Konpaktatu, inpaktatu

ELEKETA: Xabi Larraldek Gorka Torreri.

Lehenik eta behin, urte berri on hiri, Gorka, eta irakurle guziei: 2014ari agurra, 2015ari egurra! Gure arteko solasaren abiapuntutik, demokrazia parte-hartzaile sakon baten eredua defenditzen dukala azpimarratu duk. Ni bat natorrek horrekin, bakarrik diodana da nahi duenak entseatzen ahal du logikarekin maila indibidualean gure ideiekin koherentzian bizitzea (eta hori ez da gutti!) lor genezakeela, baina jendarte zabalarentzat gauzagarriak diren molde alternatiboak indartzeko, baldintza edo neurri kolektiboak asmatu eta sortu behar ditugula.

Adibide bat har dezagun: euskararena. Nik euskaraz bizi nahi dut. Eta hori gauzatu dadin, lehenik eta behin, euskaldunek helburu horrekin koherenteak diren egin-moldeak garatu behar dizkiagu, horretarako beharrezkoak diren praktikak eta tresnak antolatuz. Molde horretan, lortuko duguna da eremu euskalduna trinkotzea edo konpaktatzea. Baina euskaraz bizi nahi izatea, eta Iparraldean euskara salbatzea, helburu osagarriak badira ere, ez dira helburu arrunt berdinak.

Iparraldean euskara salbatzeko eremu euskalduna trinkotzea ezinbesteko baldintza bada, ez da baldintza nahikoa. Izan ere, erdalduna den gehiengo oso zabal horri begira nolabaiteko zubiak eraiki behar ditugu, gure konpaktazio ariketak inpaktua eduki dezan gizarte zabalean; erdaldunak euskalduntze dinamika batean murgildu daitezen baldintzak sortuz. Zein ote dira baldintza edo neurri horiek? Euskalgintzak aspaldidanik defenditzen dituenak, eta lehena, euskararen ofizialtasuna. Horrekin batera, beste bat diskriminazio positiboaren irizpide baten gauzatzea izan daiteke. Diskriminazio positiboa irakaskuntzan onartua (baina gutti erabilia) den printzipioa da. Eskolan emaitza onak ez baitira soilik nahi duenak ahal du logikaren arabera erdiesten, konkurtso batzuen kasuan adibidez, baldintza errazagoak eskaintzen zaizkie ingurugiro sozial jakin batzuetatik datozen gazteei.

Orain, gure solasa eremu sozioekonomikora eramanez, ideologia liberalaren irizpideetan (lehia, etekina) oinarrituak ez diren harreman ekonomikoak nola garatu? Bide bat izan daiteke gaurko gizartearen bizimoldeetatik baztertzea, kontzientzia eta konbentzimendu maila handia dutenen artean komunitate bat sortuz elkartasuna eta autosufizientzia helburuak praktikan gauzatzeko. Baina beldur diat bide horretatik gizartea bera ez dela asko aldatuko. Beste bidea duk (ez baitezpada kontrajarria) tresna batzuk eskaintzea, baldintza berri batzuk sortzea, pertsona arruntak edo ez hain konbentzituak erakartzeko.

Orduan, zein ditugu alor sozio-ekonomikoan baldintza berri horien sortzeko hari nagusiak? Ene ustez, horietariko bat finantza eta moneta alorra duk. Monetak bi aurpegi ditu. Alde baikor batetik trukaketak suspertzeko tresna duk, baina, aldi berean, espekulazio tresna ere baduk, gure sistemak diruarekin dirua egitea ahalbidetzen baitu. Horri begira, adibidez, euskoa harreman ekonomiko ezberdinak bideratzeko tresna oso egokia dela iruditzen zaidak, ezaugarri zehatz batzuk errespetatzen dituzten tokiko produktuak erosteko posibilitatea baizik ez baitu eskaintzen, espekulazio aukera oro ezabatuz. Egia erran, euskoari buruz iritzi kritikoak entzun ditut, zenbaitzuen iritziz tokiko monetek ez luketelakoan funtsean gauza askorik aldatzen. Baina esperientzia historikoek bestelako ondorioak azalarazten dituzte, tokiko monetak inpaktu handiko tresnak izan daitezkeela erakutsiz. Lehenetarikoa 1929ko krisiaren giroan sortu zen, Wörgl hirian (Austria), Silvio Gesell ekonomialari italiarraren iradokimenak jarraituz. Eta moneta teoriaren ikuspegitik, jakin behar da J.M. Keynes ekonomialari ospetsuak S. Gesellen azterketak goraipatu zituela.

Orain, alor politikora helduz, demokrazia ordezkatzaileari begira, egiazko aldaketa ordezkatu dezakeen sistema parte-hartzailea indarrean jartzeko zein dira gizartean sortu beharreko baldintzak? Edo beste molde batez errana, jende arruntak dinamika parte-hartzaileetan murgiltzerat erakar ditzaketen hariak edo funtsezko ardatzak zein dira? Ene iduriko, ardatz nagusietariko bat denboraren kudeaketan finkatzen duk. Eta euskaldunek ofizialtasuna aldarrikatzen duten molde berean, ezkertiarrek lan-denboraren murrizketa borrokatu behar luketela iruditzen zaidak.

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude