Plaza bereganatzen

Urruñan aspaldiko ohitura dute Kabalkada Zintzarrotsa, eta 150 bat herritar hori prestatzen ari dira hilabete hauetan, ekainaren 7an eta 15ean emateko.

 

Nora Arbelbide Urruña

 

Urruñako plazan larunbatean izan zuten errepika nagusia. / SYLVAIN SENCRISTO

Urruñako plazan larunbatean izan zuten errepika nagusia. / SYLVAIN SENCRISTO

Urruñako (Lapurdi) Kabalkada Zintzarrotsa hari bat baino gehiagoz osatu harila bezala ikus daiteke. Bada, alde batetik, bi aldiz ikusten ahalko den ikusgarri bat. Ekainaren 7an, 20:30ean, eta 15ean, 17:00etan, Urruñako plazan. Dantza, antzerkia, bertsoak, musika, kantua eta zaldiak bilduko ditu. Bada ere aritzaileen ikuspegia. 150 bat urruñar biltzen dituen egitasmoa da, jostunak barne.

 

Baina hori erratearekin, kasik, ez da gauza handirik errana. Baitago hor, lerroen artean hauteman daitekeen zerbait, larunbatean eman zuten errepika nagusiko giroan nonbait sentitu zitekeena. Familiak, lagunak edo ordu arte ezezagunak zirenak elkartzen hor, plazan. Kalakan, jostetan, elkarren artean trufan, edo zaldiei so. Bata nahasten dantza urrats batean, bestea irriz ondoan. Bata beldurtua zaldiak zaintsu ikustearekin; bestea zain, noiz joanen diren zaldi horiek behingoz, pilotan jostatu ahal izateko lasai.

 

Hazia eta Berttoli elkarteak eramaten duten proiektuan jokoan herri mailako zerbait dagoela ikus daiteke, agian. Beharbada doi bat harro daude urruñarrak, Urruñak horrelako bat ere egiten ahal duela erakutsi nahian, Gerard Urrutia proiektuaren eramaileetako batek baieztatu duenez, irria ezpainetan. Lekorne edo Baigorri gisa bereko proiektu bat prestatzen ari dira, eta berriki Irisarrik berea eman du. Urruñan ere izan baita ohitura bat aspaldian. 1947an azkena. Berpizteko gogo hori badute urruñarrek: «Agian gure ondotik besteek ere segituko dute. Nahi genuke hori naturalki egina izan dadin Urruñan ere».

 

Aritzaile batzuen arabera, badago ere nahikeria bat, euskal kultura Urruñan bizirik dela erakustearen beharrari lotua, haize zenbait kontrakoak izanagatik ere. Eta hori dena, euskaraz. Nahiz eta batzuek ez jakin, dela dantzan, dela antzerkian, dela musikan… guztien arteko hizkuntza nagusia euskara da.

 

Urruñak gaur egun kasik 9.000 biztanle ditu. Azkenaldian anitz emendatu den kopurua da, eta, bizkitartean, herri izaten segitu nahi duen xedea sentitu daiteke. Harremanak atxikiz, sortuz, hiri handiegi baten anonimotasunean erori gabe. «Iraultza ttipi bat», horrela deskribatu du proiektua Jean Marc Halsouet Xano-k. Musikari urruñarrak antzerkilariak laguntzen ditu ikusgarrian, soinu bereziak gehituz: «Euskal kulturan Hazia ari da aspaldian gauzak proposatzen. Baina, aldi honetan, alde guztietatik jendea heldu da parte hartzeko prest. Urruñar anitzen artean hain gauza polita bat eskaintzea iraultza ttipi bat da». Azken urte eta erdian astero izan diren errepikek gordetzen dituen iraultza ttipia.

 

Gero, bada ikusgarria bera ere. Juje, uxer, prokuradore, eta baita abokatu ere defentsarako. Toberen ohitura beretik Kabalkada Zintzarrotsak auzi bat irudikatuko du. Auziaren gaiak ez direla aitzinetik azaldu behar zehaztu du Urrutiak. Joseba Aurkenerenarekin idatzia du antzerkiaren testua, eta antzerkilariek berek ere beren gogoak eta ideiak eman dizkiete. Dantzak berak, ohiturazkoez gain, Celine Duperouk asmatuak ere badira. Kantuen aldetik, Eltzegorren zenbait oihartzun entzunen dira.

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude