Bigarren etxebizitzen zergaz dudak badira Euskal Herrian

Sylviane Alaux diputatuak Frantziako legebiltzarrean zerga gorakada bat proposatu zuen eta dirudienez gobernuak bide hori hartuko luke. EH Bai alderdi politikoak eta Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, bakoitzak bere aldetik, positibotzat jo dute saiakera baina eskaziak ikusten dizkiote lege proposamenari.

 

Lurra eta Etxebizitzaren agerraldia, Louis 14 plazan. Gaizka Iroz

Lurra eta Etxebizitzaren agerraldia, Louis 14 plazan. Gaizka Iroz

Alur legeak finkatzen dituen “tentsio handiko” eskualdeetan (etxebizitza eskaintza eskaera baino handiagoa den guneetan), lege proposamenak bigarren etxebizitzentzat %20ko zerga emendatze bat ekarriko luke. Eskualde horietan da, besteak beste, Baionako aglomerazioa. Lege proposamena “bide onetik” doala aitorturik ere, EH Bai koalizioko Anita Lopeperen ustez “neurri fiskalak elementu bat baino ez dira”. Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, “bigarren etxebizitza publikoen arazoa publikoki plazaratzea” eskertzen dio legeari, baina gehituz ez duela “etxebizitza eskuratzeko arazoei erantzuten ahalko”.

 

Zerga %20az emendatzea “eskasa” da koalizio politikoarentzat eta nork pagatu behar lukeen zehaztea falta dela uste du, “egiazko espekulatzaileek alde egin ez dezaten”. Lurra eta Etxebizitza kolektiboak berriz ikusten du zerga ezarriz intentzioa dela etxebizitzak berriz merkatuan ezarriak izan daitezen, salmenta edo alokairurako, eta hori “ideia interesgarri”-tzat dute. Baina dudan ezartzen dutena halere: “Hain segur, higiezinen merkatuan berriz emanak izango diren etxebizitza kopurua oso txikia izango da”. Kolektiboak uste du neurriak bereziki ahal txikiak dituztenak hunkiko dituela, baina “gehiengoak ez du atzera egingo, urtean 100 edo 200 euroko emendapen batengatik”. Gainera arriskua ikusten du bigarren etxebizitzen jabeek “agentzien aterabide tentagarria” onartzeko, hain zuzen sasoi betean aste batez edo etxea alokatzea emendatzea finantzatzeko.

 

Legea aplikatzeko ez da aski izanen Frantziako legebiltzarraren bozka; auzapezen esku izanen da gero zerga emendatzea gauzatzea edo ez. Hortik aterako diren irabaziekin ere, ez da zehazten zer egin eta horrek ere kezkatzen ditu biak, EH Bai eta Lurra eta Etxebizitza. Baina hautua ukatea bera “opari pozoitsu bat da” kolektiboaren ustez, “udaletxeek badakite horrelako lege bat aplikatzean jabe batzuk haien kontra itzuliko direla”. Peio Etxeberri-Aintzartek dionaz “auzapezek aplikatzea erabakiko balute, beste aukerak hobetzeko -adibidez etxebizitza sozialen eskaintza- baliagarria izan daiteke hainbat herrietan”.

 

 

 

 

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude