Ziburuko ikastola auzitara eraman du udalak, eta isuna handituko dio eguneko

 

Abuztuaren 12an iraganen da Baionan Ziburuko ikastolaren aurkako epaiketa. Eraikinean gelditzen diren egun bakoitzeko 100 euroko isuna ordaindu beharko dute. Ziburuko ikastolako eta Seaskako kideak “harrituta” daude herriko etxeak hartutako bideagatik.

 

Maddi Ane Txoperena Iribarren

 

 

Ziburuko ikastolako kideek joan den ekainean egindako elkarretaratzea./ SYLVAIN SENCRISTO

Ziburuko ikastolako kideek joan den ekainean egindako elkarretaratzea./ SYLVAIN SENCRISTO

Ziburuko ikastolako lehendakari Laida Mujikak BERRIAri jakinarazi dionez, abuztuan izanen du epaiketa ikastolak: hala dio ikastolari iritsi berri zaion epailearen aginduak. Harriduraz hartu dute berria ikastolako kideek. Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak adierazi du “onartezina eta ulertezina” dela, eta “haserre” daude gertatutakoagatik. Ostiralean elkartuko dira abokatuarekin, juridikoki zein aukera dituzten aztertzeko.

 

Bi urte daramatza Ziburuko ikastolak Marinela auzoko eskola publikoaren eremuko eraikin batean. Eskola publikoan lanak egin behar zituztela eta, Guy Poulu auzapezak berak proposatu zion ikastolari eraikin hori erabiltzeko, eskolako ikasleak aisialdi zentroan egonen ziren bitartean. Uztailaren 5ean bukatzen zitzaion bi urterako hitzarmena ikastolari, baina beste aterabiderik ez zutela ikusita, ikastolak bertan jarraitzea erabaki zuen. Auzapezak hitz emana zien haur eskola bat eraiko zuela herriko etxeak, eta besteak beste, ikastola etorkizunean ere hor kokatuko zela, baina ikastolak ez du horren berri gehiagorik izan.

 

 

Fruitu gabeko elkarrizketak

Gorostiagak azaldu duenez, maiatzean auzapezarekin hitz egin zutenean, adostu zuten eskola publikotik behar zenean aterako zirela, baina beste aterabide bat behar zutela. Herriko etxeak aldiz, ez die irtenbiderik proposatu. Bitartekari bat ere jarri zuten erdibideko soluzio bat bilatzeko, baina eztabaidak ez du fruiturik eman. Ikastolaren ustez, bi urte hauetan eskolako haurrek erabili duten aisialdi zentroan ikastola kokatzea izan daiteke aukera bat, edo gaur egun erabiltzen duten eskolako eraikin horretan bertan jarraitzea bestela. Izan ere, eraikin horretan momentuz ez dagoela inolako proiekturik azaldu du Gorostiagak: “Etorkizunera begira ba omen dute proiektu bat, baina momentuz ez da deus: hor ikastolak ez du trabatzen”. Gainera, badirudi omiasaindura arte eskola publikoa ez dela bertaratuko, oraindik lanak ez baitituzte bukatu. Seaskak ez du ulertzen zergatik duen udaletxeak “halako presa” salaketa udan jartzeko.

 

Epaiketak epaiketa, Seaskak argi du heldu den sartzean Ziburuk ikastola bat izanen duela. “Ezin dugu onartu gaur egun euskarak bizi duen egoerarekin ikastola bat ixtea, batez ere, auzapez baten burugogorkeria, gezur, eta bete gabeko hitzengatik”, adierazi du Gorostiagak. Bestalde, azaldu du, ikastola itxiz gero, Ziburu kostaldeko herri bakarra litzateekeela ikastolarik gabe.

 

Joan den ikasturtean zortzi ikasle jaso zituen Ziburuko ikastolak, eta heldu den ikasturterako hamabi haurrek eman dute izena. Bi eta bost urte bitarteko haurrek ikas dezakete bertan.

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude