Kanboko abertzaleek, “hautetsi batzuen” jarrera salatu dute

Kanboko Nahi Dugun Herria talde abertzaleak, herriko etxean “gehiengoan diren hautetsi batzuen portaera salatu du”, kanboarrei zuzendutako gomita bat elebidunez bidaltzea ukatu izanagatik eta baita “jende mota baten kontrako” adierazpenak egin izanagatik

 

Kanboko Herriko Etxea. / Kanboko Herria webgunea

Kanboko Herriko Etxea. / Kanboko Herria webgunea

Nahi Dugun Herria-k, kanboarrei zuzendutako “gomita gutuna” elebidunez idaztea proposatu zuten Herri Kontseiluan. Proposamenari “segidarik ez eman” izana salatu du talde abertzaleak. “Lehendakari-ordea hainbat aldiz itzulinguruka aritu da eta ez zela sekula horrelakorik egin aitzakia hartu du” nabarmendu dute abertzaleek. Horrez gain, Kontseiluko beste kide batek, gomita euskaraz egiten bazen, “arabiarrez ere egin behar zela” gaineratu zuen, “bere ustez frantses jendetzaren %10a arabiarra baita”.

 

Herriko etxeko “gehiengoaren” jarrera “fermuki” salatzen dute eta horrelako jarrerek “herriak erakustera eman nahi duen hizkuntza politikaren kontra” joaten direla gaineratu du. Arabiarren inguruan hitz egin duen hautetsiaren aldetik, “jende mota baten kontra doan arrazakeria” islatzen duela adierazi du eta azpimarratu “hautetsi horrek” antzeko solasa izan zuela orain dela gutxi egin zen Herri Kontseilu batean.

 

Bi gertakari horiek zer pentsa utzi du talde abertzalearen baitan eta “Kanboko gehiengoaren zerrendak bere iritzia ezagutaraz dezan eskatzen” du. Hala nola, euskararen lekua herritarrei zuzendua zaien idazkietan zein den jakin nahi dute talde abertzaleko kideek eta Herriko Etxeak “zer egiteko asmoa” duen, herriko hautetsi batek izan duen “solas onartezinaren” aitzinean.

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude