«Langile eskasa sentitzen dugu mementoan Zuberoan»

Mixel Etxebest. Mauleko auzapeza eta enpresa burua

Artzainak enpresa multzoaren buru da Etxebest, hautetsi izateaz gain. Zuberoako ekonomiaz ere mintzatu da luzaz, sail horretan herriko etxearekin eta herri elkargoarekin dituzten xedeez ere.

 

Bob Edme.

Bob Edme.

Ekonomia sailean zertan da mementoan Zuberoa?

Zuberoako ekonomia bera ontsa badabil, lantegiek lan badute, ez da lantegi hesterik entzuten; denek dakigu ekonomia Frantzian kinka larrian dela; hala ere, Zuberoan bizi da: industria lantegi bat sortu da aurten bedatse honetan; hain zuzen, aurten sortuak diren bost enpresa aurkezten ditugu egun hauetan, hamabost bat lanpostu sortu dituztenak. Zuberoako lantegiak aitzina doaz; jende hartzen dute: langile eskasa sentitzen dugu mementoan.

 

Laborantzan arrangurak sentitzen dira Zuberoan, segidarik gabeko etxaldeak?

Kezkagarriena hori da, laborantzarena; herri elkargoan sail hori eskutan hartu dugu. Hemengo problematiketan lehena, laborantza biziki zatikatua dela iparraldean, eta bi mundu horiek ez direla gurutzatzen, edo arrunt guti. Guk herri gisa denak bildu nahi ditugu; bide hori abiatu dugu orain duela urte pare bat, eta azken bozetan hautetsi andana bat agertu da laborantzaz axolatua; hogei bat dira lanean hasiak bost urterentzat: bata laborarien mozkinak, eta bestea laborantzaren berritzea. Esperientzia gisa etxalde ttipi bat erosi dugu Sarrikotapean eta beste bat Etxebarren. Horrenbestez erran nahi diegu epe motzean erretreta hartuko duten laborariei: pentsa ezazue zer izaten ahal den zuen segida; ez ezazue, otoi, zuen etxaldea zatika erretretan sartzean; atxik, otoi, zuen ekonomia unitatea osorik, gazte baten esku uzteko edo parada emateko ikus dezan hor laborari izaten ahal denetz. Bi etxalde horiek antxeretan erosi ditugu, eta laborantza mintegi gisa erabiliko ditugu. Laborantza saila espreatu nahiko dutenak kontratu bidez ariko dira etxalde horietan. Sarrikotapekoa, gehiago da baratzezaingoa probatzeko, Etxebarrekoa, berriz, hazkuntza; behi edo ardi hazkuntza araberako aterpeak ditu. Bi pertsona hartuko ditugu, bata Sarrikotapean eta bestea Etxebarren, hiru urteren esperientzia egiteko. Gu, botere publikoak, ez baikara laborari, leku horiek atxiki nahi ditugu esperientziak egiteko; hiru urteren buruan hor ari izan diren laborariek gaitasunak izanen dituzte etxalde bat hartzeko.

 

Laborantzak lurrak behar, eta industriak ere bai. Bada tentsiorik Zuberoan?

Bai. Sustut industriak nahi dituen lurrak hoberenak baitira, ordokiak eta bide handien ondoan, laborantzak bezala. Orain ikusten dugu aldaketa bat laborantzan: hazkuntza ttipitzen ari da, eta eremuak handituz bezala, artoa eta gisa horretako ekoizpenak. Gure ustez, hori kaltegarri da; etxalde bat bizi baldin bazen 30 hektareatan ardi edo behi saldo batekin, orain laborari batek arto egiten badu ehun hektarea behar ditu, edo ehunez goiti hektareatan erabiltzeko ahalak ditu. Heldu baita etxalde bakar bat leheneko hiruren eremuan. Horrek ondorio kaltegarriak baditu gure abere hiltegiarentzat, sor-markentzat eta mendi bortuarentzat.

 

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude