Maskapean, neskak

Batzuetan, pertsonaia bera,maska bera, baina neskak jantzia; besteetan, neskak desberdindurik, arropa tarteko, baina gizonen pare; eta beste batzuetan, oraindik plaza debekaturik, eremu publikoaren eta emaztearen arteko harremanen ispilu dira inauteriak.

 

Nora Arbelbide Baiona

 

Donibane Garaziko Libertimenduan,Xaindiak eta Bolantak leku bera dute plazan; dantza berak ematen dituzte,Xibandiarrak ez ezik. ERIC TAILLEFER

Donibane Garaziko Libertimenduan,Xaindiak eta Bolantak leku bera dute plazan; dantza berak ematen dituzte,Xibandiarrak ez ezik. ERIC TAILLEFER

Beharrik hor dira neskak, bestenaz ez liteke deus izanen». Horra zer entzuten duten usu Ezpeletako Ezpela dantza taldekoek Kaskarota gisa etxez etxe dabiltzalarik inauterien karietara, taldeko Virginie Ipharragerre lekuko. Kaskarot gehienak neskak baitira gaurko egunean: «Pixkanaka- pixkanaka sartu dira neskak, taldean mutiko gutxiago baitziren. Herriko mutikoak ez ziren baitezpada kaskarotetara heldu. Ez ziren serioski heldu, ez zuten segitzen». Neskek ez balute hartu lekukoa: «Arrunt galtzekotan zen errituala», Ipharragerreren ustez. Kritikak entzun izan dituzte, kaskarotak mutilak direlakoan, baina hori «denetan bezala» da. «Memento baten buruan, batzuk ez badute hartzen, ez da deus egiten gehiago. Ni segur naiz Ezpeletan galduko zela. Espero dut lotuko direla gazteak».

 

Beharrik ez izatea, hori dute emazteak ez onartzeko arrazoietako bat Hazparneko joaldunek, taldeko Michel Ospitalek esplikatu duenaz. Emazte batek sartu nahi zuen elkartean, baina, ezezkoa ukanik, Amikuzeko joaldunetan sartu zen. Amikuzen, joaldunak hogei dira, horien artean hamabost emazteak. Errefusa horretaz: «Behar da jakin nola interpretatua izan den istorio hori», erlatibizatu nahi izan du Ospitalek, ez dela oroitzen horrelakorik izan denik. Baina debekatua badela, bai, berretsi du. Zergatia taldearen sorreran datza, duela 25 urte: «Zergatik aldatu aski gizon harrapatzen delarik? Galiar menderaezinak izanen gara beharbada, basak, neskak ez baititugu hartzen. Baina horrela deliberatu izan da denen artean. Eta orainokoan horrela izanen da». Iturenen, joaldunen sorlekuan, neskak baitira joaldunen artean.

 

Behar edo ez behar kontu horrekin segituz, Maialen Larrorik azpimarratu du Zuberoan, maskaradetan, gero eta neskatila gehiago badela. «Beharra bada. Gizonak berak ez dira aski. Gero eta gaitzagoa da maskaradaren plantatzea. Behar da gazteria ukan. Kargu handienek behar dute euskara jakin». Aurtengo maskaradan Xorrotxa da Larrori: «Neskatilak ez baziren ari, ez zitekeen aski Zalgizen maskarada baten plantatzeko».

 

Duen arranguretako bat boza urrunetik entzunaraztea du Larrorik. Eta horrek esplika dezake Kabana Handi gizona izatea, «gizonen boza urrunagotik entzuten baita». Baina gero, beren artean, mutil edo neska, desberdintasunik ez dela dio Larrorik.

 

Maskaradako Xorrotxak neskak dira azken urte hauetan. BOB EDME

Maskaradako Xorrotxak neskak dira azken urte hauetan. BOB EDME

«Nik uste dut ez duela garrantzirik biologikoki zer garen, inauteritan jokatzen dugunean mozorro bat. Ez du axola benetan zakilik dugun ala ez dugun, baizik eta gure pertsonaia horrek baldin badu, ba, izango bagenu bezala jokatzea, eta ez badu, ba, jokatuko da izango ez balu bezala. Eta kasu gehienetan, tradizioan, mozorroek ez dute generorik», deritzo, bere aldetik, Oier Araolaza Dantzan.com-eko kideak. Oharrarazi du, bide batez, Maskaradetan neskek rol batzuk berenganatu badituzte ere jantziak ez dituztela aldatu.

 

Baina, adituen artean, badira ere desberdinki pentsatzen dutenak. Thierry Truffaut antropologoaren ustez, adibidez, garrantzitsua da kontra zentzurik ez egitea. Zamaltzainak irudikatzen duen zaldiaren zikiratzea antzezten dutela Khestuek, Zamaltzaina neska bat izatea, kontra zentzua dela dio. Berdin hartzarekin. «Iratzartzen da lurra fertilizatzeko. Emaztea bada, sistema osoa da zapuzten. Fantasmatzen ahal da, baina koherentziak atxiki behar dira». Birilitate hori dela eta, Kabana Handi ere ez duela emazte batek irudikatzen ahal deritzo: «Eta hori agian emaztearentzat santza bat da. Gizonen matxismo desero so hori berriz errekuperatzeak ez dut uste baduen interesik».

 

Tradizioa tradizio, zehaztekoa da ere, nonbait, betidanik ere izan direla moldaketak. Maskarada berriz aipagai, une batez Kantiniersarengana doa Pitxu, horren zikiratzeko, baina horrek ez duela koskoilik badakite denek, eta irri egiteko aitzakia bilakatzen da. Kantiniersa luzaz mutil batek du antzeztu, kontra zentzu bat sortuz, baina moldatzen ziren iduriz.

 

«Ama-Thatcherrak» badira

«Kontua ez da gizona ustela dela eta emaztea saindu bat», nabarmendu du Truffautek. «Baina orokortasun batetik begiratuta, halere, gerla, bortizkeria, gizonen aldean dago, emazteen aldean baino gehiago. Beharbada arduradun garrantzitsuenen artean emazte gehiago balira —emazteak amak ere baitira, semeak hiltzera bidaltzea zer erran nahi duen baitakite—, gerlen beste ikuspegi bat eman zezaketen. Baina gero, egia da ere emazteen artean ama-Thatcher batzuk badirela».

 

Haren iduriko, gaurko neskek beren garaiei dagozkien erritualak asmatu behar dituzte, denborarekin tradizio bilakatuko direnak.

 

Berena sortzea; emazteek beste bide bat hartu eta beste tradizio bat sortzea. Arantxa Lannes uztariztarrak dio ideia hori izan daitekeela egokia. Halere, argi utzi nahi izan du azken urteetan Uztaritzetik urrundua dela eta, ondorioz, gaiari atzerapen batekin begiratzen diola. Kontua da Uztaritzeko Kaskarotak bakarrik gizonak direla eta emazteei lekurik ez dietela uzten.

 

Maskak, sexu biologikoa baino haratago joateko aukera. M. A.ELKOROBEREZIBAR

Maskak, sexu biologikoa baino haratago joateko aukera. M. A.ELKOROBEREZIBAR

Izana dute eztabaida herrian. Neska batzuek nahi zuten Kaskarotetan hasi, beste batzuek ez baitezpada. Eta, mutilen artean ere, baziren arrunt alde zirenak eta arrunt kontra. Eztabaida horretan gelditu zen, besterik gabe. Hortaz, azken 300 urteetan bezala Kaskarotak etxe kurri abiatuko dira aurten ere, sinbolikoki, udaberria ekarriko dutela etxeetara. Armadara joateko adinean ziren mutilen plaza hartzeko manera bat ere izana da luzaz errituala. Eta, bide batez, etxeetako neskak begiratu modu bat ere bai.

 

Tradizioa aipagai, Maskaradako Branlea dantzak ere bazuen horretarik. Maskaradak bisitatzen zituen herrietan, tokiko neskak borobilean dantzan hartzera gonbidatuz, nonbait, bikotekidea bilatzeko aukera.

 

Lannesek ez du baitezpada gaizki bizi Kaskarotetan ez aritzea: «Gure arbasoena zen, eta horrela sartu da gure ohituretan. Ez nuen gure kontra zen zerbait balitz bezala bizi, baizik eta instalatua zen zerbait balitz bezala», nahiz eta aitortu taldeko mutilen artean «matxistak» badirela. Kaskaroten bazkariko zerbitzua taldeko neskek egin behar izaten baitute. Hori ezin soportatua zuela dio. «Baina dantza kontu, nahiago gure nortasun bat atzematea. Gure gauza sortzea». Buruz behera sorkuntza muntatu zuten, duela pare bat urte, Lannes koreografo. «Emazteei lotu klitxeteekin jostatuz», nortasun baten bila. Inauteriei lotu biziaren ziklo hori ordena zangopilatzeko ideia ere bazuen ikusgarriak. Ez da tradizio bilakatu, baina saioa egin da, eta entseguak eginez, tronpatuz, horrela dela aitzinatzen ere argi du Lannesek. Bada ere ikaste kontu bat. Plaza hartzeko, dantzak jakin behar dira. Gaurko egunean, dantza talde gehienetan, bereziki zazpi probintzietako dantzak ikasi behar direnetan taldeak bitan zatitzen dira. Karikatura bultzatuz, zango altxatze eta makil dantzekin mutilak, eta gaineratekoak neskek.

 

Ezpeletako kaskarotak etxe kurri. MARINA MALOT

Ezpeletako kaskarotak etxe kurri. MARINA MALOT


Dantzak irakasteko parioa

Dantza ez bada ezagutzen, zaila plaza hartzea; dantza dakienari plaza debekatzea zailago, agian. Ehunka ideiaren artean, Antton Lukuk plazaratu berri duen Libertitzeaz (Pamiela) liburuan: «Argi utzia delarik libertimendua ez dela ausatze huts, jendartean egituratze funtzioa baduela eta horren mintzoa esparru sozio politikoaz ari dela, begi bistakoa da neskak dantzan ariko direla orai», zehaztua duela, irakaskuntzaren premia azpimarratzen du: «Lehen trabes ekonomikoa zeukan mutikoak eta neskak bi bide ezberdinetik hazteak, sexu bakoitzaren jakintzak bizia segurtatzen zuen bere moldean. Orain ikasketa berak egiten ditugularik, gorputz heziketa bera eskatzen dugularik alaba edo semearentzat, biek dantzari curriculuma bera ez izatea deusek ez du justifikatzen, berehala ezabatuko ez den gustu estetiko batetik kanpo ».

 

Donibane Garaziko Libertimenduan, hain zuzen, Xaindia pertsonaia irudikatzen dute neskek. Bolanten pare. Jantzi aldetik, hori bai, generoa bereizteko hautua egin dute. Dantzen aldetik, delako ikaste kontu horren adibide zehatz bat da tokiko Garaztarrak dantza taldekoaren ibilbidea. Luzaz Euskaldunak Sorginak ez zituzten ematen neskek. Baina azken aldietan bai. Dantzak ontsa ikasirik, ez zela arrazoirik ez emateko. «Eta zinez maite ditugu dantza horiek», azpimarratu du taldeko Anita Falxak. Xibandiarrak, berriz, bakarrik mutilek dituzte ematen. Faltxak dioenez, neskek ez dute nahi dantzatu: «Ez dugu gustukoa». Akigarria zaie, entrexanta gehiego, «fisikoki iraun behar da». Eta funtsean, mutilek ere ez dutela beti gogo onez dantza hori ematen zehaztu du. Baina kondizioa landuz egingarri dela argi du, haatik. Ez du baztertzen noizbait horri lotzea ere.

 

 

 

 

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude