Militante berriak prestatzen

Frantziako Alternatiba zenbait ekinbidetarik etorri 80 bat lagun bilduko dira aste hondar honetan Baionan, formakuntza baten jarraitzeko. COP21 goi bilera ere jomugan dute.

 

Iñaki Etxeleku

Joan den urrian  Zokoan antolatu Alternatiba Eguna. Sylvain Sencristo.

Joan den urrian Zokoan antolatu Alternatiba Eguna. Sylvain Sencristo.

Liman, klimaren aldaketaz egin goi bilkuran zen Jean Noel Etxeberri Txetx, Bizi mugimenduko eta Alternatiba egunen koordinazioko kidea. Han segitu eztabaidek ez diote baieztatu baizik tokian tokiko militantziaren garatzearen beharra. Haren ustez, estatu ordezkariek arras ongi badakite egoera larria dela, 2030erako bi gradu gehiagoren hozka gaindituko dela, eta alegia ari dira zerbait egin nahi dutela erranez.

 

Aste hondar honetan Baionako IUTren barneetan bilduko diren jendeak Frantziako eskualde guztietarik jin Alternatiba ekinbideetako kideak dira. 63 Alternatiba bidean dira jadanik. Batzuk iraganak, Ipar Euskal Herrian Zokoan egin zenaren gisan, eta 2015ean egitekoak besteak. Baina Alternatiba egun bat nola antolatzen den irakasteaz baino haratagokoa nahi dute asteburu hau antolatzaileek. «Alternatiba baten antolatzea, metodologia baten aplikatzea da ororen buru, eta, beraz, militante kontzientziatu oraino gehiago hurbilaraztea; jende berri batzuen hunkitzea», azaldu du Etxeberrik.

 

Ipar Euskal Herriko Alternatibakoek jadanik bazuten liburuxka bat zabaldua tokian tokiko halako ekinbidearen antolatzeko bideak xeheki barnatzen dituena. Geroztik, formakuntza bat eraman dute Parisen abenduan, hogei bat militantek segitu dutena. «Zerbait ari da pasatzen. Gure helburua ez da 30, 40… alternatiba egunen antolatzea. Helburua da dinamika baten sortzea, eta honen inguruan militante belaunaldi berri baten sortzea». Formulak badu arrakasta, iduriz, joanago eta galde gehiago baitute formakuntza horrentzat Bizi eta Alternatibakoek. Hortarik, gaurtik igandera eginen den ikastaroa.

 

Tokiko esperientzia batekin ikasi den «programa irabazle» bat nahi da pasarazi. Programa hori honela laburbildu du Etxeberrik: «Ikuspegi estrategiko bat da, programa erradikal-pragmatikoa, praktikoa, soziala eta ekologia uztartzen dituena, baita ere tokikoa eta globala». Euskal Herrian den egiteko molde batetik ikasia bezala ikusten du hau. Metodologia hori ibiltzen dela ikusten dute Bizikoek, azken froga, Societe Generale banketxearen kontra egin kanpaina, hondarrean Alpha Coal proiektutik jalgi baita. Kanpaina horren arrakastak Limako goi bilkuraraino izan du oihartzun. Etxeberrik dio anitz galdezka heldu zaizkiela jakiteko nolaz ibiltzen den beren formula.

 

COP 21ek sortu parada
Horretarako, azaroaren 30etik goiti, dozena bat egunez Frantzian iraganen den klimaren goi bilkuraz baliatu nahi dute ezkerreko militanteek eta ekologistek, tokian tokiko dinamika iraunkorren akuilatzeko. «Gaur egun ezker mugimenduek arazo bat dute: gibel egiten ari dira. Aski da ikustea zenbat gazte den bilkuretan, kaskazuriak dira gehienak. Arte horretan, eskuin muturrak, Fronte Nazionalak, gazteak biltzen ditu milaka. Funtsezko arazoa da, eta gazte militante belaunaldi berria da jokoan, biharko borroken indar harremana aldatuko duena».

 

Hots, tokian tokiko borrokak errotzea da helburua, eta, bestalde, maila zabalago bateko erabaki inportanteetan pisatzeko gisan, borroka horien elkarretaratzea. Parada ezin hobea zaio beraz Alternatibari COP 21 goi bilera. Adibide gisa ematen du Etxeberrik Ile St Denis Paris erdian den herrian gertatuko dena bileraren denboran. 85 jatorritako herritarrez osatu 7.000 bizilaguneko herria da. «Auzapeza gutarik arras hurbil da, nahi du Alternatiba bat antolatu bere herrian; goi bileraren denboran, Alternatibaren gune nagusia antolatuko dugu bertan. Alternatiba guzietako berrehun militante egonen dira hor mobilizazioen antolatzeko». Esperientzia kolektibo hori baliatu nahi lukete Alternatibakoek sare baten ehuntzeko tokian tokiko dinamiken bultzatzaile izanen diren militante horien artean.

 

Igande arteko Baionako ikastaroak hori du ere xedea. «Guk erraten diogu jendeari ez dela teoriatik abiatu behar. Anitzetan talde bat sortzean, lau bilkura pasatuko dituzte xarta egoki baten idazten tiletez tilet eta arte horretan gazte eta berri guziak lekutu dira. Hori aldatu behar da. Baionan, Alternatiben herria antolatuko dugun gunearen bisitatzera eramaten ditugu lehenik jendeak». Hots, lan konkretuetarik parte harrarazi lehenik, eta gero, emeki-emeki, teoria landu.

 

Munta handikoa zaio ere Etxeberriri gizarte gaien eta ekologiaren lotzea, ustez sail desberdinetakoak diren jendeak elkarren parean ez jartzeko. Hori eta tokikoaren eta globalaren arteko dinamika bikoitzaren bermatzea. «Ez da hertsatu behar bakoitzak egin dezakenean pentsatuz indarrik gabe dela erabaki handien aitzinean. Borroka daiteke AHTaren kontra hemen, aireportuaren kontra han eta zaharkitze programatuaren aurkako lege baten alde». Borroka orok bestea laguntzen duela, nolabait.

 

Egiazko gizarte sarea landu
Aldi berean, Alternatiba Egunak ekologia eta gizarte borrokekin lotura zuzena ez duten tokiko proiektuen biltzeko tokiak dira antolatzaileentzat.

 

Landu nahi diren gaietan mota orotako eragileak lot daitezke, hala nola dantza taldeak, kirol taldeak edo nornahi. Kontsumo arduratsuaren inguruan lekuko eragile franko bil daitezkeela uste dute Alternatibakoek. Dendari edo jostunen adibidea eman du Etxeberrik. «Josiz, ez dira jantziak botatzen, ez berririk erosten aldi oro; beraz, berotegi efekturik ez da sortzen». Tokian toki jendeak eraman halako jarduerak Alternatiba dinamiketan parte harraraziz, beste mentura batean jartzen direla uste du; «Jendeek beren baitarik jada egiten dutenetik ditugu ibiliko diren dinamikak zutik emanen».

 

Heldu den udan eginen den Alternatiba Itzuliak ere xede bera du. Buruilaren 26an Parisera helduko da, non COP 21 bilkura izanen den, zenbait astez 180 lurraldetarik iragan ondoan. Jendarte zabal bat hunki nahi du itzuli horrek, tokian toki gauzak egin daitezkeela erakusteko. «Bizik, herriko bozetan hemen egin zuen Trantsiziorako Itunari egite dukeen beste itun baten prestatzen ari gara, itzulia iraganen den lurralde guzietako hautetsiei izenpearazteko». Lana oraino bururatzekoa dute, baina, bestalde, «alternatiben liburuxka» batekin ere ibiliko dira Itzulikoak, konkretuki bakoitzak egin ditzakeen ekintzak zehazten dituena (banketxez aldatu, EDF utzi Enercoopera joateko…).

 

Antolatzaileen ustez, itzuli horrek balio izan dezake han-hemenka, COP 21 goi bilerari begira proiektuen sortzeko buruilaren 26tik lekora. «2015ean, klima aldaketari ustez buru egiteko aterabide tekniko faltsuz ariko zaizkigu alde guzietarik», dio Etxeberrik, eta, horretarako, beste diskurtso bat landu nahi dute ekinbide berezi horren bidez.

 

 61.340: ITZULIAK BEHAR DUEN DIRUA

Heldu den udan 180 lurraldetan gaindi ibiliko da Alternatiben itzulia; hala, diru bilketa hasi du finantzaketa kolektiboaren moldean. 20.000 eurora heldu da jada, baina bi heren eskas ditu oraino nahi bezala antolatzeko. Korrikak inspiratu bizikleta itzulia izanen da.

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude