Kostu apala

Kostu apala

 

Bi hitz hoietaz Euskara daiteke ingelesezko “low cost “ konzeptu berria. Hegazkinaz, abiadura handiko trenez, zein autobusez bidaiatzeko bide merkeago sistema berriak ezarri dizkigute azken urte horietan. Garraioa eta oporraldien prezioak jende geihengoak, eta soldata txikienak bereziki kobratzen dituztenak, bidaia dezaten indarrean jartzen ari dira apurka apurka; garraioen demokratizazioa omen. Baina orain arteko inkestek eta erreportaiek erakutsi digutenez, engainuz beterik dago garraio sistema berri hori:

 

– Ohiko aireportuetatik edo geltokietatik ez dira abiatzen ibilgailuak, bidaiariari errepidez egindakoaren kostua batzuetan emendatuz eta beti bidaiaren prestakuntza zailagotuz;

– Hegazkinetan batik bat, edaria eta janaria pagatu behar, baita norberak daraman malet(ar)en pisuarengatik ere;

– Bidaiariek hegazkinera ahal bezain azkar sartu behar dute, denbora eta dirua konpaniak gal ez dezan; esan gabe doa kortesiaren eskasa hori bidaiariaren erosotasunaren aurka doala;

– Enpresaren probetxua emendatzeko, hegazkinetko pertsonala murrizten dute, geldiuneetan ibilgailuaren barnea garbitzeko bidaia egiten delarik lanean ari diren zerbitzariak erabiliaz; langilea baliatzeaz gainera, enpleguaren politikarentzat ondorio ezezkorrak eragiten dituzte neurri horiek;

– Airean ibili behar den pisua murrizteko bidaia egiteko kerosena kopuru minimoa sartzen dute, baina neurri hori segurtasunaren aurka badoala aitortu eta salatu beharra dago; hain zuzen ere, batzuetan, arrazoi askorengatik hegazkinaren bidea aldatu behar da, dudarik gabe luzeago, eta iritxi behar duen aireportuko herrialdera ailegatu arren, ezin du pilotak berehala lurreratu ( niri gertatu zitzaidan egun batez ; hegazkinak ordu bat ibili behar izan du Pariseko aireportuaren inguruetan, laino gehiegi zela-eta). Aurrikusi baino kilometro gehiago egiteko erregaia kopurua handiago ez bada, zer katastrofa gerta litekeen pentsa dezake edonork !

 

Azken urte haietan abiadura handiko trenak aldizkatu zirenetik, eta airezko garraoia konkurentzian dagoenetik, prezioen arteko gerla gero eta biziago dugu. Askotan Frantziaren barneko hegazkinazko bidaia baten egitea, AHTazkoa baino merkeago kostatzen zaiku eta Roissyko Aireportutik Pariserainoko taxia baino merkeago.

 

Bidaia galdera handiago denez gero, zilegi da pertsonen garraio enpresek eskaintza merkeago egin dezaten, baina langilegoa eta bezeroagoaren borondatea eta ongizatea errespetatuz naski. Orain arte hegazkinetan hiru garraio mota bazeuden: elitezkoak, lehen klasekoak eta ekonomikoak. Trenean bi daude; lehenago zeuden hirugarren eta laugarren klaseko kotxeak Europan behintzat desagertu dira. Duela urte batzuk hegazkinetan elitezko klaseaz gainera klase bakar baten egitea pentsatzen zen, baina kostu apaleko konpaniak agertuz gero, proiektu hori zoritxarrez desagertu dela badirudi.

 

Hilabete honetan AIR France-ko gidariek egin zuten grebak harrera txarra ukan du jendeen geihengoarengandik, baita hegazkin eta aireportuetako jendeengandik ere. Gidariek beren « burupe sakratuak » gorde nahi zituztelako nahikeria omen zen. Baina, nire ustez, hildo onetik zihoazten gidariek, zeren AIR FRANCE-k egin nahi zuen aldaketak – kostu apaleko azpi enpresa baten eratzea alegia – langile ororentzako soldaten murrizketa eta giza bentaila batzuren galera eraginen baitzituen. Aitziki gidarien jarrera aurrerakoia eta banguardista izan dela pentsatzen dut.

 

Garraio publiko guztietan, kostu apaleko enpresa horieri eragozpenak ezarri beharko genizkieke, eta horren ordez orain arteko enpresek bentaila berriak proposatu beharko lizkioke bidaiarigoari: harpidetzak ; jarraitasun kartak ; sendi edo taldeentzako prezio beherapenak…Jadanik batzuk esistitzen dira, baina hobe ditzatela eta berriak asma bitzate.

 

 

Partekatu artikulu hau

Lotutako berriak

Irakurri

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude