Uztaritzek hartu bidea segitzera animatu nahi du konfederazioak

Euskara ofizialtzat jotzeko erabakia goratu du Euskal Konfederazioak, eredugarri delakoan.

 

Suprefetaren eta prefetaren jarrera salatu du

 

Itxaso Cuevas Baiona

 

 

Euskal Konfederazioa ekainan egindako agerraldi batean. Gaizka Iroz

Euskal Konfederazioa ekainan egindako agerraldi batean. Gaizka Iroz

Joan den ostegunean, Uztaritzeko herri kontseiluan (Lapurdi) euskara «frantsesaren hein berean» jartzearen deliberoa onartu zen. Gehiengoz onartu zuten euskararen ofizialtasuna, 22 botorekin; lau boto izan ziren kontra, eta beste hiru abstenitu egin ziren. Hala azaldu zuten onartutako testuan: «Kontuan harturik euskara gure herriko eta lurralde honi izena ematen dion hizkuntza dela baina euskaldunen hizkuntza eskubideak, gaur arte, ezagupen ofizialik gabe daudela, herriko biltzarrak, azalpena entzun eta eztabaidatu ondoren, euskara herriko hizkuntza ofizial izendatzen du frantsesaren hein berean». Euskal Konfederazioak zoriondu egin du herriko etxea pauso hori eman duelako, eta gainerako erakundeei dei egin die hori egitera.

 

Ostiralean, aldiz, Baionako suprefetak, Patrick Dallennesek, salaketa jarri zion Uztaritzeko Herriko Etxeari, hartutako erabakia frantses legediaren kontrakoa zela argudiaturik.

 

Ipar Euskal Herrian lehen aldia da horrelako proposamen bat onartzen dena. Oihartzun handia izan duen erabakia izan da, eta horren isla da, baita ere, Udalbiltzak, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta EH Bai koalizioak agertutako sostengua.

 

Euskal Konfederazioa, 2002tik 2006ra, Ipar Euskal Herriko 42 herriko etxerekin lanean aritu da, erakunde horiek euskararen normalizazioaren aldeko neurriak har zitzaten, eta, hala, herritarrei zerbitzuak euskaraz eskuratzeko parada eman ziezaieten. Uztaritzek hartutako deliberoak, konfederazioaren esanetan, «uztariztar oro euskaraz bizitzen lagunduko du». Haren ustez, euskararen ofizialtasunak euskarari «zor zaion tokia» emanen dio, eta bigarren mailako hizkuntza bat izateari utziko dio.

 

Frantziako legedia aldatu

 

Euskal Konfederazioak beharrezko ikusten du Frantziako legedia aldatzea, lurraldeetako hizkuntzak berreskuratu ahal izateko. «Ezinbestekoa da lege koadroaren eboluzioa, itxoin gabe neurriak gaurdanik tokiko instituzio eta administrazioetan hartzea».

 

Frantziako Asanblea Nazionalean eta Senatuan eta Europako Parlamentuan lurraldeetako hizkuntzek «gero eta sostengu zabalagoa» lortzen ari direla nabarmendu du konfederazioak, eta salatu du Baionako suprefetak tokiko hizkuntza horiek «biziarazteko» egiten diren urratsak oztopatzen dituela.

 

Nabarmendu du prefeta eta suprefeta izendatu dituztenetik «euskararen kontrako jarrerak besterik» ez direla agertu. «Demokraziaren oinarri diren herri kontseiluen erabakiak» zalantzan ematen dituztela gaineratu du konfederazioak, eta herritarren gehiengoaren «aurkakoak» direla.

 

Segitu beharreko bidea

Uztaritzeri sostengu «osoa» adierazteaz gain, Euskal Konfederazioak dei egin die herri «guziei», Uztaritzek hartutako bidea segitzeko mezua pasarazi du, «joan den martxoan Batera-k euskarari buruzko galdeari baiezkoarekin erantzun duten 64 auzapezen herriko etxeekin hasiz».

 

 

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude