Lan auzitegiaren geroa, ilun

Lan auzitegiko hauteskundeen kentzea deliberatu du Frantziako Gobernuak, eta diputatuek hala bozkatu zuten joan den astean. Bestalde, Ekonomia ministroak lan auzitegia erreformatu nahi lukeen lege xedea aurkeztekoa du ministroen kontseiluan, abenduaren 10ean.

 

Iñaki Etxeleku Baiona

Arras azantz gutirekin iragan da, amore eman balitz bezala. 2008an hautatu ziren sindikatuetako ordezkarien kargua 2017ko abendura luzatua da, baina, hortik hara, lan arlokako sindikatu bozen emaitzetarik izendatuko dira. Eginmoldea ordenantza bidez trenkatuko du gobernuak, legebiltzarreko eztabaidarik gabe.

 

Jean Frantxua Menatberri: «Langileak ez dira karrikara jausten hurbileko gauzentzat; beraz, horretarako, zaila dirudi»

Jean Frantxua Menatberri: «Langileak ez dira karrikara jausten hurbileko gauzentzat; beraz, horretarako, zaila dirudi»

«Orain arte langile guziek bozkatzen ahal zuten, eta orain ordezkaritza bat eroriko da», salatu du Jean Frantxua Mentaberri CGTko lan auzitegiko langile epaileak. «Enpresa ertainetan jadanik ez dute ordezkaririk, ez baita boluntariorik izan. Beraz, horiek ez dira neurtuak izanen. Eta langabeek ere ez dute gehiago bozik emanen. Bakarrik geldituko dira enpresa handiak edo ttiki-ttikiak, eskualde mailako ordezkaritza baitute. Orduan, anitz galduko dugu; segur da».
Argi ez dena da sindikatuen ordezkaritza ahal hori zer eremuren arabera finkatuko duten. Ipar Euskal Herrian, Baionako auzitegirako bozkalekuan berean eginez, tokiko edozein sindikatuk aurkezten zituen bere hautagaiak. «Argi da gure kasuan; mementokotz, den bezala, desagertuko garela lan auzitegitik», dio LAB sindikatuko lan auzitegiko ordezkari Jeronimo Prietok. «Hartzen badituzu azken TPE bozetan [hamar langilez peko enpresak] egin genituen emaitzak, edo berdin laborantza sailekoak, %20tan gara. Beraz, demokrazia sozialari begira bada arazo bat». Eskualde maila atxikiko balitz, eta are gehiago estatu maila, tokiko emaitza horiek ez lukete pisurik.

 

Jeronimo Prieto: «Argi da gure kasuan; mementokotz, den bezala, desagertzen gara lan auzitegirik»

Jeronimo Prieto: «Argi da gure kasuan; mementokotz, den bezala, desagertzen gara lan auzitegirik»

CGTko Mentaberrik ohar bera du: «Arazo larri bat izanen da. Badakigu Korsikan eta uharteetan ordezkaritza desberdinak badirela. Nola eginen dute? Bat-batean desagertuko dira horiek?». Hots, ez bada aldaketarik, Korsikan nagusi den STC (Korsikako Langileen Sindikatua) eta Guadalupeko UGTG (Guadalupeko Langileen Batasun Orokorra) konparazione, desager daitezke lan auzitegietarik.
Vincent Bellet Baionako lan auzitegiko presidenteordea da CFDTren izenean. Ez da besteak bezain asaldatua. «Ene iduriko, gauza bera izanen da. Zeren ordezkaritza ahala edo hauteskundeak, ez da aldaketa handirik izanen. Hautetsi kopuru bera izanen da». Ez du sindikatu ttipien desagerpena ikusten, haren iduriko aski baitute beste sindikatu ttipi batzuekin juntatzea ala sindikatu gotor bati lotzea. «Domaia litzateke desagertuko balira; sindikatu paisaian dira, eta behar dute hala egon». Ez du sinesten gainera negoziazio handirik izanen denik gobernuaren eta sindikatuen artean ordenantza bidezko antolakuntzaz.
Ulertzen du ere hauteskunde horren kentzea. «Langileen %20k baizik ez dutelarik bozkatzen… hautatua izan nintzen, baina ez nituen besoak gora altxatu. Zer diferentzia bada sindikatuek egin zerrenden eta haiek izendatu ordezkarien artean?».
‘Macron legea’
Beste afera potoloa da lan auzitegiaren balizko erreforma. Deus guti dakigu mementoko gobernuaren asmoez. Bizkitartean, hor dira Marshall txostena —Didier Marshall Montpellierreko dei auzitegiko presidenteak Christiane Taubiraren esku utzia 2013an— eta Lacabaratsena —Alain Lacabarats Kasazio Auzitegiko presidenteak Taubirari uda honetan utzia—.

 

 

Vincent Bellet: «Lan auzitegien izpiritua da langile eta nagusien arteko parekotasuna, justizia bermatzen duena»

Vincent Bellet: «Lan auzitegien izpiritua da langile eta nagusien arteko parekotasuna, justizia bermatzen duena»

Txostenen ohar nagusietan, aipu da lan auzitegietako aferak luzeegiak direla trenkatzen; anitzetan dei auzitara jotzen dutela; epaileen profesionalizatze beharra badela.

 

Emmanuel Macron Ekonomia ministroak «aktibitatearen eta hazkundearen» aldeko lege proiektua aurkeztekoa du abenduaren 10eko ministroen kontseiluan. Lan auzitegiaren erreforma denetarik duen lege orokor horretan sartua litzateke; igandetan lan egiteko egunen hedatzearekin batean, adibidez. «Adierazgarria» dela erran du Prietok, eta Macronen eleak salatu ditu, erreforma horretako atal zenbait «Frantziako eritasun» gisa izendatu baititu ministroak. «Hastapenetik dituen hitzak dira: eritasunak, trabak, pisuak. Erran nahi luke langileak bere eskubideak defendatzea traba bat dela?».
Gaietan sarturik, hiru sindikatuetako epaileek diote auzien luzetasuna ez dela Baionako problema. Funtsean, auzitegiko idazkaritza nagusiak eman datuek erakusten dute batez bestean 11 hilabete behar dituztela hemen afera baten trenkatzeko, Frantzia mailan hamalau hilabetez goiti delarik eta lekuka urteak ere ematen ahal baitituzte kasu zenbaitekin. Erran behar da arlo batetik bestera ezberdintasun handiak badirela. Goi karguetako langileak direlarik, kanporatze sari handiak eskatzen dira, eta negoziazioak luzeagoak izan daitezke.
Txostenetan aipu da, bestalde, auzitegiaren profesionalizatze beharra. Gaur egun, epaiketa bulegoan bi langile eta bi nagusi dira. Xede berrian bedera litzateke, horiei gehituz ofizio epaile bat. Egin dituzten kalkuluen arabera, Baionan berean bizpahiru ofizioko epaile gehiago behar lirateke. Sindikalistek ez dute ondorik ere sinesten ekonomien egitea errepikatzen duen gobernuak epaile gehiago pagatuko dituenik. Eta oraingoak jadanik gaindituak dira aferez. «Ofizioko epaileak jadanik lanpetuak dira; denetarik egiten dute; beraz, ez dira lan munduko profesionalak izanen. Ez dakit zer justizia izanen den», xehatu du Mentaberrik. «Ez da epaile bereziturik sail horretan. Ezagutzen ditugunek gizarte aferak izanen dituzte, ondoan bikote bereizte batena…», dio dudakor Belletek. «Arazoa da jada falta direla jujeak, idazkariak», argitu du Prietok. Denetarik egiten dutenez juje horiek, hiru sindikalistak ados dira anitzetan ez dutela lan kodea edo zuzenbidea aski menperatzen. «Gure praktikan ikusten dugu… Ez dira denak hala, baina badira prestatuak direnak, eta batzuk ez hainbeste», Prietok beti.
Formakuntza eskas hori nagusien ordezkarien partetik ere sendi du Mentaberrik: «Nagusiak ez du hartzen aste bat formakuntzara joateko. Ez dute ikasten, eta dena blokeatzen dute. Hor bai, egia da, bada arazo bat». Langile sindikatuek barne formakuntzarako bideak badituzte beren ordezkarientzat.

 

Langile bat-nagusi bat-ofizioko epaile bat asmo berriarekin oraingo orekaren haustea ikusten du LABeko ordezkariak. «Nagusiak badu bere arrazoikatzeko moldea, eta langileak berea, baina bederen lan munduari lotuak dira biak. Epaile bat beste eremu batean bizi da. Guk, lan mundutik jinez, ulertzen ahal dugu langileak duen arazoa». CFDTkoa ados da «lan munduak arau bereziak» dituela; «Nik uste ofizioko epaileak baino espezializatuagoak garen, bakoitza gure lan arlokoak baikara».
Dei auziak auzitan
Gobernuari eman txostenek salatzen dute lan auzitegitik gehien-gehienetan dei auzira joaten direla aferak eta horrek kostu handia duela bai epeetan, bai dirutan.
Horretan ere, Baionako idazkaritzaren zenbakiek arras beste joera bat erakusten dute tokian berean. Frantzian dei egiteen kopuruak %60koak direlarik lekuka, hemen, %26koak. Gehiago dena, langile sindikatuek uste dute aferak trenka daitezkeela auzitara joan gabe, lehen solasaldiko antolabidean. «Nork ditu deiak egiten?», galdegin du Prietok, «patronalaren kritika da erratea lan auzitegiak direla langileen alde; ez! Legea aplikatzen da, eta kitto. Dei egiten denean, askotan da nagusien partetik, luzatzeko prozedura eta bere zorrak ez pagatzeko». Belletek konpreniarazi du bestalde, abokatuek ere interesa izan dezaketela dei egiteko, saria ez baitute bera dei auzian.

 

Gaur egun, auzitegira jotzen duenean langileak bere defentsa egin dezake abokaturik gabe. «Orain arte, langilea eta nagusiak parekoak izanez auzitegian, hurbiltasun bat sortzen du. Langilea heldu bada bakarrik, gai izan behar gara duen arazoaren ulertzeko, lan mundutik gatozenez», dio Prietok. «Hor Macronek erranen balu auziak abokatuarekin egin behar direla… Honek ehortziko luke nornahirentzat eskuragarri den zerbitzu publiko hori». Dei auzitegira ez joateko asmoarekin beste mehatxu bat ikusten du LABekoak «arartekotasun» ideiarekin. «Arartekoa ez da gauza bera. Bermatua ote da legea ongi menperatzen duela; bigarrenik, nork pagatzen du? Eta, azkenik, zein dira errekurtsoak ez bazara ados? Orain arte gauzak argi dira, eta justizia epaiak ematen dira. Arartekotasuna ez da justizia epai bat».
Bellet aise zuhurrago da erreformaren balizko neurriez. Ikus eta sinets dio delako ofizioko epailearen sartzeaz. «Ez dut testurik ikusi oraino hori aipatzen duenik. Hala balitz, lan auzitegien izpiritua desagertuko litzateke erabat. Izpiritu hori da, hain zuzen, langile eta nagusien arteko parekotasuna, justizia bermatzen duena».

 

Arrangura hori badu CGTko Mentaberrik, haatik: «Gauza anitz erraten dira, baina, ene ustez, gaizki bukatuko da, eta ez du justiziaren alde eginen».
«Lan auzitegia aspaldi-aspaldikoa da; hainbeste aldatu nahi badute, auzipetua aseko ote du? Auzipetua ahanzten da afera honetan. Helburu bakarra ekonomien egitea dela iduri du», damu da Bellet. Urrunago doa LABekoa, «Gattazek [Pierre Gattaz Medefeko burua] erraten duelarik langile baten kanporatze zergatiaren zehaztea kendu behar dela, biziki lanjerosa da! Zergati hori delarik lan auzitegian oinarri. Aski da lan auzitegia bera kentzea hasian hasi!». Jakinez kanporatze zergatiaren zehazte hori Lanaren Nazioarteko Erakundeak finkatu arau bat dela.
Lan auzitegiko sindikatu ordezkarien izendatzea antolatzeko, hemezortzi hilabeteko epea du gobernuak. Horrez gain, Macron legea eztabaidatuko da legebiltzarrean ondoko asteetan. Galdegiten zaielarik zerbait egitekoa duten, sindikatuek ez dituzte arras erantzun berak. «Azaroaren 14an egin genuen elkarretaratzea lan auzitegiaren aitzinean. Baina egia da arrunt zaila dela garai hauetan. Langileak ez dira karrikara jausten hurbileko gauzak dituztenean; beraz, horretarako, zaila dirudi», aitortu du etsiturik bezala Mentaberrik.
Bellet testuen beha da: «Segur da lege proiektuko testuak agertzean negoziazioak izanen direla. Gero, legea bat da, baina gauzapen dekretuak dira ikusi beharko ondotik. Horiek dira negoziazioan eztabaidatu beharko». Baionako auzitegia ongi ibiltzen denez haren iduriko, halako bat litzaioke moldatzen balitz.
Prieto fermuago da; «Ez dugu hola utziko. Ikusi behar dugu hemengo diputatuekin. Garapen Kontseiluan ere lan munduari lotu tresnak sortzen dira, eta sindikatu bakoitzaren ordezkaritza heinaz mintzatu behar dugu horietan». Aurreko txosten batek zioen ordezkaritza neurketa lurraldeen arabera egin zitekeela. «Eskualde mailakoa bada, izorratuak direnak gu gara», dio LABekoak; «Honek berriz ere jartzen gaitu Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalik ezaren parean».

 

 

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude