«Ene bizitzako urte hoberena dut»

Joana Hoki Maskaradako kautera

 

Zalgize-Iruritarren maskaraden aldi da aurten. Laborari bikotea eta kauter bat neskak dira. Herritarren arteko lana izan da, eta, bide horretatik, euskaraz ez dakitenek ikasi ere egin nahi dute.

 

Ainize Madariaga

 

Joana Hoki. / ALLANDE SOKARROS

Joana Hoki. / ALLANDE SOKARROS

Zalgize eta zalgiztarrak maite ditu. Laborantza Ingeniaritza ikasketak hautatu zituen herrian lan egiteko. Horregatik, Tolosarat (Okzitania) urrundu da. Orain, haatik, asteburu guztiz etxeko aldi da, maskaradetan parte hartzen baitu. Joana Hoki (Zalgize, 1992) neska bakarra da bost kauteren artean. Mozorroa kendu, eta maskaraden barrunbeak erakutsi ditu, herri ttipiek nesken parte hartzearen alde dituzten abantailekin batera.

 

Nondik jalgi zarete plazarat?

Zalgiztar eta iruritarrak lagun banda ona gara. Eta aspalditik gure biziei buruzko zerbait egin nahi genuen, irringarriak iruditzen baitzaizkigu. Sekula ez egiten, eta, gau batez, baietz; maskaradak eginen genituela. Gazteak zenbatzen hasi ginen: 45. Erdiek parte hartuko balute aski izanen ginela. Ondoko astean bilkura antolatu genuen, eta, horrela, iragan bedatsean baieztatu genuen gure aldi izanen zela aurten. Uda pasatu, eta larrazkena jin zelarik burumakur ginen, ez baikinen oraindik deusetan hasiak. Bazterrak amiñi bat harrotu genituen, eta azkenean, bai, aitzinerat. Dantzariok aspalditik trebatzen ari gara, pastoralari begira. Eta urrieta hondarrean gazte oro horretan jarri da: aitzina-pika, bralea- kontrapas… Karguak banatu ondoren, bereiz prestatzen hasi ginen: beltzak, dantzariak, xorrotxak… Abenduan elkarrekin. Orotarat, 30 bat parte hartzaile!

 

Hokipü,kauter eta neska…

Hokipü naiz, bortz kauteretarik neska bakarra. Ikastolako maskaradan jadanik kautera izan nintzen, eta maitatu egin nuen. Bertzeek ere laket ukan zuten egin nuena. Aldi honetan, hautatu naute euskara ere ematen baitut. Dudarik gabe. Karguak ez ditugu guk geure buruei eman, herriko zaharragoei galdatu genien egin zezaten; istoriorik ez ukaiteko. Dantzari gisa izendatu nindutenean, ordea, ez nintzen batere kontent. Baina, erran bezala, isilik egon nintzen errazte aldera. Orotarat hamar dantzari ginen, eta denak trebatzen ginen jakinez bortz baizik ez zirela pasako, baina jakin gabe nor. Bertze gazteak ziren kexatu baizik eta nik kauter behar nuela. Zioten euskara ematen nuela frantsesa baino hobeki. Baina zaharragoek ihardetsi zieten ez nuela bozik…Ororen buru, kexatu dira, baina kauter egin ninduten. Dantzari faltagatik, bai, baina badakit, erran ez badute ere, neska naizelako ez nindutela kauter nahi.

 

Eta nolakoa behar du kauterak?

Ez du lotsa izan behar kaparretan jauzi egiteaz, apetan egoteaz… Eta ahalaz euskara eman behar du. Dantzariak onak behar dira maskaradan, eta aldi berean buhame eta kauterek euskaldunak izan behar dute. Haatik, ez gara anitz; ez da batere aise izan. Zaharragoei galdetu diegu, beraz, xorrotxak kantari trebeak, dantzariak onak, kautera eta buhameak euskaldunak izendatzea. Halarik ere, kauteretan bada bat euskalduna ez dena. Entseatzen da, baina ez da aise beretako. Bertzalde, buhameetan ere batek ez du batere euskararik ematen, ez eta ulertzen ere. Baina izugarri irringarria denez, hor arrarazi dugu. Euskarazko hitz zerrenda bat eman diogu, arrunt ikasi duena; zinez ontsa. Eta beharbada bigarrena ere emanen diogu. Eta zergatik ez, gero, AEKra ere igorriko!

 

Maskarada,euskara akuilatzaile?

Lau edo bortz zinez penatuak dira euskara ez baitute ematen. Eta aipatu dugu herritarren artean AEK ttipi baten plantan ezartzea. Laster, gainera, pastorala ere heldu da. Gure artean egin nahi dugu, baina noizbait irakasle on bat, egiazkoa jinaraziz. Aspaldikoa da ideia; maskarada baino lehenagokoa. Baina egia da maskaradaren eta pastoralaren artean zinez momentu egokia litzatekeela. Jende horiek sentitu egin dute domaia zela euskaraz ez jakitea. Justuki, arratsalde batez Emmauserat abiatu ginen maskaradarendako pusken bila, eta bortz lagunetarik bakarra zen erdalduna. Aitortu zigun zinez dolu zela euskaraz ez jakitea. Horrela, egiazko antzerkilari onak diren lagun batzuek ez dute parte hartzen.

 

Nola bizi duzue bereizketa hori?

Beti kexatzen gara. Gure betiko eztabaida da. Erdiak euskararen kulturaren aldekoa dira; bertzeek, aldiz, euskarak ez duela deusetako balio irizten diote. Horietarik batek «Baskoi! Baskoi!» erraten digu, irri egiteko, ez gaiztoki. Behin, horrek berak, mozkorturik, aitortu zidan: «Joana, beti baskoi erraten dizut, baina badakizu bekaizti naizela?». Sinesten ditut dolu direla, eta badakit gordetzen direla «baskoi, baskoi» horren gibelean. Bertze batzuk, aldiz, zinez futitzen dira. Ni kontent naiz, nahiz eta beti kexatzen garen, izugarri lagunak garelako. Eztabaida sutsutik landa, bortz minuturen buruan berriz irriz hasten garelako. Gau eskola eginez gero, badakit zenbait jinen dela ikusirik goxatzen garela euskaraz eta ez dela terrorista afera bat. Herri ttipian beti haiek bezala pentsatzen denekin gelditzen denak ez ditu bertzeak ezagutzen. Ez dira «baskoi!, baskoi!» diotenekin sekula nahasiko. Alta, herri ttipietan herriko jendearekin egotea zinez inportantea dela uste dut; gauzak elkarrekin egitearena, antzerki baten egitearena, adibidez. Bide horretatik dira gauzak aitzinarazten. Ez gara orotan ados, baina elkarrekin zenbait gauzaren egiten heltzea da ederrena!

 

Hokipü nolakoa da?

Naizen bezalakoa da. Jostatzen naiz. Ez dut errola bat hartzen. Ez dut kalkulatzen. Gure herrian, uroski, mutikoak ez dira basa eta borrokalariak. Hastapenean, halere, lotsa nintzen mutikoen artean: Pitxuren erasoez, neska naizelako erasotzen didalako. Entseguetan beti hola ari izan da; gero, igandean ez sobera. Ahal bezala babesten dut ene burua: ironiarekin hartzen dut, eta ahal dudalarik mendekatzen naiz mutikoei buruz. Mutikoak bezalakoa naiz, baina neska bat izanez, eta neska bat bezala egoten naiz, horiek baino basago jokatu gabe.

 

Hokipü nolakoa da?

Naizen bezalakoa da. Jostatzen naiz. Ez dut errola bat hartzen. Ez dut kalkulatzen. Gure herrian, uroski, mutikoak ez dira basa eta borrokalariak. Hastapenean, halere, lotsa nintzen mutikoen artean: Pitxuren erasoez, neska naizelako erasotzen didalako. Entseguetan beti hola ari izan da; gero, igandean ez sobera. Ahal bezala babesten dut ene burua: ironiarekin hartzen dut, eta ahal dudalarik mendekatzen naiz mutikoei buruz. Mutikoak bezalakoa naiz, baina neska bat izanez, eta neska bat bezala egoten naiz, horiek baino basago jokatu gabe.

 

Laborari bikotean, biak neskak, jende guti izatearen abantaila?

Historia luzea izan da guretzat. Bazen laborari gizona, baina, buhameak aski ez zirenez, buhame egin zuten. Orduan, laborari bikotean gizona zen eskas. Bi karguetarako prestatu zen orduan; laboraria eta buhamea izateko, gainera erdalduna. Neska bat proposatu genuelarik, sekulako eskandalua izan zen. Kauteretan jadaneko neska bat bazela, orain gainera bi laborariak neskak?! Ezinezkoa zitzaien! Egutegiak aintzira jotzen zuenez, eta buhameak laborariak baino garrantzitsuagoak baitira maskaradan, azkenean, onartu egin zuten.

 

Zer da zuretzat maskarada?

Anaiak zioen, une zailetan, bizitzako urte hoberena izanen zela. Eta egia da, sekulako harremanak sortzen baitira herritarren artean. Herriz herri kurritzean, sekula ezagutuko ez nituenekin elekatzen naiz. Plazera da, zinez. Ttipiei begira ere, ezinbertzekoa da gu euskaraz aritzen ikustea normaltasunean. Ber denboran haien integratzeko parada ere bada, nahiz gazteak garen ondokoei bidea ireki behar diegulako.

 

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude