Libertateaz libertitzeko egunak

Behauzen antolatu zituzten Euskal Herriko bigarren Topaketa Libertarioak. Agorrilaren 24tik 31ra, estatutik, eskolatik, merkatutik eta patriarkatutik nola jalgi landu dute.

 

Ainize Madariaga Behauze

 

Eztabaida jendetsuak izan dituzte topaketek. EHKZ

Eztabaida jendetsuak izan dituzte topaketek. EHKZ

Otxandion (Bizkaian) zituzten lehen aldiz antolatu Topaketa Libertarioak, 2011n. Gaur arte. Hiru urteren buruan, Behauzeko Bizi Tokin egitea deliberatu dute, batzuen iritziz «hemen egiteak erraztu duelako euskaraz egin ahal izatea», nahiz ez den beti aisita izan.

 

Euskal Herri osotik jiniko euskaldun gazteak elkartu dira han, batez ere bizkaitarrak. Bada nazioarteko jenderik ere. Egoitza ederra izanagatik, ororendako aterpea ezin eskaini; horregatik, ondoko pentzeari oihalezko etxeek kolore guziak ekarri dizkiote. Ondoan, dutxak turrustan entzuten dira, eta, urrunago, komun idorrak ageri dira, eskuz eginak, material birziklatuarekin.

 

Amaia Perez Orozko, Pierre Vissler, Pablo Sastre Forest, Emilio Lopez Adan, Itziar Madina, Sales Santos eta Pedro Garcia Olivo izan dira gomitak.

 

Mahats Lantz. / Ainize Madariaga

Mahats Lantz, Historia ikaslea. Hendaia. / Ainize Madariaga

«Komunitatearen ideia indartu zait hemen egonda»

 

Ikusmina zuen Euskal Herriko mugimendu libertarioaren inguruan, orain arte Espainiako tradizio politikotik etorritakoak ezagutzen baitzituen. Baina jendea ezagutzeko gogoa ere bazuen.

 

Ikusi du euskal ikuspegi libertarioa estatu mailako eragin pekoa eta beti Hego Euskal Herrikoak nagusitasuna duela, nahiz eta Iparraldean antolatua izan. «Pena ukan dut alde horretatik; jakin-min handiena pizten zidana Iparraldekoen ikuspuntu libertarioa ezagutzea zen. Horregatik, nahiagoko nuke hemengo jendea gehiago inplikatua ikustea, hemengo iniziatiba izan dadin », ohartarazi du.

 

Libertarioaren definizioa,harentzat, jendeen arteko antolakuntza zuzena izatea da, bitartekaririk gabekoa.

 

Herri mugimenduetan parte hartu izan du, eta praktikan saiatzen da ematen ideologia hori. Badaki komunitatean bizitzea merkatutik ateratzea dela: «Gure beharrak asetzeko potentzial handiagoa ematen dizu; beraz, gogo hori handitu dit hemen egoteak ».

 

Hizkuntzaren aldetik, kritikatu du Hego Euskal Herriko jendea natural-natural hasten dela erdaraz.

 

Leire Saitua, Yoga eta meditazio irakaslea, Bilbo. / Ainize Madariaga

Leire Saitua, Yoga eta meditazio irakaslea, Bilbo. / Ainize Madariaga

«Txanden bidezko denbora bankua bultzatuko dut»

 

Inspirazioaren bila jina da bilbotarra. Bizi Tokiko jendea interesgarria iduritzen zitzaion. Merkatutik eta estatutik nola atera egin zitzaion bereziki deigarria, ikuspegi praktiko batetik.«Ikasirikoarekin, doiketak eginen ditut orain. Estatutik ateratzea anarkismoak landu egin du, baina argiago dut zein den estrategia horretarako: herri batzarrak herri eta auzoetan». Otxandioko adibidea oroitarazi du, herritarren kontseilua sortu baitzuen, eta herriko etxeak kontseiluak hartu erabakiak izenpetzen zituen. Ondoko urratsa udalak autodesegitea litzateke, haren iritziz.

 

Nahiko luke eztabaida hori sakonkiago landu, egungo estatua zer den ulertu. «Lobby-ek dituzte merkatuak agintzen, eta guti batzuk dira. Euskal Herria komunala zen, eta zergatik ez izan komunalak? Estatu bat sortzeko ordez», bota du proposamena. Komunitate edo herrien arteko antolakuntzek babestutako komunitate batez ari da. Badu esperientzia Saituak; izan ere, Donostiako Egia auzoko batzar pilotuen sortzaileetariko bat da. Pilotua, zeren eta lehen aldiz herri batzar manera hiri batean aplikatu baitute. Ohartu da Bizi Tokin oso argi dutela merkatutik eta estatutik jalgitzea. Donostian, aldiz, auzo kontzientzia handia bai, ez baitu udalak deliberatzen, baina ez da kuestionatzen lan indarraren salmenta, eta merkatutik nahiz estatutik ateratzea ez da jendearen buruen baitan. Nahi ditu Egian ekarpenak egin; denbora bankua txanden bidez kudeatzea da ideia, ni eta gu-a landuz. Denbora bankuak nia oso markatua duela azpimarratzen du, sistema produktibo kapitalistatik datorrelako aldaera hori, norberak denbora jartzen du eta trukean dirua hartu beharrean bertze baten denbora hartzen du. «Orain, aldiz, nik eman denbora ez da niretzat, baizik eta txandan ematen dut gurea den proiekturako. Ni eta Gu ber denboran lantzen ditugu manera honetan, arnasketa bezala, hartu eta bota egin behar da, ezin da bat hautatu, biak behar dira egin. Garrantzitsua iduritzen zaidan detailea da».

 

Beretzat, oinarrizko beharrak jan, lo eta lagunak dira (afektibitatea eta zaintza: ekonomia erreproduktibo guzia), ez sistema produktibo bat, «sistema produktiboa ekonomialarientzako da, baina jan, lo eta lagunak dira antolatu behar ditugunak, nornahik ulertzen duen ideia da gainera ». Bere buruaz irri egiten du, etengabe aldarrikatzen duen ideia baita.

 

 

Julia Casanellas. / Lekorne

Julia Casanellas. / Lekorne

«Errazagoa da merkatu eta estatutik ateratzea komunitatean»

 

Berritasuna izan da «merkatutik atera» eguna, larunbatekoa, «kontzeptu berri franko atera zen, diruaren kontzepzioa, ze heineraino barneratua dugun filosofia kapitalista eta nola mugatzen gaituen eredu kapitalistak, bertze eredu bat eraikitzeko unean ».

 

Eskolatik atera eguna ere oso interesgarria izan zaiola dio, baduelako planteamendu apurtzailea eskolarekin eta interesgarria egin zaio hain muturreko planteamenduak entzutea. Hezkuntza alternatiboekin bat egiten du, baina Garcia Olivok horri ere kritika egiten dio, eta hezkuntza arrunta baino okerragoa dela erraten du, «frustratua uzten zaitu, baina oso interesgarria da».

 

Egun guziak lotuak ikusi ditu elkarren artean, bere aburuz ezin baita ulertu egun bat bertzeak gabe, ulertu ezin den bezala patriarkatutik ateratzea kapitalismotik edo estatutik atera gabe, «aisitago egiten zait irudikatzea eskolarik gabeko errealitate bat, behar ditugun ekoizpenak guk sortzen ditugun testuinguru batean, komunitate baten baitan. Gero posible ote den, bertze eztabaida bat da».

 

Orain, testu bateratu bat agertzeko lanean hasi dira, landu gai guzien ondorioekin, «proposamen bat zabalduko da Euskal Herri osoan, funtzionatzeko modu bat bezala, antolakuntza manera bat edo filosofia bat proiektuak praktikan emateko».

 

 

LORETXU BERGOUIGNAN, Neurozientziako ikerlea, Donostia. / Ainize Madariaga

LORETXU BERGOUIGNAN, Neurozientziako ikerlea, Donostia. / Ainize Madariaga

«Hemengo jendearen parte hartzea areagotu behar dugu»

 

Euskal libertarioen topaketa egiteak erakarri du. Holako ideologiarekin usu erdaldunekin topo egiten delako, eta euskaldun munduan, ikuspegi hau ez delako asko jorratzen, «bi egunetan osoki euskaraz horrelako hausnarketak egitea oso garrantzitsua izan zait». Nahia bai badu, «baina ez naiz oraino hasi adibidez okupatzen». Galdakaokoa ekarri du gogora; 12 lagunek 2 hektarea okupatu dituzte, eta horrekin baratzea lantzen dute eta partekatzen. Erabiliak ez diren lur horiek berreskuratu dituzte eta komunitate bat sortu, «lehen pausu gisa polita da, prozesua zait interesatzen, lehen pausua ekoizpena soberano izatea da. Berez doa, dena aldatu nahi duzula, espazio komun horrek jabetza ere dudan ezartzen duelako».

 

Estatutik ateratzea zaio interesgarriena egiten -ortziraleko eguna- baina ezin izan du parte hartu, bai aldiz larunbata eta igandean. Aspektu politena beretzat jendearekin trukean aritzea izan da, jende asko ikustea ideologia eta balore komun handiekin. Orain ikuspegi integralean nola egin daitezkeen gauzak gelditzen zaie ikustea, «eta testu komun bat baldin badugu aisitago izanen da. Euskal Herrian auto-eraketaren inguruan aspalditik bada hausnarketa, eta gero eta jende gehiago bada horrela pentsatzen duena. Baina sare bat ukaitea beharrezkoa da norberaren baloreei bultzada bat emateko, sustut garai honetan».

 

Iparraldean egitea ongi iduritzen zaio, baina bertakoek antolaturik: “biziki inportantea izan da Iparraldean antolatu izana, uste dut heldu den urteko landu beharrekoa dela hemengo jendearen parte hartze handiagoa.

 

 

Gilen Mejuto, itzultzailea. Bilbo. / Ainize Madariaga

Gilen Mejuto, itzultzailea. Bilbo. / Ainize Madariaga

Bi gauzek erakarri dute: gaiak berak, eta bere tratatzeko hautu linguistikoak. «Zuzenean euskararekin harremanik ez duten gaiak usaian ez dira euskaraz lantzen» dio Mejutok irribera. Horregatik, kokalekua oso garrantzitsua iduritu zaio: Ipar Euskal Herria.

 

«Batez ere Hego Euskal Herriko jendea etorri gara, baina hizkuntzak gaitu batu. Hizkuntzaren aldetik asea sentitu naiz». Funtsean, hainbat gai konplexuz eta teorizazioz mintzatzeko euskara baliatu izanak gogobete du. Landutako gaien artean hori du, justuki, gogokoen ukan: euskara eta anarkismoa; «askoz gehiago garatu daiteke ideia berri eta desberdinekin ». Baina Garcia Olivoren parte hartzea «birrintzailea» eta «pisu handikoa» ere iruditu zaio, are gehiago, segidan, Chiapasen aldeko taldeak ustez egitasmo aurreratzailea aurkeztu zuelarik, «hausnarketarako oso baliagarria izan zen».

 

Gaiak elkar loturik ikusi ditu, nahiz bakoitzak bere esparrua duen. Gainera, «eman dizkidate tresna batzuk ene bizia birpentsatzeko. Nahiz eta lehenagotik hausnartuak ukan, bi urtez okupa batean bizi izan naizelako, baina nola zertu teoria norberaren inguruan? Apartamentu bat alokatzen dut orain, bakarrik eta ene lana badut. Horretarik atera nahi dut, baina usu kontradikzioetan bizi gara eta albo batean uzten dugu norberaren ideologia » dio pentsakor. Hartara, konkretura pasa nahi du: merkatua eta patriarkatutik ateratzeko Bilbon gaiaren inguruan zerbait egin dutenen gana joko du, manera libreagoan bizi ahal izateko.

 

Behauzeko jardunaldiari egin dion kritika bakarra norbanakoaren premia afektibo eta emozionalak aski landu ez izana da. Usu ideologiak aipatzean hitz potoloak eta gertakizun erranguratsuak baizik ez dira aipatzen, baina konfiantza sortzeko «jendeen artean zubiak landu behar dira. Helburu dugun komunitate horretan gauza hauek oinarrian izanen dira».

 

Utopian sinesten duelako Mundu «kaka zahar» hau arrunt aldatu behar dela aldarrikatzen du. Nahasmenduaren jatorria indartsuen eta ahulen arteko gatazkatik datorrela dio, azkarrenek beti inposatu dutelako beren ikuskera, ttipiak xitxifrikatuz. Horregatik, dioenez, ezin du horien hizkuntza erabili, suntsiketa baten historia dagoelako gibelean; «hauta dugunez, gure hizkuntzaren alde eginen dut, horrek emanen didalako ene askatasunaren bilaketaren zinezko zentzua.»

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude