«Negu honetan badakigu ez dugula tokirik aski izanen»

Pantxika IbarburuPantxika Ibarburu. Harreraguneko burua

Bi urte hauetan irekia da jendea gau eta egun hartzen duen Gillesen etxea Biarritzen. Pantxika Ibarburuk (Biarritz, 1972) haren barneetan errezibitu du Hitza.

 

24 orenez egoteko tokiaren es-kaintzea berritasuna izan da?
Horra arte ezagutu ditugun egoitzetan jendea arratsetan bakarrik errezibitzen zen goiza arte, eta gero kanpoan egoten zen. Hemen, pertsona egun eta gauez egoten ahal da. Suspertzeko eta pausatzeko. Jendea aterpe hartzeko heldu da, baina baita egoerari aterabide baten bilatzeko ere. Hilabeteko epea dugu horren egiteko. Hirugarrenik, egoitzaren kalitateari kasu egin zaio. Nahitara egina izan da gauza eder bat. Bakoitzak badu bere gela. Dutxa bat, telebista batekin. Segurtasun mailan, bere giltza badu. Harrera proiektuan garrantzitsua da, pertsonari berriz bere duintasunaren emateko. Bizitzeko erritmo bat aurkitzen du, bereziki gaueko loaren aldetik, anitz ezin lo eginez baitira. Haien intimitatean, garbitzeko aukera aurkitzen dute, naturalki. Biziki inportanta da karrikan bizi denarentzat. Erosotasun pixka bat bada hemen, eta pertsonaren baitan efektu ikaragarria badu. Mirail joko bat bada, autoestimua berriz lantzen da. Bi urte berantago ohartzen gara egoitza hastapeneko kalitatean egoten dela. Gelak nahiko ongi kudeatzen dituzte.

 

Emazte, gizon, jatorri; nahasketaren hautua ere gin duzue.
Aniztasuna hautatu dugu. Lehen, gizonak alde batean ziren, emazteak bestalde; emazteak haurrekin. Hemen nahasketaren parioa egin dugu, eta, bi urte berantago, franko pozik gara ikusiz giroa. Batek badu efektua bestean. Karrikan bizi den pertsona batek haur batekin memento baten partekatzeak, nahitaez gozotasuna ematen du.

 

Zuen hautua izan da; gizarte zerbitzuetan, komunzki ez da hala?
Ez! Hain zuzen, gizarte sailean ez ziren gogoeta horretan orain arte. Nahiz eta gure esperientziak erakusten duen emaitza politak lortzen ahal direla. Hasieran erraten ziguten: «Nola pentsatzen ahal ote duzue bortizkeria jasan duen emazte bat jartzen ahal dela gizonen ondoan? Uste duzue xakurra duen gizonak parteka dezakeela tokia haurrekin?». Aurreiritziak baziren eta nahasiz hausten dira. Elkarbizitza bultzatzen da aniztasunarekin eta martxan da. Baldintza, beharbada da egituraren tamaina, 35 baizik ez izanez.

 

Hilabete bat aski da aterabide baten lantzeko ala eskas aire?
Eskas aire, beti! Egoera bati urrats emankorrak bideratzeko, argi eta garbi, ez da aski! Pertsona baten bizia ez baita hilabete batez arraeraikitzen. Bada ere etxebizitzak eskas direla hemen, biziki oztopagarria da egin lanari segida emateko. Bigarrenik, bada pertsonak, psikologikoki bere baitan eraman behar duen bidea. Karrikan bizi izan bazara luzaz, beste gizarte kodeak dira. Egoeraren gogortasunak eragiten du psikologian. Mendekotasunak ere izan daitezke. Edo, bortizkeria jasan duen emazte bat etortzen denean, lehen urratsetan da plenta pausatzearena. Baina ez da hain sinpleki egiten. Zure baitan behar duzu segurtamen bat aurkitu; senar ohiaren mehatxu potentzialaren beldurra gainditu. Plenta, poliziaren aitzinean egin behar da; gizonak dira maiz, eta ez diote beti araberako sinesgarritasuna emanen. Anitz gauza behar dira gainditu. Beraz, hilabete bat motz da!

 

Beharrari buru egiteko zer behar litzateke?
Toki gehiago behar genuke, laguntza behar duen jende anitz baita. Jendea galtzen dugu toki eskasez. Etxebizitzaren egoera arazo bat da. Alokairua ezin pagatuz kanporatuak diren jendeen kopurua emendatu da izugarri. Pribatuko prezioei, lan ttipi bat edo diru iturri bat izanik ere, ez zaie beti buru egiten ahal. Zubiak falta dira gure publikoaren eta etxebizitza sozialen artean.

 

Karrikan bizi direnetan, bada zuengana heltzen ez denik?
Arrunt! Bada jende anitz ez duena nahi aterpeetara etorri. Badu urteak Atherbeak, karrikako hezitzaile ibiltari talde baten martxan jartzea eskatzen duela. Moztura osoan diren jendeengana joateko. Baionan, Sant Izpiritu auzoan izan ziren kalapitak merkatariekin, karrikako jendeei buruz. Talde ibiltarien proposamena egin genuen, eta erantzuna izan zen polizia eta zaintza kameren ezartzea. San Andres plazan ikusten dira karrikako jendeak biltzen. Noizbait jinen da biztanleen kexua. Egun, balitz talde ibiltari bat, lotura egin liteke.

 

Zerk trabatzen du halakoen sortzea?
Diruak! Krisia aipatzen da, baina guk bete-betean biltzen dugu aurpegira. Gero eta jende gehiago pobrezian erortzen da. Lana galdurik, autoan lo egiten duen jendea hurbiltzen zaigu, eta ez dugu ahalik aski. Bada, halaber, prekaritatean den jendea ez dela gehiago hainbeste mugitzen. Hiri nagusiak itoak baitira. Bordelen tokirik ez da, hiri handiak gaindituak dira. Jendek berek erraten digute: «Bordelera edo Parisera joan, zertarako? Sobera gogorra da!», Hemen gainera pasaia leku handi bat gira hegoaldetik iparraldera, eta anitz jende egoten da Baionan.

 

Ematen du gero eta gazte gehiago badela karrikan.
Dudarik gabe. Urtero pixka bat gehiago. Adineko jendeak bezala, funtsean. 18 urtez behetik duten gazteak ere gehiago ikusten dira. Astean behin etorriko zaigu bat harreragunera. Krisiak, ahulago den oro, oraino gehiago ahultzen du. Gauza bera ikusten dugu beste herrialdeetatik etorri jendeekin. Ipar Afrikatik gero eta gehiago dira, anitz gazteak. Familia han dute baina jatekorik ez da. Gose dena, joanen da, nahi dituzun mugak ezarririk ere. Orain ikusten ditugu Espainiatik eta Portugaldik etortzen.

 

Neguko planak zerbait aldatzen du?
Ekarriko du gau horretan ez duzula kanpoan lo eginen. Anitz da eta guti da. Baina aurten zaila izanen da. Badakigu ez dugula tokirik aski izanen denen aterpetzeko. Estatuak ez du dirurik, eta herrien partetik behar litzateke laguntza gehiago. Gaur egun Bokale, Angelu, Miarritzek parte hartzen dute; Lehuntzek, D. Lohizunek, Hendaiak. Baionak ez du bere tokia hartu sare horretan. Hotel sozialak falta dira ere Hendaian eta barnealdean. Eta harreraguneak behar luke hiri erdian. Egun, urrunegi da, eta jende batzuk egoten dira kartoien pean.

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude