Erromatarren arma isila, akulturazio zibila

Ipar Euskal Herriko lehenetariko kontrolgune garrantzitsua izan zen Donazaharre. Pirinioen pea zaintzen zutenak militarrak izanagatik, utzi herexak zibilak dira, eta «egiazko erromatar bizia» egon zen, bi mendez.

 

erromatarren galtzadak Euskal HerrianErromatarrak biziki ezagunak dira; bertzeak bertze, eraiki bide sareengatik. «Euskararen eskualdea ez zen salbuespena izan; lurralde osoa zeharkatzen zuten galtzadak eraiki zituzten eta itsas bideak prestatu», dio Xamarrek, Euskara jendea liburuan. Preseski, Bordele eta Astorga arteko galtzada erromatarraren bidean zegoen Donazaharre; Orreaga, Aurizberri eta Pompaelo edo Iruñea lotzen zituena. Baina ez zuen orain duen izen bera, Inmus Pyrenaeus deitu baitzuten. «Erran nahi du Pirinioen peko aldea. Kasik dena menperatu zuten eta bideak eraiki zituzten», xehatu du Philippe Mayte historia irakasleak. Peko parteak bazuen bere gainekoa; Summus Pyrenaeus, oraingo egunean ongi ageri den Urkulu mendia. Kaskoan dorrea eraiki zioten «errateko erromatarrek menperatzen zutela Novem Populania; bederatzi populuak».

 

Mapak erakusten duen gisan, bide batek baino gehiagok saretzen zuten eskualdea; «berdin, sasoiaren arabera bideak baliatzen zituzten; bata negurako eta bertzea udarako. Urkulutik, neguan, nekez pasa zitekeelako. Argi da pasaia lekua zela Donazaharre, eta orain bezala kontrolak bazirela», argitu du Pablo Martikorena arkeologoak.

 

Hala, erromatarren kanpamentua deitzen dena, izatez, kontrolgunea zen. Merkataritza mugimendua handia zenez, Donazaharretik iragaten ziren joan-etorriak militarrek egiaztatzen zituzten, bai eta pax romana, erromatar bakea zaintzeko ere. Hartatik kanpamentuaren izena. «Donazaharren, instalatu ziren K.a. 15. urtean, eta 300 soldadu egon ziren. Bi mende pasa», zehaztu du irakasleak. Hego Euskal Herrian, berriz, bortz mendez laketu ziren, K.a. 100. urtetik K.o. 400. urtera arte; azpimarratzekoa da denbora aldea.

 

Eskualdearen araberakoa izan zen erromatarren okupazio aldia; Martikorenak ongi daki: «Donazaharrekoa Ipar Euskal Herriko erromatarren lehenetariko finkatzea izan zen. Hego Euskal Herrian, berriz, Iruñea edo Irunen adibidez, K.a. I. mendean jada hor ziren. Lehenetariko kontrolgunea izan zen, Getariarekin batera. Azken hori, haatik, arrantzaren gainekoa zen».

 

Arma gabeko akulturazioa?

Kontrolgunea bazen ere, indusketek ekarri aztarnak nagusiki zibilak dira. «Donazaharre ardatz garrantzitsua zen; horregatik, kontrol lekua instalatu zuten. Erromatar elitea da presente, gunearen materiala aberatsa lekuko; metalezko objektu franko, edergailuak, txanpon anitz eta bainuak. Ageri da trukea eta businessa bazela leku horretan. Beraz, kontrol bide horretarik eta iturri metalurgikoez aparte, erromatarrek ez zuten interesik bertako artzaingoa, mendia, laborantza eta eremu osoa kontrolatzeko. Bizitzekoa bazuteno, hots, elite horrendako baliabideak ukaitea zuten helburua, eta gehiagorik ez. Ororen buru, galtzada hori eta meategiak kontrolatzen zituztenentzako doia nahi zuten», argitu du Martikorenak.

 

Funtsean, bainuetxea eraikin zibila bada ere, militarren zerbitzukoa zen; haien «jacuzzia» zela dio, irriz, Maytek.

 

Jean Luc Taubie arkeologoak egin lana funtsezkoa izan zen Donazaharreko arkeologiaren historian, argitara eman baitu «egiazko» bizia izan zela erromatarren inguruan. Gainera, donazahartarrak ttipitan ikusi zituen indusketa horiek, eta bera ere ibiltzen zen «altxor» bila. Erran daiteke ez duela halabeharrak historia irakasle bihurtu.

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude