Lurpeak gordetzen dituenak

Arkeologoek hezurdurak eta zeramikak atzeman dituzte Donazaharren. Orain, baimena behar dute indusketa sakonagoak egiteko. Historia idazteko datuen defizita azpimarratu dute diziplina anitzetako ikerlariek.

Irakurri ere: Erromatarren arma isila, akulturazio zibila

 

Ainize Madariaga

Donazaharreko indusketakDonazaharrek badu zer konta. Gosea eta egarria pizten dituen hiria da. Izan ere, 1965. urteko aurkikuntza arkeologikoetatik landa, monumentu historiko gisa sailkatu zuten, 1984an. Jean Luc Taubie ikerlariak aztarnak atzeman eta indusketa sakonen ondotik erdietsia.

 

Donazaharretik iragatean, doi-doi ikusten da iragarkia: «erromatar kanpamentua». Alta, barnean kukutzen dituenak altxorra dira: balio handiko erromatar bainuetxeak, zinez ongi begiratuak izan direnak, bai eta anforak, txanponak, zeramika, basoak… museoan ikusgai direnak.

 

Haatik, 60ko hamarkadan egin aurkikuntzez geroztik, gauza guti gertatu da, eta museoak pieza berri guti bildu ditu. «Indusketak zaharrak dira; beharko litzaieke hautsa kendu», dio Nadine Beaguek, INRAPeko arkeologo (prebentziozko ikerketa arkeologikoaren institutu nazionala) eta Donazaharreko indusketa berria lehentze zuzendu duenak.

 

Iragan azaroaren 4tik 6ra, herriko etxearen moldaketa obren karietarat, INRAPeko arkeologo taldeak diagnostikoa egin zuen. Hartara, emaitza zehatzak ezin erran badituzte ere, segur da garai desberdinetako aurkikuntzak egin dituztela, Antzinaroko zeramika puska zenbait, baina batez ere, hilobiak, hain segur Erdi Arokoak direnak. «Erromatar garaiko aztarnak atzeman ditugu, baina guti, eta ez direnak hainbertze mintzo. Emaitza garrantzitsuena hilerriari lotua da; hezurdurak atzeman ditugu, baina osagarririk gabekoak, eta horrengatik ezin dugu jakin zein garaitakoa den xuxen. Ez baldin bada osagarririk, oso zaila baita datatzea», azaldu du Beaguek. Osagarria deitzen dio hilarekin batera lurperatzen den edozein objekturi; iskilinba, edergailu, arma… Haiei esker dute zalu jakiten zein garaitakoak diren hilobiak.

 

Doi-doietarik «salbatu» duten diagnostikoa izan da. Donazaharreren ondarea erromatar guneak zein eliza erromanikoak aberasten dute; horrengatik ere sailkatua izan da, eta potentzial azkarra du arkeologoen ikuspegitik. Beraz, edozein eraikuntza obraren gauzatzeko, ontsalaz, herriko etxeak DRAC (Akitaniako kultura aferen eskualdeko zuzendaritza) abisatu eta indusketa egiten da.

 

Aldi honetan, ordea, abisua ez da heldu, eta obrak diagnostikorik gabe hastekotan ziren. «Beharrik badela ondareari minbera den jendea!», poztu da Beague.

 

«Badakigu Erdi Aroan hilerriak orain baino hedatuagoak zirela eta usaia zutela eliza aitzinean lurperatzeko. Gainera, jakina da elizak kultu zaharragoen gainean eraikitzen zirela», ohartarazi du Pablo Martikorenak, arkeologo eta Unibertsitate Herrikoiaren zuzendari gazteak. Bertzeak bertze, erromatar gunearen bisitak animatzen ditu, nahiz eta Neolitoan den espezializatua.

 

Bildurikoa garai historiko batean kokatu behar balitz, Beaguen aburuz «Antzinaro hondarraren eta Erdi Aroaren hastapenaren artekoa» litzateke, zeren eta berantagokoek «osagarri anitzekin» lurperatzeko usaia baitzuten.

 

Preseski, aldi honetan, azpimarratzekoa da osagarririk eza. Arkeologoen etsairik handiena harrapakeria da, metal detektagailuz lurpeko balizko txanponak edo urrea bildu nahi dituztenak. Horren kausitzeko, ikerlarientzat baitezpadakoak diren indize guziak xehatzen dituzte, in saecula saeculorum. Arrazoi horrengatik, Hitzari eman dizkioten xehetasunak biziki mugatuak izan dira, eta argiki azpimarratua ere hilobietan hezurrak baizik ez dituztela ediren, arpilatzeen saihesteko.

 

Kuku gordeka

Nola jakin non bilatu behar den? Nondik has zilatzen? Nolakoa da arkeologoen lana? Zer tresna darabilte?

 

Greziarrez, arkhaios zaharra eta logos zientzia edo ezagutza dira, ongi ezaguna den bezala; hortik, arkeologia. Ez dira egun guziez ikusten. Are gutiago Donazaharren, bilaketak «bakanak» baitira.

 

Ez baita horren sinplea, indusketa baten egiteko baimenak eta hitzarmenak beharrezkoak dira; horregatik, hilabetea iragan da Donazaharreko Herriko Etxearen eta INRAPen arteko hitzarmena izenpetu arte. «Hori izan da luzeena», gehitu du Beaguek. Izan ere, herriko etxeak obrak abiatu baititu, herriko etxea bera berrantolatzeko. Baina Donazaharrek «alimaleko» potentzial arkeologikoa du; hala, obra oro egin aitzin, arkeologoen diagnostikoa egin beharretan dira, ikusteko deusik baden ala ez. Baiezkoan, kasu honetan bezala, neurtzen dute atzemanikoaren garrantzia, eta erabakitzen indusketa sakonagoak eginen dituztenetz ala ez. Baina deliberoa ez dago arkeologo edo herriko etxearen esku, administrazioarenean baizik. «Ahalaz, entseatzen gara obren ez gibelatzen», dio arkeologoak.

 

Hitzarmena izenpetu eta ondoko urratsa, lekuaren gainera joatea izan da, bi arkeologo, pala mekanika eta gidariarekin. Eta bai, ez baitira beti isipuz lanean ari! «Pala mekanikarekin has, eta pintzelez akitzen dugu lana». Baina lehenago, hiri obra denez, «zailtasunak» badira, kontuan hartu beharrekoak franko baitira: ura eta elektrizitate sareak, eta, bertzalde, etxe bat erauzi baitute, ezin sobera sakon zilatu, inguruko eraikinak ez desorekatzeko. Hala, 1,30 metro barnako trintxera aleatorioak zilatu dituzte, 900 metro karratu zuten ikertzeko, eta faktore guziak kontuan harturik «fite» deliberatu ahal izan dute non zilatu. Bi metro zabal, eta 10-15 metro luzeko lau zundaketa egin dituzte. «Baina ez gara usaian lortzen ditugun zabalera osoaren %10era heltzen, %6-7ra baizik», dio, penaturik.

 

Bilduriko hezurdura eta zeramikak ikertu eta txostena osatzen ari dira orain zientzialariak. Ontsalaz, urtarrilaren joanean jakinen da, Donazaharren, epe luzerako indusketa programatuak egiten ahalko dituzten ala ez.

 

‘A mundo condito’

Aditu guziak zerbaitek ados jartzen ditu: Ipar Euskal Herriak sekulako «defizita» duela arkeologiaren alorrean. Funtsean, historiaren oihala josteko datu eskasaz pleinitzen dira.

 

Jakin behar da Donazaharreko gune erromatar hori ez dela gune arkeologiko bakarra: bada bertzerik eta aise zaharragoa dena; prehistorikoa, Neolito garaikoa, hazkuntzaren eta laborantzaren hastapenekoa, bai eta Erdi Arotik egungo egunera artekoa ere. «Aurkikuntza honek berresten du arkeologiaren beharra. Uste dut euskaldun gisa gure kulturaz eta iraganaz harro garela, eta geroari buruz joanen garela iragana ezagutuz. Greziar filosofoek erraten zuten bezala, nola ulertzen ahal dugu oraina iragana ulertu gabe?», galdetu du Martikorenak.

 

Frantziako miaketen %80 salbamenduzkoak dira, gainerakoa, beraz, programatua. Azken hori zuten egin 60ko hamarkadan Donazaharren; geroztik ez da bertzerik egon. Urteetako lana izaten da, Estatuak ordaindurikoa, urtean hilabete batez edo biz lekuaren gainean bilaketak egiten dituzte, ahal den guzia atzeman eta laborategian gero ikertzeko.

 

Arkeologiaren aurkezpen txarrak arranguratzen du arkeologoa, «sobera zientifikoki eta gordinki» egina izan baita, baina azpimarratu du badirela esperientziak «oso ongi» martxan direnak ere, eta horietarik ikasi beharko litzatekeela, «lurraldean egina lurraldearendako», hutsegiteetatik eta kausitzeetatik ikasiz. Gaineratu du oraingo egoeran estatuek kultura eta ondarearen gainean ekonomiak egin nahi dituztela. «Ezetz erratea dagokigu, kolaborazio eta koordinazioaren bidez, eta ideiak emanez aitzina jo!».

 

Unibertsitate Herrikoiak antolatzen dituen hitzaldiek, Les premiers paysans de l’ouest des Pyrénées (Mendebaldeko Pirinioetako lehen laborariak) idatzi liburuaren salmentek eta kafe arkeo bezalako usaiako topaketek erakutsi diote «zinezko galdea» badela jendearen partetik. Hitzordua ere finkatua du, Prehistoria hurbilaren hegoaldeko topaketak prestatzen ari baita 2016ko, lehen aldikoz Baionan iraganen dena. Parada «historikotzat» jo du, espero baitu 200 bat aditu gurutzatuko direla bertan.

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude