraraziz, hain hel-errazak ez direnak ere, jendeak erantzuten du, publiko jarraikia sortzen du. Ezagutzen ez zuten lehen proposamen bat gustukoa izanik, berriz heldu dira. Silver Mt Zion taldearekin hirurehun bat lagun jin dira, biharamunean Bilbon ehun bat ziren. Helburua da zuzeneko emanaldi interesgarria sortuko duen taldea etorraraztea.

 

Nola ikusten duzu lekuko musika taldeen dinamika?
Iduritzen zait gero eta gehiago badela, segurik, aniztunagoa dela. Egia da Ipar Euskal Herrian nagusiki rock estetikak direla, doi bat ilunak, baina bada besterik ere garatzen ari, folk, elektro, soundsystem munduetan. Baditugu taldeak herrialde anitzetan ibiltzen direnak itzulian. Euskaraz ari direnetan bada Willis Drummond, ateratzen ari dena Euskal Herritik kanpo. Rodeo taldea, berriz, Errusian, Turkian ibiltzen da, osoki molde autonomoan; Infest ere bai. Tokiko talde baten atzemateko zailtasunik ez dugu.

 

Egonaldiak ere egiten dituzue.
Lan bat eraman nahi dugu beste egitura batzuekin —EHZ festibala, La Loco [Landesetan], Baleapop—, 2015etik aitzina bakoitzak begiztatzen dituen taldeekin halako sorkuntza laborategi baten muntatzeko, elkarrekin lan egiteko egonaldien bidez. Musikariek konplexuak gaindi ditzaten ere duten gogoarekin. Paxkal Irigoien deskubritu dudalarik harritu naiz, ez baitzen ezaguna, arras egokia iduritu baitzait, funtsean forman bezainbat. Tematu naiz egonaldi bat egin zezan eta kontzertu bat Atabalen [joan den larunbatekoa]. Harritua bezala zen bera, bere baitarik ez zuen baitezpada eginen. Gure egituren lana da ere halakoengana joatea errateko: «Bai, guziz interesgarria da egiten duzuna! Landu behar dugu, beste jende batzuekin ar zaitezke». Anitz gauza bada asmatzeko. Egitura desberdinek proposatzen dugun egitarau aniztunak, araiz, publiko eta musikariei hazkurria emanen die beren sorkuntzetarako. Konplexuen kentzeko ere; adibidez, euskaraz kantatzea. Hego Euskal Herriari so egiten bada, talde elemenia bada eta belaunaldi berriak, pop edo inde musiketan, ematen du ingelesaren hautua egiten duela. Ongi litzateke nahastea gehiago menturaz euskararekin. Euskaraz ari diren taldeek konplexurik gabe entsea ditzaten gauzak.

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude