«Herria lanean jartzea da helburua, talde bat bezala»

Herriari euskal kohesio bat emateko eta segida baten menturan, Kabalkada Zintzarrotsak abiapuntu bat bezala ikusten ditu Joseba Aurkereneak, sortzen urruñarra den donostiarrak.

 

Nora Arbelbide Urruña

 

Joseba Aurkenerena. / Bob Edme

Joseba Aurkenerena. / Bob Edme

Bihar dute lehen hitzordua Urruñako Kabalkada Zintzarrotsek: 20:30ean, herriko plazan. Eta bigarrena, ekainaren 15ean, 17:00etan. Urte bateko lana eskatu duen proiektua da, 200 bat lagun elkartzen dituena. Lagun horietariko bat bezala aurkeztu du bere burua Joseba Aurkenerenak (Donostia, 1956). Auziaren testuaren idazketa lanetan aritu da, «talde lanean», azpimarratu duenez. Dantzatuko da ere bihar. Ufalari ere izendatua dute. Ofizioz irakasle da Aurkenerena, Irunen. Donostian sortu zen, eta duela hogei urte iritsi zen Urruñara, hautuz: «Ni euskalduna naiz. Orduan, Euskal Herrian nire etxean nago». Hogei bat liburu argitaratu dituen idazlea ere bada. Eta baditu gehiago bidean.

 

Zergatik zaizu garrantzitsua Kabalkada Zintzarrotsak bezalako proiektu batean parte hartzea?

Guztiz herritarra delako. Eta, gainera, sustraitua dago Euskal Herri umil eta langilean. Laborarietan, hemengo jende umilean. Bada ere bilatze bat. Garai bateko euskal zainen bilatzea. Euskal Herri umilaren bizimoduaz eta. Hori bilatu dute, eta hori islatu nahi dute Zintzarrotsa honetan.

 

Nahi dute ala «dugu» erran nahi duzu?

Bai, bai, nahi «dugu». Baina badakizu zer gertatzen den? Anitz garela. Eta orduan, guztia bideratzeko, Hazia eta Berttolik daramate proiektua. Zuzendaritza bat behar da, eta horiekin oso ondo bideratua da.

 

«Herritarra» zein zentzutan?

Dena dago finkatua herritarren harremanetan. Ikusi beharko zenuke errepiketan zer-nolako lagunarte polita dagoen. Hutsetik abiatu dena. Elkar ezagutzen genuen, elkar ikusten genuen, baina hor sortu da adiskidantza handi bat denen artean. Eta, gainera, alde guztietako jendea bada. Ideia politiko guztietakoa. Balioko du beste gauzak egin ahal izateko, nire ustez. Euskal kulturan, euskal gizartean finkatutako gauzak izan daitezkeenak. Lagunarte on bat finkatzeko balio izan du.

 

Zintzarrotsetan, Toberetan, kritikak izaten dira beti… zuenean?

Hemengo kritikak aski osasuntsuak izanen dira. Ez dute minik egiten.

 

Baina, orduan, ez da egiazko Tobera bat, ala?

Bai, bai, egiazkoa da. Hori da… maskarada bezala… Nola dagoen egina. Zein hitz erabiltzen den. Eta gurean hori dotoreziaz egin dugu, nire ustez. Kritikak badira, baina fineziaz. Ez dut uste norbaitek gaizki hartuko dituenik. Nehoren izenik ez da agertzen.

 

Joseba Aurkenerena. / Bob Edme

Joseba Aurkenerena. / Bob Edme

Zergatik zaizue inportanta dotorezia hori?

Gure helburuetako bat herria lanean jartzea baita, bat eginik, talde bat bezala. Ez genuen herriaren parte bat baztertu nahi. Abiapuntu bat da; horretarako ez genuen etsairik egin nahi. Segida bat izatea ere bada beste helburu bat.

 

Politikoa da ere hori, nonbait?

Soziala dela erran nezake. Politika hitza politikakeriarekin lotzen du jendeak. Alderdiekin eta. Horrelakorik ez dago hemen. Badago nahi bat, Urruña aitzina dadin, jarrai dezan euskalduna izaten. Gure nortasuna indartzea. Hori politika da, baina ez da politikakeria. Alderdiei lotu zerbait egin nahi izan bagenu, hauteskundeak baino lehenago egingo genuen. Indar bat gehiago emateko abertzaleei, adibidez. Agian boz gehiago lortuko genituen, agian falta izan zaizkigunak… Baina ez doa hortik. Ez da egina horretarako.

 

Euskaraz izateak badu garrantzia, ezta?

Herriari euskal kohesio bat emateko. Euskararen aldetik. Euskal gizarte baten aldetik. Hemen, kultur harremanak guztiz kolonialak ziren. Hemengo gauzak egiten dira, baina frantsesez. Hori da egoera kolonial bat. Horri aurre egiteko, bertako hizkuntzaz egin behar da.

 

Hogei urte dira Urruñan bizi zarela; herriaren bilakaera nolakoa ikusten duzu?

Nik uste dut hemen urteetan lan handia egin duten elkarteak badirela. Berttoli edo Herritarrak bezala. Urteetan erein dute, eta orain orduan ereindakoaren fruitua biltzen ari dira. Handitzen ari den elurrezko bola bat da. Gazteek euskaraz bizitzeko duten grina hor da. Lehenago, agian, herria euskaldunagoa zen, baina inkontzientea. Euskara galtzeko prest zeuden euskaldunak ziren.

 

Irakasle, idazle, Kabalkadarekin orain… ez dukezu aspertzeko denbora anitzik, ezta?

Nire bizitzan hiru ardatz ditut. Euskara, Euskal Herria eta independentzia. Hirurak lotuak daude. Herri honen independentziaren baitan sinesten dut. Politikoki ez dut ikusten beste irtenbiderik. Eta, gainera, mende honetan independentzia etorriko dela sinesten dudanez, lehenengo erdian edo horrela… orduan, izendegi berri bat ari naiz egiten. XXI. mendeko Euskal Herri independenterako izendegia deitzen da. Baditut 4.000 izen bilduak. Mutilenak, neskenak… Nondik datozen eta. Kaletik hartu ditut. Jendeak erabiltzen dituenak.

 

Batzuek pentsa dezakete: ez ote du beste egitekorik? Burutik jota zaudela edo…

Zuhurrak joango dira zerura, ezta? Gu, infernura… Baina infernuan, hor egongo dira erromeriak, sokatirak, fandangoak… Zeruan zer? Errezatzen? Aspertuak eternitate guztirako! [irriak].

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude