Etxegarai eskuin, Iriart ezker eta Etxeto bien artean Baionan

Etxeto eta Parisko Ezkerreko Alderdia erasoan dira abertzaleen kontra; Etxegarai eta Durruti, berrezkonduak

 

Iñaki Etxeleku Baiona

 

. / Aurore Lucas

. / Aurore Lucas

«Ganibeta ukaldi bat bizkarrean ». Hala ikusten du Henri Etxeto sozialistak Jean Claude Iriart abertzalearen eta Serge Nogues Ezkerreko Frontekoaren arteko hitzarmena. Kexu da, Etxegarairen eta «eskuinaren aldeko jokoa egiten baitu» horrek, haren ustez. Ondorioz, zituen armak atera ditu. Bere zerrendan dituen Ezkerreko Fronteko komunistak, Alain Duzert CGTkoa buru, agiri bat zabaltzen ari dira Baionan abertzaleekiko akordioaren salatzeko.

 

Ez da horretan mugatu joera hori, Paristik, Jean Luc Melenchonen Ezkerreko Alderdiko buruzagitzak ere agiri bat bidali baitu, bere Baionako alderdikideen —Noguesekin direnak— hautua deitoratuz. Baiona 2014 zerrendaren «asmo nazionalistekin » ez duela bat egiten dio agirian. «Pirinio Atlantikoen zatitzea » ez duela onartzen. Ikastolen diruztatzea ere dute partida Melenchontiarrek: «Euskararen irakaskuntzaren diruztatze publikoaren kontra gara eskola pribatuetan».

 

Azken putarra Etxetoren alde, Jose Bove europarlamentari ekologistaren sostengua izan da.

 

Gaituzte ezkontarazi

Kontseiluan Jean Grenetekin izanagatik, ez dute kalapita guti erabili Jean Rene Etxegaraik eta Sylvie Durrutik, lehen itzulirako hautagaitzen mementoan. Samurtu ondoan, hara non igandeko bakoitzaren emaitzek behartu dituzten juntatzera. «Baiona eskuinean atxikitzeko», dio Durrutik. Zerbait kausitu du horrek negoziazioan. Bigarren da Etxegarairen gibeletik, lehen axuant gai gisa, eta bere zerrendako hurbileko hautagai kontserbadoreak toki onetan emanarazi ditu, hala nola Philippe Neys, Philippe Ezkapil- Intxauspe ala Marie-Helene Chabaud-Nadin. Hiri elkargorako postuetan, igualtsu.

 

Grenetekin eraman urteetako esperientzia dute argudio nagusia. Ageri da Grenetisten eginahala boz behar dituztela bildu, Etxegaraik berak hiru aldiz aipatu baitu Henri Grenet aita zena. Duen zerrenda «orotarikoaren» justifikatzeko, Etxegaraik behialako auzapezaren aipu bat badu: «Herriko bozetan alderdiko karta etxean uzten da».

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude