Seaskak lur eremu bat erosiko du Ziburuko ikastolarentzat

Borroka luzea eraman dute ikastolako gurasoek eta Seaskak Ziburun gelditzeko, eta beste aterabiderik ez denez posible izan, 300.000 euro balio dituen lur eremu bat erosiko du Seaskak. Lur hori erosteko erabiliko dira aurtengo Herri Urratseko irabaziak, eta kanpaina bat abian ezarri dute.

 

Aurtengo Herri Urrats bestaren berri urtarrila bukaeran eman dute. Senpereko aintzirako irabaziak Ziburuko ikastolarentzat erosiko duten lur eremua ordaintzeko baliatuko ditu Seaskak. Hain zuzen, horregatik aurkeztu dute hain goiz, kanpaina zabalago bat eramanen baita lur horren kostuari aitzin egiteko. Apirilaren 8an Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalistekin saio bat antolatu dute Baionan, eta apirilaren 23an berriz Hernani eta Ordizia arteko rugby partidua izanen da Ordizian (Gipuzkoa).

 

“Ez da guk nahi genuena baina ikusita azken urteetan bizi izan duguna, ikusita auzapezaren jarrera, ikusita proposatu ditugun aterabide publikoek ez dutela deus eman, nahi badugu ikastolak bizirik segitzea ezinbestean hautatu dugu aterabide pribatua”. Hitz horiekin argitu du Laida Mujika Ziburuko ikastolako lehendakariak egin duten hautua. 300.000 eurotan erosi du (ondoko egunetan izenpetuko dute tratua) Seaskak Kaskarotenea kokatzeko lurra.

 

Ikastola Marinela deitu gunean mantentzeko, oztopoak ez dira gutxi izan; Guy Poulou herriko auzapezak lekua hustea galdetu zienetik, Paueko epaitegi administratiboak hala deliberaturik, 100 euroko isuna ordaindu behar izan dute egun bakoitzeko. Gainera, auzapezak ikastolako argindarra moztea ere agindu zuen.

 

Kanpaina berri bat abian
Ziburuko ikastolarekiko elkartasun keinuak ere ez dira gutxi izan, eta oihartzun berezia ukan zuen iazko azaroaren 8ko manifestaldiak. Urte berriarekin, ikastolari lurra erosteko abiatu da beraz sostengu kanpaina berria. Apirilaren 8an Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalistekin saio bat antolatu dute Baionan, eta apirilaren 23an berriz Hernani eta Ordizia arteko rugby partidua izanen da Ordizian (Gipuzkoa).

 

Herri Urratseko irabaziak ere Kaskarotenea laguntzeko erabiliko dituzte. Arratsalde honetan aurkeztu dute, “@xik ikastol@” da hautatu duten leloa, teknologiei keinu eginez.

 

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude