Uber zerbitzua debekatu du Frantziako Gobernuak ere

Urtarrilaren 1ean jarriko da debekua indarrean. Taxilariek ontzat hartu dute.

 

Iker Aranburu

Euskal Herrira iritsi aurretik ere, ateak erabat itxi dizkiote Uber taxi zerbitzu alternatiboari. Joan den astean Madrilgo epaile batek zerbitzua eten zuen Espainian eta Hego Euskal Herrian. Gaur, berriz, Frantziako Barne Ministerioak iragarri du urtarrilaren 1aren aurretik debekatuta izango dela. Belgikak, Herbehereek eta Thailandiak ere antzeko neurriak hartu dituzte, taxilarien lehia desleiala egiten dietela argudiatuta.

 

Uber 220 hiritan dago mundu zabalean gaur egun. Harentzat lan egiten duten auto gidariak eta erabiltzaileak harremanetan jartzen ditu aplikazio baten bidez, beti unean uneko zerbitzuak eskaintzeko. Trukean, garraio horren kostuaren zati batekin geratzen da. Sortu zenetik, han eta hemen ikusi ahal izan dira taxi gidarien protestak, Europako hiri askotan adibidez.

 

Parisko taxilariek gaur goizean egin dute protesta. Roissy eta Orlyko aireportuetatik abiadura oso motelean abiatu dira dozenaka taxi Paris erdialdera, eta trafiko ilada handiak eragin dituzte. UNT taxilarien elkarteak txalotu egin du Frantziako Gobernuaren erabakia.

 

Pierre-Henry Brandet Frantziako Barne Ministerioko bozeramaileak jakinarazi duenez, taxi baimenik ez duten gidariek 300.000 euroko isuna eta bi urte arteko espetxe zigorra arriskatzen dute bezeroak diru truke eramanez gero. Horrelako zerbitzuak bezeroentzat arriskutsuak direla nabarmendu du Brandetek, ez dutelako asegururik.

 

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude