Finala, Xilabaren azken silaba

Bihar atzemanen du Xilabako txapelak bere lekua. Elkarren arteko lehia baldin bada ere, norberak bere buruarekikoa azpimarratu dute bertsolariek. Txato saria begi onez hartu dute denek.

Irakurri finaleko lanetaz Karlos Aizpuruak eman azalpenak “Ziburuko auzapezak konprenitzeko gisan adieraziak”.

 

Odei Barroso «Hoberena ematera noa»

Sylvain Sencristo

Sylvain Sencristo

Barakaldon sortua da, 1988an, baina 3 urterekin Urruñara etorri zen; orain, Azkainen egoten da. «Irakasleek eman zidaten bertsoarekiko maitasuna, Karlosek [Aizpurua], gero Sustraik [Colina] eta Ametsek [Arzallus]. Entseatzen naiz berdin egiten nire ikasleekin», dio Barrosok. Finalari begira, «hoberena ematera» doa; buruan ibili dituen gogoetak, ideiak eta bideak gaien arabera nahi lituzke bertsotan eman eta plazaratu. «Badakit franko kostatzen zaidala hori lortzea eta aski tirabira ukaiten dudala hor. Ikasitako hori guzia plazaratu nahi dut».

 

 

Eneritz Zabaleta «Erosotasunaren bila noa»

Sylvain Sencristo

Sylvain Sencristo

 

 

Baionan sortu zen, 1984an, eta bertan bizi da.Kazetari eta bertsolaria da. Tesia ere egiten dihardu. «Erosotasuna» bilatuko du, txapelketak sortzen dituen «kezka eta beldurrak», «saioaren eta norberaren arteko borroka» gaindituz. Berea eman nahi du: «Nirea izan daiteke freskura, batzuetan umore kolpea. Joskera ere lortzea, eta zuk ere plazer hartzea bertsoa egitean, holako gauzak bilatuko ditut». Bertsotan aritzea biluztea dela dio, eta txapelketak sortzaileari egiten duenaz gogoetatzea dakarrela ere. Sorkuntza, gogoeta eta plazer espazioa zaio bertsoa.

 

 

 

 

 

 

 

Ramuntxo Christy «Umorea dut bereziki bilatzen»

Xilaba

Sylvain Sencristo

 

 

Aihertarra da sortzez, 1980koa, baina Maulen bizi da, bertan mekanika industrian lanean ari baita. Bertsozaletasuna aspaldikoa du. Hirugarren aldia du txapelketan parte hartzen, baina lehen aldia du finalean. Bertsotan aritzean zailena kanporat ateratzea dela dio, bertsotan aritzea «erraza» baita, bertso eskolan. Halere, bere burua «lasaiago» dakusa, eta bereziki bilatzen duena umorea da, «bide bat baldin bada arrailerian hasteko, hartarat joanen naiz». Txapelketa, beretzat, bertsotarako «tokirik errazena» da, oro pentsatua baita hortarako.

 

 

 

 

 

Sustrai Colina «Saio oso ona egitea dut helburu»

 

Xilaba

Sylvain Sencristo

 

 

Urruñan sortua da, 1982an, eta bertan bizi da. Kazetaria da. «Ikastola amaitu eta gero, oren batez gelditzen ginen bakarrik partida jokatzen eta sandwich handi bat jaten. Izena ematen genuen batez ere lehenagokoagatik, ez bertso eskolagatik!», baina gero trebetasunak gustua eman zion. Saio «oso ona» egin nahi du finalean: «Aldaketak nire sormenean eta bertsokeran agertzea nahi dut. Begirada aldatu behar duzu, eta zure inertziei kontra egin, zeren gauzak molde batez luzaz egitean, batzuetan inertzian erortzen zara».

 

 

 

 

 

Xumai Murua «Nahi nuke bertso onekin erantzun»

 

Sylvain Sencristo

Sylvain Sencristo

 

 

 

Azkainen sortu zen, 1985ean; Saran bizi da, eta gorputz heziketako irakaslea da. Bertsoa eguneroko edozein mementotan lantzen ahal dela dio. Zaletasuna etxetik ukana du. Finalean, ahal bezain «ongi pasa» nahi du, eta «segur aski goitibeheitiak» izanen ditu. «Nahiko nuke lan guziei bertso onekin erantzun, baina badakit gertatuko zaidala nonbait petto zerbait egitea eta, beraz, ahalik eta lasaien hartzea. Ahal baldin bada, gorabehera horien guzien artean goraka gehiago ateratzea beheraka baino».

 

 

 

 

 

Maddalen Arzallus «Neure buruarekin pozik egon nahi dut»

Sylvain Sencristo

Sylvain Sencristo

 

Hendaian sortua da, 1990ean. Zumaian bizi da, eta itzultzaile-irakaslea da. Amets, neba, ez du baitezpada eredutzat hartzen: «Biziki argi izan dugu bi pertsona garela». Txapelketan nahi duena, bere buru eta bertsoekin «pozik eta lasai gelditzea». 2009an parte hartu zuen azken txapelketan; «geroztik, ez dut parte hartu; denbora hartu baldin banuen, izango zen behar nuelako; orain agian gogoa berriz etorri zait». Aitortu du hondar txapelketa nagusian bazuela barnean «har bat» itzulika ari,eta hola dela arra hasi kantuz.

 

 

 

Ainize Madariaga

Argazkian Maddalen Arzallus eskas da. Sylvain Sencristo

Argazkian Maddalen Arzallus eskas da. Sylvain Sencristo

Oren batzuren buruan jakinen da nor den txapel eramailea. Bihar, Baionako Lauga gelan, arratsaldeko bostetan bilduko dira Xilaba Ipar Euskal Herriko bertso txapelketako sei finalistak: Xumai Murua, Ramuntxo Christy, Maddalen Arzallus, Odei Barroso, Sustrai Colina eta Eneritz Zabaleta.

 

Gai-emaile lana Joana Itzaina Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakariak hartuko du bere gain, laugarren aldikoz. Epaileak Eneko Bidegain, Beñat Soule, Lierni Elortza, Joakin Arregi eta Erik Etxart izanen dira.

 

Baina ez bakarrak, aurten Aitor Renteria Txato zenaren omenez Txato saria plantan ezarriko baitute; «Kantaera aberatsena erabiltzen duen bertsolaria saritzea izanen du helburu. Kantaera aberatsena erratean, doinutegi aberatsena aipatzen dugu bereziki, eta baita doinuen erabilera ere, hots, airearen eta bertsoaren edukiaren arteko koherentzia», diote antolatzaileek. Horretarako, hiru epaile hautatu dituzte; Pantxika Solorzano Bertsularien Lagunak elkarteko kide, kantari eta musikari lapurtarra; Mixel Aire Xalbador bertsolari baxenabartarra eta Jojo Bordagarai kantari baxenabartarra.

 

Bertsolariek egitekoak dituzten ofizioen aldetik, ariketa desberdinak izan ditu Xilabak urrats batetik bestera. Kanporaketetan, konparazione, kartzelako lana bakarka egiteko partez binaka egin zuten. Bakarkako lanean, hitzaren ariketa izan zuten. Finalaitzinekoetan, kartzela bakarka izan zuten, baina bi puntuei erantzunez hasiz gai nagusia izan aitzin.

 

Finalean ez da usaiaz kanpokorik izanen. Azpimarratzekoa da bukaerako buruz burukoa dela berezitasuna: lehen fasetik puntu gehienekin ateratzen diren bi bertsolariek bederatzina bertsorekin lehiatu behar dute oraino txapelduna trenkatzeko.

 

 

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude